Albiste izango dira: hantabirusaren azken ordua, Tubos Reunidosko langileen batzarra eta Gabonetako Loteriaren Igorreko auzia
Gaurkoan Orain-en albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
Herbehereetako anbulantzia bat, gurutzaontziko gaixo baten zain. Argazkia: EFE
Honako gai hauek hartuko dituzte gaur, 2026ko maiatzaren 7an, hedabideetako lerroburu nagusiak:
-Hantabirusaren azken ordua: hantabirusaren agerraldia izan den gurutzontzia Teneriferako bidean da, eta larunbatean iristea espero da. Apirilaren 22an Santa Helena uhartean lehorreratu ziren 23 bidaiariren osasun-egoera aztertzen dabil MOE, inolako osasun-kontrolik eta berrogeialdirik egin ez zelako.
-Tubos Reunidosko langileen batzarra: langile-batzordea erabat zatituta dago. Langileen sektore kritikoak batzarra deitu du, gehiengo sindikalak, ordea, elkarretaratzea deitu du. Greba mugagabearekin jarraitu ala ez bozkatuko da batzar horretan.
-Gabonetako Loteriaren Igorreko auzian, salaketak: dagoeneko 79 lagunek jarri dute salaketa Ertzaintzan, Arratiko Zekorrak errugbi taldearen loteria-txartel sarituengatik. Klubak aitortu du behar baino 225 gehiago saldu zituela, eta, beraz, 80 bat lagunek ezin izan dutela saria kobratu.