Trafikoa bere onera etorri da N-1 errepidean, bi kamioiren arteko istripuak auto-ilara luzeak eragin ondoren
Gasteizko noranzkoan izan da istripua, eta errei bat itxita egon da ia bi orduz. Behin ibilgailuak bidetik erretiratuta, pilaketak arintzen hasi dira.
Arratsalde korapilatsua izan da, beste behin, N-1 errepidean. Bi kamioik elkarren kontra jo dute Villabona parean, eta ondorioz, sei kilometrorainoko auto-ilarak sortu dira, Gasteizko noranzkoan.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, 16:00ak inguruan izan da istripua, eta erreietako bat itxita egon da ia bi orduz. Garabi baten laguntzarekin, bi ibilgailuak bidetik erretiratu dituzte, eta egoera poliki poliki arintzen hasi da.
Ilarak A-15 autobidearen lotuneraino iritsi dira, eta bide horretan ere pilaketak sortu dira, lau bat kilometrokoak.
18:30 alderako, egoera bere onera etorri da.