Fiskalak Rubiales zigortzea eskatu du, "denean agintzen" zuelako presidenteak
Fiskaltzak Luis Rubiales Espainiako Futbol Federazioko (RFEF) presidente ohia kondenatzea eskatu du, Jennifer Hermoso futbolariari "ahoan eman zion musua ez zela onartua izan" iritzita, eta azpimarratu du "jokalari soil batek" nagusi bati aurre egin behar izan ziola, une horretan "denean agintzen zuen" nagusiari, alegia.
Horixe adierazi du Marta Durantez fiskalak gaurko (otsailak 12) ahozko saioan egindako azken txostenean. Bertan, Rubialesentzat bi urte eta erdiko kartzela-zigorra eskatu du, sexu-eraso eta hertsapen delituengatik. Bestalde, Jorge Vilda emakumezkoen hautatzaile ohiarentzat, Ruben Rivera Marketing zuzendari ohiarentzat eta Albert Luque gizonezkoen selekzioko zuzendari ohiarentzat urtebete eta sei hilabeteko espetxealdia eskatu du, hertsatu omen zituztelako Hermoso eta bere ingurukoak.
Fiskalaren arabera, Hermoso "futbol federazio oso bati aurre egin behar izan zion", eta "ez zen galderarik egon, ez zen erantzunik egon, ez zen baimenik egon". "Jarrera ustekabekoa izan zen, bat-bateko ezustekoa", jarraitu du. Era berean, aitortu du "nolabaiteko gaitzespena" eragiten diola "sexu-eraso baten biktimari zergatik barre egiten zuen eta zergatik ospatu zuen galdetu behar izateak".
"Nire betebeharra legea aplikatzea da, eta leporatzen ari naizen horretan irmo sinesten dut, horrexegatik biktima izan dena behin eta berriz birbiktimizatu behar dut", deitoratu du Durantezek, eta galdera bat bota du: "Noiz arte eskatuko diogu sexu-eraso baten biktimari modu heroikoan jokatzea?".
Fiskalak adierazi duenez, Hermosok "oharkabean pasatu nahi zuen, jendeak musuari ez erreparatzea, Selekzioaren garaipenari baizik, eta bera Selekzio horren parte izatea". "Zer eska diezaiokegu? Zoko batera negar egitera joatea? Hori eska diezaiokegu? Biktima gutxiago al da hori ez egiteagatik?", jarraitu du.
Ministerio Publikoak zigor eskaerari eutsi dio, eta argi utzi du "ez dagoela inolako gorroto-aurrekaririk ezta arrazoirik Hermosoren aldetik, musuaren unean gertatu zenari eta ondoren etorri zenari buruz egia ez esateko".
Gainera, fiskalak sinesgarritzat jo du bere testigantza, "erabateko koherentzia" baitago, eta "egindako frogak, berak kontatutako gertakarien eta bere berehalako eta ondorengo portaeraren artean" babesten baitu. Fiskaltzak Hermosoren bertsioa sendotu du, Selekzioko kideek, jokalariaren ingurune hurbilenak eta Federazioko beste kargu ohi batek ere egoitza judizialean eskaini dituztenekin.
"Domina jaso eta ondoren, esan zuen: Musu eman dit. Ez dirudi oso kongruentea egintza onartua izan bazen, berari ez bazitzaion portaera hori axola izan, lehen unetik bertatik senideei, anaiari, lagunari eta mezu hori helarazi ahal izan zien bi jokalariri horren berri eman behar izatea. Horrek erakusten du zer nolako harridura eta shock egoeran zegoen bizi izandako egoeraren aurrean ", esan du.
Durantezek garrantzia kendu dio Hermosok musuaren lekutik "irribarrez" alde egin izanari. "Zer espero zuten? Eraso egitea? Iraintzea? Mundu osoan ematen ari zen ekitaldi batean?", esan du.
Fiskalak onartu du berak ohartarazi ziola Hermosori, gertakaria Auzitegi Nazionalera iritsi aurretik, "bere deklarazioa zalantzan" jarriko zela, gezurti deituko ziotela eta "era guztietako irainak" jasoko zituela, eta justifikatu egin beharko zuela musuaren ostean xanpaina zergatik edan zuen.
"Publikoki gertatu zen, eta mundu guztiak ikusi zuen", gaineratu du. "Biktimarentzat iraina eta haserrea handiagoa da mundu osoak ikusi behar duenean. Baina, gainera, bere nagusia zen. Bai, bai, bere nagusia", adierazi du. Ildo horretan, Fiskaltzak deitoratu egin du Hermoso "musuaren neska" gisa geratuko dela. "Bai, bai. Tristea da. Ez Munduko Txapelketa irabazi zuen jokalarietako bat bezala. Jennifer Hermoso musua jaso zuena izango da", esan du.
"Beren txiringitoak kezkatzen zituen"
Durantezek nabarmendu du inork ez ziola lagundu ezta babestu musuaren ostean. Eta gaineratu du beregana joan baziren, "hertsatzeko" izan zela, "lasai egon ez zedin". "Esan nahi didazue oso kezkatuta zeundetela andre horrekin? Beren txiringitoak kezkatzen zituen. Horrexegatik zeuden arduratuta", esan du.
