47 urteko gizon bat atxilotu dute Ermuan, anaia sastatzea egotzita
Erasoa 06:00ak aldera gertatu da, San Pelaio auzoko etxebizitza batean. 46 urteko biktima larri eraman dute ospitalera, gorputzeko hainbat lekutan zauriak baitzituen.
Ertzaintzak 47 urteko gizonezko bat atxilotu du gaur Ermuan (Bizkaia) hilketa saiakera egotzita, anaiari labanaz eraso baitio. Biktima, 46 urtekoa, larri eraman dute ospitalera.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ohar bidez jakinarazi duenez, erasoa goizeko seiak aldera jazo da. Ertzaintzari San Pelaio auzoko etxebizitza batera joateko eskatu diote, arma zuriz egindako erasoa gertatu baita.
Bertaratutako agenteek erasoaren ustezko egilea aurkitu dute etxebizitzara sartzeko eskaileretan, eta bertan atxiki dute.
Ondoren, etxe barrura sartu dira, eta sukaldetik gertu topatu dute beste gizona, lurrean botata, odol artean. Biktimaren egoera ikusita, anbulantzia bat eskatu dute, eta agenteetako bat biktimaren zauriak presionatzen geratu da osasun langileak heldu arte.
Zauritua larri eraman dute Donostiako Ospitalera. Lepoan, toraxean, saihetsetan, sorbaldan eta beso batean zituen zauriak.
Ertzaintzak etxebizitzan aurkitu du erasoan erabilitako labana, eta atxikitako gizona, biktimaren anaia, atxilotu egin du. Atxilotua Eibarko ertzain-etxera eraman dute, eta epailearen esku utziko dute eginbideak bukatu bezain pronto.