Zientzia eta ikerketa
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Frogatu dute gonorrearen aurkako antibiotiko bat eraginkorra eta segurua dela, 90eko hamarkadatik lehenengoz

Gonorrea sexu-transmisioz kutsatzen den infekzioa da, eta, behar bezala tratatu ezean, konplikazio larriak eragin ditzake. Ohiko botikekiko erresistentzia kasu kopuruak gora egin du azken urteetan, beraz, behar-beharrezkoa da antibiotiko berriak sortzea.
Laboratorioa. Artxiboko irudia.
Laboratorioa. Artxiboko irudia.

628 pazienterekin egindako saiakuntza kliniko baten arabera, gepotidazina (gernu-aparatuko infekzioen aurkako antibiotikoa) erabili ahal izango da gonorrea tratatzeko tratamendu gisa. 90eko hamarkadatik gaixotasun horren aurka aurkitu den lehen antibiotikoa da. Ikerketaren arabera, eraginkorra eta segurua da, eta botikekiko erresistenteak diren infekzioen aurka funtzionatzen du. Gainera, pazienteen terapiak erraztuko ditu.

Britainia Handiko The Lancet medikuntzako aldizkariak argitaratu ditu ikerketaren emaitzak astelehen honetan eta Mikrobiologia Klinikoaren eta Gaixotasun Infekziosoen Europako Elkartea egunotan Vienan egiten ari den jardunaldietan ere izan dute hizpide. Ikerketan Birminghameko (Erresuma Batua) ospitale unibertsitarioko, AEBko Atlantako eta Louisianako unibertsitateetako eta GSKko zientzialariek hartu dute parte.

Gonorrea edo gonokozia sexu-transmisiozko infekzioa da. Nahiko ohikoa da eta, azkar tratatu ezean, konplikazio larriak eragin ditzake, batez ere emakumeen kasuan. Haurdunaldi ektopikoa eta antzutasuna izateko arriskua areagotu dezake.

The Lancetek azaltzen duenez, azken urteetan areagotu egin dira botikei erresistentzia garatu dioten gonokozi kasuak eta, beraz, infekzio horren aurkako farmako berrien premia larria dago. 90eko hamarkadaz geroztik, ez zegoen infekzio horren aurkako antibiotiko berririk.

Entseguan gonorrea ez-konplikatuarentzako tratamendu potentzial berria (gepotidazina, ahotik hartzeko pilula) egungo tratamendu estandarrarekin (zeftriaxona injekzioa eta azitromizina pilula) alderatu dute, eta ondorioztatu dute botika berria gaur egungo tratamendu estandarra bezain eraginkorra dela. Zehazki, emaitzek egiaztatu dute arrakasta mikrobiologikoaren tasak % 92,6koak direla gepotidazinaren taldean, eta % 91,2koak zeftriaxona-azitromizinoaren taldean.

"Frogatu dugu gepotidazina ez dela N. gonorrhoeae bidezko gonorrea urogenitalerako zeftriaxona eta azitromizinena baino aukera okerragoa. Segurtasun-kezkarik ez du sortu eta ahozko tratamendurako aukera berria ematen du gonorrea urogenital ez konplikatuak tratatzeko", idatzi dute ikertzaileek artikuluan.

Pilula berria eraginkorra izan da orain arteko antibiotikoekiko erresistenteak ziren hainbat anduiren aurka. Ikertzaileek horren garrantzia azpimarratu dute eta tratamendu estandarrekiko erresistenteak diren kasuetan erabili ahal izango dela azpimarratu dute.

Alabaina, ikertzaileek ohartarazi dute azterlana gonorrea urogenitalari erreparatuta egin dela batez ere, eta saiakuntzan parte hartu duten gehienak gizonezko zuriak izan direla. Hori dela eta, ikertzen jarraitzearen garrantziaz ohartarazi dute, tratamendu berriak beste gonorrea mota batzuetan (ondestekoan edo eztarrikoan), emakumeengan, nerabeengan eta hainbat arrazatako pertsonengan duen eragina ikusi ahal izateko.

Zure interesekoa izan daiteke

Pago basoa
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Gero eta baso gehiago dugu Euskal Herrian: larreek zuhaitzei leku utzi diete

Lur Geroak baso-kudeaketa planak egin ohi ditu Nafarroako udalentzat. Izan ere, bertan mendi eta baso gehienak publikoak dira; Nafarroako udalek dute basoen % 80 ingururen jabegoa. Nafarroako araudiaren arabera, baso-kudeaketa planak finantzatzeko eskuduntza Foru Gobernuak dauka, baina udalek plan horiek onartu behar izaten dituzte eta askok herritarren parte-hartzea eskatzen dute.  Aholkularitza enpresak, besteak beste, baso horiek modu sostenigarrian nola ustiatu proposatzen du; alegia, baso bakoitzetik zenbat egur atera daitekeen 10 edo 15 urtetan, basoak bolumenik galdu gabe. Horrez gainera, udalak behartuta daude mendian inbertitzera haien ustiapenetik (egurraren salmentatik edota lursailen alokairutik) jasotzen duten diruaren % 20. Inbertsio horiek nola egin ere aholkatzen du.  

Gehiago ikusi
Publizitatea
X