Fiskalak azaldu duenez, Rubiales, Vilda, Luque eta Riverak osatutako "puzzle hertsatzailea" hainbat agertokitan gertatu zen: aldagelan, aireporturako autobusean, hegazkinean, Eivissarako bidaian. Horri gehitu behar zaio, gainera, Munduko Txapelketaren ostean ez zutela hurrengo txapelketara deitu.
Fiskalaren arabera, Jenni Hermosok "Federazioaren makinaria guztia izan zuen aurka, gezurti deitu zioten, eta modu posible guztietan bere izen ona kentzen saiatu ziren", egoera konpontzeko "edozer egiteko prest" zeuden akusatu batzuekin, "kosta ahala kosta" nahi zutena lortzeko.
Eta Hermosorekiko "desnibel hierarkikoa" ere nabarmendu du: jokalari bat Federazioaren goi karguen aurrean. "Bera sexu eraso baten biktima izan berri zen, eta ikusarazi nahi zioten gauzak ez zirela berak uste zuen modukoak", esan du.
Jurisprudentziaren arabera, hertsapen indarkeria delitu bat izateko beharrezkoa ez bada ere, Durantezek defendatu du "indarkeria egon zen, jakina, psikikoa, eta asko".
Zure interesekoa izan daiteke
Bartzelonan, Madrilen eta Berlinen ere Korrika!
Korrikak ez duela mugarik erakutsi du berriz ere. Larunbat honetan ehunka lagun bildu dira Bartzelonan, Madrilen eta Berlinen euskararen alde korrika egiteko. Tradizio bihurtzen ari da Euskal Herritik kanpo ere korrika egitea eta auten 50 hiri handitan antolatu dute hitzordua. Ikusmin handia eragin dute inguruan zebiltzan herritarren eta turisten artean.
Ehun bat polizia atxilotu edo ikertu dituzte Espainian azken bost urteetan, narkotrafikoarekin lotura izateagatik
EH Bilduk egindako galdera bati erantzunez, Espainiako Gobernuak jakinarazi du 106 agente atxilotu edo ikertu dituztela 2021eaz geroztik, baina ez du zehaztu zein polizia zerbitzutakoa den ikertutako edo atxilotutako pertsona bakoitza.
Arrazismoaren aurkako martxa batek "faxismoaren gorakada" eta "zigorgabetasuna" salatu ditu Bilbon
Arrazagatiko Diskriminazioa Ezabatzeko Nazioarteko Eguna dela eta, ehunka pertsonak bat egin dute larunbat honetan Arrazakeriaren aurkako Bilboko M21 Asanbladak deitutako manifestazioarekin. "Faxismoaren gorakada" salatu, eta "talde neonazi eta supremazisten" jarduera eta diskurtsoen "zigorgabetasunaz" ohartarazi dute. 12:00ak jota zirenean hasi da martxa, Mariaren Bihotza plazan, eta San Frantzisko kalea Zabalbururaino zeharkatu eta gero, Bilboko udaletxearen aurrean amaitu da, manifestu bat irakurrita.
Edukiontziak erre dituzte bart Getxon eta Bilbon, eta ikerketa zabaldu du Ertzaintzak
Getxoko Areeta auzoan, 12 edukiontziri eman diete su, eta Bilboko Zorrotza auzoan, 3 erre dituzte. Ikerketa abiatu dute, eta Getxoko Udaltzaingoa susmagarri bat identifikatzeko lanean ari da jada.
Durango, Palestinaren alde
Musikari ez ezik, bertsolariei eta umoregileei ere ireki die leihoa Oihu bat Palestinara jaialdiak; izan ere, Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Txaber Altube eta Nerea Ibarzabal bertsolariek eta Antton Telleria eta Asier K. bakarrizketariek hartu dute parte.
Nafarroako Erribera luze-zabalean zeharkatuta, Iruñerako bidea hartuko du gauerdian Korrikaren lekukoak
13:23an iritsiko da igandean Korrika Nafarroako hiriburura, bere laugarren egunean. Euskararen aldeko pausoek Erribera hartu dute larunbat honetan, korri eginez eta euskaraz bizitzeko aldarria ahotan.
Ehunka lagun elkartu dira Bilbon, "Kuba bizirik. Blokeorik ez!" lelopean
Hegoak plataformak deituta, Kubaren aldeko elkarretaratzea egin dute gaur eguerdian Bilboko Areatzan, "EBk ezarritako itolarri ekonomiko eta energia blokeo politika arbuiatzeko". Habanara iritsiko den konboi solidarioaren alde ere agertu dira. Bilbon bezala, Iruñean ere mobilizatu dira plataforma horrek deituta.
47 urteko gizon bat atxilotu dute Ermuan, anaia sastatzea egotzita
Erasoa 06:00ak aldera gertatu da, San Pelaio auzoko etxebizitza batean. 46 urteko biktima larri eraman dute ospitalera, gorputzeko hainbat lekutan zauriak baitzituen.
Gizon batek alaba adingabea hil du Torreviejan
Guardia Zibila indarkeria bikarioko krimen gisa ikertzen ari da gertatua. Zantzu guztien arabera, 40 urteko gizonak 3 urteko alaba hil du eta bere buruaz beste egin du ondoren.
Preso bat hilik aurkitu dute Baionako espetxean
23 urteko gizonak bere buruaz beste egin du. Arazo psikiatrikoak zituen, eta bakarkako ziega batean zegoen preso.