Zenbait hedabidek, erakundek eta enpresak X utzi dute Musken sare sozialari buruzko eztabaida areagotuz
Zenbait komunikabide, erakunde, enpresa, erakunde eta politikarik X utzi dute azken orduetan, eta horrek Elon Musk handi-mandia buru duen sare sozialari buruzko eztabaida piztu du. The Guardian Erresuma Batuko egunkariak eta La Vanguardia Kataluniako hedabideak X utzi behar dutela iragarri dute.
Eragin handiko beste profil batzuek ere, hala nola Jamie Lee Curtis aktoreak eta Don Lemon kazetariak, plataforma uztea erabaki dute, Donald Trump AEBko hauteskundeetan gailendu ostean, sare sozial horrek eskuin muturra sustatzen duela argudiatuta eta Elon Muskek, sarearen jabeak, presidente hautatuarekin duen harremanagatik kezkatuta.
Wired-ek azaroaren 8an jakinarazi zuen, sare sozialaren erabiltzaile ohiekin izandako elkarrizketak aipatuz, Taylor Swift abeslariaren jarraitzaileek ere plataforma utzi zutela hauteskundeen ostean, Musken jabetzapean, X "infernu" bihurtu dela argudiatuz.
Diputatuen Kongresuko korridoreetan gaiari buruz galdetuta, Yolanda Diaz Espainiako Gobernuko bigarren presidenteordeak esan du "gai eztabaidagarria" dela. "Nik neuk beste sare alternatibo batera pausoa eman dut, baina, aldi berean, Twitterren mantentzea erabaki dut. Ez daukat erantzunik ", erantsi du. Hala ere, bere alderdiak, Sumarrek, Blueskyrekin bat egingo duela iragarri du, baina Xen "denbora bat" argitaratzen jarraituko duela zehaztu du, "gure mezua helarazteko eta eskuinaren eta eskuin muturraren buloak gezurtatzeko".
"X utzi behar al da? Oso errespetagarria iruditzen zait jarrera indibidual gisa egitea, baina jarrera politiko gisa akatsa dela uste dut", adierazi du Pablo Iglesias Podemoseko buruzagi ohi eta Espainiako Gobernuko presidenteorde ohiak. Iglesiasen ustez, "toxikotasunez betetako" sare soziala da, baina "politikoki, eraginkorragoa da aurre egitea".
Alberto Garzon Kontsumo ministro ohi eta Izquierda Unidako buruzagi ohiak ere horren inguruan hitz egin du: "Askotan pentsatu nuen sare sozial hori -eta beste batzuk- uztea, eta hori egingo banu, pertsonalki askoz hobeto biziko nintzatekeela ondorioztatu nuen. Hala ere, eztabaida politikorako espazio bezla, pribatua eta itsusia izan arren, erabili egin behar dela uste dut. Gure mezuak existitu egin behar du".
"Ni ez naiz hemendik joango. Ez diot borrokatzeari utziko. Badakit nire bizitza askoz hobea izango litzatekeela sare hau utziko banu. Baina nire aldarrikapenak nire bizitza baino garrantzitsuagoak dira. Beraz, hemen jarraituko dut. Ez dut espazio hau intoxikatzen edo difamatzen dutenentzat soilik utziko", adierazi du Oscar Puente Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko ministroak.
Europako Batzordeak Xen jarraituko du
Bestalde, Europako Batzordeak gaur esan du "aktibo" jarraituko duela X sare sozialean. Hala ere, joan den udazkenean publizitate-kanpainak bertan behera utzi zituela zehaztu du, desinformazio-arriskuaren aurkako neurririk ez dagoelako sare horretan.
"Europako Batzordeak bere esku dituen sare sozialak erabiltzen ditu Europaren bihotzean dauden gaiei buruz komunikatzeko funtsezko entzuleengana iristeko. X aktibo duen 15 sareetako bat da", azpimarratu du Thomas Regnier Ekonomia Digitalaren bozeramaileak, Bruselan emandako prentsaurrekoan.
Horrela, Regnierrek baieztatu du Europar Batasunaren jarrera sare polemikoan jarraitzea dela, baina The Guardian-en eta La Vanguardia-ren erabakiaren ondotik "oharrak hartu" dituela eta "iruzkinik egingo ez" duela gaineratu du.
"Dena zaintzen dugu, aldiro-aldiro azterketa egiten ditugu, eta beste plataforma batzuetan beste kontu batzuk ireki ditugu", gogorarazi du Regnierrek, Batzordeak Blueskyn edo Mastodonen dituen profilei erreferentzia eginez, EBko zerbitzuek sareen bilakaerari "adi" jarraitzen diotela azpimarratzeko.
St. Paulik alde egingo du
Aitzitik, St. Pauli Alemaniako Bundesligako futbol taldeak X sare soziala utziko duela iragarri du, bere jabe berria, Elon Musk, iritsi zenetik "gorrotoaren plataforma" bihurtu delako, baita otsailaren 23an Alemanian egingo diren hauteskundeetan sare horrek izan dezakeen eraginagatik ere.
"Pentsatzekoa da Xek eduki autoritarioak, ankerrak eta eskuin muturrekoak ere bultzatuko dituela Bundestagerako hauteskundeen kanpainan, eta diskurtso publikoa manipulatuko duela", ohartarazi du St. Paulik.
"Abusu politikoa", Xen funtsezko ezaugarria
Bederatzi herrialdetako datuekin egindako eta gaur Nature Communications aldizkari zientifikoan argitaratutako ikerketa batek iradokitzen du X sare sozialeko "abusu politikoa" fenomeno globala eta orokorra dela, eta alderdiaren arauetatik aldentzen diren pertsonak arerio politiko gisa tratatzen dituela berehala.
