Donostia
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Espainiako Gobernuak desblokeatu egin du Loiolako kuartelen salmenta

Trantsizio Energetikorako Ministerioak onartu egin ditu Donostiako Udalaren alegazioak, eta, horrenbestez, 1.700 etxebizitza eraiki ahal izango ditu lursail horietan. Goia alkateak adierazi du berriro aktibatuko dutela bertan behera utzitako hitzarmena, eskriturak "ahal bezain azkar" sinatzeko.
Loiolako kuartelak. EFE
Loiolako kuartelak. EFE

Espainiako Gobernuak desblokeatu egin du azkenean Loiolako kuartelen lursailetan (Donostia) auzo bat eraikitzeko operazioa eta 20 metrotan ezarri du babes lerroa, Udalak eskatu bezala.

Aitor Esteban EAJk Kongresuan duen diputatuak iragarri duenez, Trantsizio Ekologikorako Ministerioak Udalaren alegazioak onartu egin ditu itsasertzaren muga-lerroaren auzian, eta horren ondorioz, gauzatu ahal izango da lur horietan 1.700 etxebizitza eraikitzeko plana.

Hain zuzen ere, muga-lerroa 20 metrotan ezartzea onartu du Espainiako Gobernuak, Udalak nahi zuen bezala, eta ez 100 metrotan, Itsasertzetako Zuzendaritza Nagusiak nahi zuen gisara. Horrenbestez, Udalak Urumea ibaitik 20 metrora eraiki ahal izango du auzo berria.

Auzia ebaztea ezinbestekoa zen lursailak Udalaren esku gera zitezen akordioa gauzatu ahal izateko.

Udalak eta Espainiako Gobernuak 2023ko urrian adostu zuten kuartelak saltzea, eta, ondorioz, hiriak 73,3 milioi euro ordainduko ditu 17,5 hektareako lurren truke. Alabaina, akordioa izoztuta zegoen, Trantsizio Ekologikorako Ministerioaren ebazpenaren zain.

"Egun garrantzitsua da gaur", adierazi du Aitor Estebanek, eta auzi honetan Eneko Goia Donostiako alkateak "urte luzez" lan egin duela ekarri du gogora.

EAJren bozeramailearen hitzean, Espainiako Gobernuaren eta Donostiako Udalaren arteko akordioak "konponbidea" eman dio "hiriko arazo larrienetako bati", 1.700 etxebizitza eraiki ahal izango direlako. "Gauza asko desblokeatu behar ziren, eta lortu egin da", azpimarratu du.

Marisol Garmendia Espainiako Gobernuak Euskadin duen ordezkariak ere albiste ontzat jo du Espainiako Gobernuaren baiezkoa, eta txalotu egin du "donostiarrentzako operazio garrantzitsuenetako batek" onespena jaso izana.

Eneko Goia Donostiako alkatearen ustez, berri "pozgarria da" eta bertan behera utzitako hitzarmena "ahalik eta azkarren berraktibatuko" duela jakinarazi du Udal Gobernu Batzordeak, Loiolako kuartelen salerosketaren eskriturak sinatu ahal izateko. 

Erabakiak bide horretan zuten "beste izapide bati ondo aurre egin" zaiola jakinarazi du Goiak. Behin Udalaren esku gelditzen denean, militarrek 4 urteko epea izango dute instalazioak uzteko. Alkateak adierazi du, halaber, tarte horretan Udala "planifikazio lanetan" arituko dela.

Zure interesekoa izan daiteke

Marcha antirracista



EUROPA PRESS

21/3/2026
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Arrazismoaren aurkako martxa batek "faxismoaren gorakada" eta "zigorgabetasuna" salatu ditu Bilbon

Arrazagatiko Diskriminazioa Ezabatzeko Nazioarteko Eguna dela eta, ehunka pertsonak bat egin dute larunbat honetan Arrazakeriaren aurkako Bilboko M21 Asanbladak deitutako manifestazioarekin. "Faxismoaren gorakada" salatu, eta "talde neonazi eta supremazisten" jarduera eta diskurtsoen "zigorgabetasunaz" ohartarazi dute. 12:00ak jota zirenean hasi da martxa, Mariaren Bihotza plazan, eta San Frantzisko kalea Zabalbururaino zeharkatu eta gero, Bilboko udaletxearen aurrean amaitu da, manifestu bat irakurrita.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X