Clavijok ez du nahi hantabirusak kutsatutako gurutzaontziak Kanarietan geldialdia egitea, eta Sanchezekin premiazko bilera bat egitea eskatu du
Kanarietako presidenteak zalantzan jarri du Espainiako Gobernuak ontzia Kanarietan amarratzeko hartutako erabakia, eta eskatu du kasuaren osasun-kudeaketako protokolo-aldaketari buruz azalpenak eman ditzala berehala.
Fernando Clavijok ez du onartu hantabirusak kutsatutako gurutzaontziak Kanarietan geldialdia egitea, eta Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearekin "premiazko bilera" bat eskatu du. Esan duenez, ez diote irizpide tekniko nahikorik ezta osasun egoerari buruzko informazio argirik eman.
Agintari kanariarrak Espainiako Gobernuaren aurka egin du, eta, erakundeen arteko leialtasun faltatzat jo du. Adierazi du ez duela azalpenik jaso ontziaren kudeaketaren protokolo-aldaketari buruz. Gauzak horrela, erabakia justifikatzen duten txostenak eskatu ditu, eta ohartarazi du eskura dagoen informazioak ez dituela kanariarrak lasaitzen.
Osasunaren Mundu Erakundeak eta Europar Batasunak babestu egin dute Kanarietan gurutzaontziko bidaiariei eta lantaldeari osasun-arreta emateko erabakia, nazioarteko protokolo baten bidez. Hala ere, Clavijok dio hasierako plana kutsatuak Cabo Verdetik Holandara eramatea zela, eta ontziak ez zuela Kanarietako uretara iritsi behar.
Presidente autonomikoak berretsi du ez dakiela zergatik aldatu den irizpidea, eta zalantzan jarri du Holandak "laguntza eskaera" egin izana; Osasun Ministerioak hori jakinarazi zuen.
Clavijok ohartarazi du, gainera, Kanarietako agintariek ez dutela osasun-krisiaren dimentsioaren berri, eta adierazi du osasun-sistemak baliabide oso mugatuak dituela larrialdietan arreta emateko.
Eskuragarri dagoen informazioaren arabera, Hondius ontzian 23 nazionalitatetako 149 lagun daude, sei hantabirus kasu identifikatu dira, horietako bi laborategiak baieztatu ditu, hiru hildako daude, eta paziente bat larri dago.
Hantabirusa agertutako gurutzaontzia Kanarietan atrakatzeko baimena eman du Espainiako Gonbernuak, eta larri dagoen medikua han artatuko dute
147 lagun daude ontzian, eta hiru hildako daude. Cabo Verden dago, eta hiruzpalau egun barru artxipelagora iristea espero dute. Bertan, larri dagoen medikua artatuko dute.