"Abusu politikoa komunikazio politikoaren funtsezko ezaugarria da X plataforman, ezkerrekoa zein eskuinekoa izan", ondorioztatu du ikerlanak.
Hala eta guztiz ere, komunikazio-adituek zalantzak dituzte X uztea erabaki egokia ote den, albiste faltsuak zabaltzeko aukerak libre utziko lituzkeelako. Orain Elon Musken sarean presentzia izatea hedabideentzat "hutsala" dela ere esan dute.
Ramon Salaverria Nafarroako Unibertsitateko Kazetaritzako katedradunak adierazi duenez, 2006an Twitter gisa sortu zen plataforma uztea "zentzuzko" erabakia izatea zalantzan jarri du, desinformazioak "erabat kutsatuta" geratuko litzatekeelako.
Sare sozialetan eta desinformazioan aditua den beste bat, Carmela Rios kazetaria, bat dator Salaverriarekin esatean plataforma horiek gaur egun ez direla "trafikoa erakartzeko modu ona" komunikabideentzat, baina bide horri atea ixtea "negatiboa" izango litzatekeela ere defendatzen du.
Kazetariak sareak arautzeko beharra azpimarratu du. Riosen ahotan, sinestezina da Xen "legez debekatuta dauden ideologiak goratzea, hala nola nazismoa edo faxismoak" eta "ikus-entzunezko zerbitzuen arau guztiak egunero urratzen dituen konpainiaren inpunitatea".
Zure interesekoa izan daiteke
Jendetza bildu du Korrikak Maulen
Lurraldeko eta hiriburuko hainbat elkarte eta herriko etxe ikusi ditugu parte-hartzen, hala nola, Sohütako pastorala, UEU, Palestinaren aldeko elkartea, Pitxu gaztetxea, Xiberoko Botza eta beste hainbat. Handik Nafarroa Beherea alderako bidea hartu du. Gaueko 22:00 pasata sartuko da lurralde hartan Aiherratik.
Pertsona bat erietxera eraman behar izan dute Baionan gertatu den sute baten ondorioz
Sua 14:15ak inguruan piztu da garra Baiona Tipiko Kupelgileak karrikako eraikin batean. Suhiltzaileek eraikina hustu dute bertaratu orduko. Hirugarren solairuan zegoen gizonezko bat larrialdi zerbitzuen laguntzarekin atera behar izan dute eta Baionako erietxera eraman dute kea arnastuta. Garrak itzali badituzte ere, auzo guztiko elektrizitatea eta gasa moztu dituzte, prebentzio neurri gisa. Eraikinak kalte ugari izan ditu eta bere egoera hurrengo orduetan aztertu beharko da. Bizilagunek gaua etxetik kanpora igaroko dute.
Atharratzetik abiatu da 24. Korrika, festa giroan, pizkundearen akuilu izatea xede
AEK-ko kideek eta Zuberoako euskalgintzan erreferente den Oihana Larrandaburu Goñi atharraztarrak eman diote hasiera lasterketari. Euskal Irratiak sareko kideak izan dira lehenak lekukoa eramaten. Bilbon amaituko da, martxoaren 29an, igandez.
Euskal jatorriko 114.400 pertsona atzerrian bizi dira, duela urtebete baino % 5,5 gehiago
Gehienak Amerikan bizi dira, Argentinan zehazki, INEk urtero argitaratzen duen Atzerrian bizi diren espainiarren erroldaren (AEE) arabera.
32 urteko emakumezko bat zauritu da Iruñean, ibilgailu batek harrapatuta
Ezbeharra 07:32an gertatu da, Arrosadia auzoan. Emakumeak kolpe ugari jasan ditu, hortaz, Iruñeko Unibertsitate Ospitalera eraman dute, pronostiko erreserbatuarekin.
Trafikoa bere onera itzuli da A-8an Irun parean, baina auto-ilara txikiak oraindik daude Kantabriarako noranzkoan, Abanton
Zubiaren hasieran trafiko-eragozpenak izan dira A-8 autobidean.
Furgoneta-gidari bat zauritu da A-1 errepidean, Asparrenan, errepidetik atera eta bazter-babesaren aurka talka eginda
Istripua ostegun honetako 08:45ean jazo da. Zauritutako gidaria ospitalera eraman dute.
Albiste izango da: Korrikaren hasiera, Ekialde Hurbileko azken ordua eta Europako Kontseiluaren bilera
Gaurkoan Orainen albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
Atharratzetik Bilbora, Korrikak euskararen paisaia guztiak zeharkatuko ditu
Euskararen aldeko ekimenak hizkuntzaren errealitate guztiak zeharkatuko ditu 11 egunez eta 10 gauez. 2.175 kilometro inguru egingo ditu Korrikak eta 460 herritatik igaroko da. ETB On plataformak etenik gabe jarraituko du ibilbidea, eguneko 24 orduetan.
ELAk adierazi du CCOOko kide batzuek euskaldunen hizkuntza eskubideen aurkako kanpaina abiatu dutela
ELAk adierazi du bat datorrela AEKrekin, Korrikaren antolatzailearekin, eta babestu egin du CCOOren zuzendaritza lasterketatik baztertzeko erabakia. ELA sindikatuak “euskararen aurka antolatutako kanpaina” baten parte izatea leporatu die CCOOko kide batzuei, eta, zentzu horretan, erabat "koherentea" iruditzen zaio Korrikan parte ez hartzen ez uzteko erabakia hartu izana.