Ihes gelak: mundu osoko turistak Euskal Herrira erakartzen dituen fenomenoa
Aste Santua garai egokia izan ohi da, gure lurretatik urrun joan gabe, familiako kideekin edo lagunekin aisialdiko plan bereziak egiteko. Ihes gelak (ingelesez escape-room deituak) aukera ona izan daitezke. Euskal Herrian 70 areto inguru ditugu, mota guztietakoak eta arrakasta handia dutenak; besteak beste, Europako ihes gela onenaren eta munduko bigarren onenaren saria eskuratu duen Gasteizko 'Una aventura de leyenda'.
Ihes gelen kontzeptuak bilakaera handia izan du azken urteotan. Hasiera batean, helburua giltzapetutako areto batetik denbora mugatuan irtetea zen eta, horretarako, era guztietako asmakizunak eta probak gainditu behar ziren taldean lan eginez. Gaur egun, jokoaren izpiritua berbera den arren, gainditu beharreko probak garatuagoak dira, areto askotan aktoreek parte hartzen dute, argi eta soinu efektuak sartu dira, probak aire librean ere egin daitezke, kutxa formatua sortu da, eta abar.
Ihes gelak Japonian sortu ziren eta jatorrian 90eko eta 2000ko hamarkadetan arrakasta handia izan zuten ihes egiteko bideo-jokoak daude. Lehen areto fisikoa Tokion zabaldu zuten 2007an, eta, berehala, Europara eta Amerikara zabaldu zen fenomenoa. Euskal Herrira 2014ko udan iritsi zen, Mad Mansion Games enpresak 'Mansion Crowell' izeneko aretoa zabaldu zuenean Bilbon. Bertaratzen ziren parte-hartzaileek misterioak argitu, puzzleak egin eta igarkizunak asmatu behar zituzten jauregitik irten ahal izateko.
Esperientzia honek arrakasta itzela izan zuen eta hilabete gutxitan areto ugari zabaldu ziren, batik bat hiriburuetan. Covid-19aren pandemiak ekarri zuen itxialdiak horietako batzuk ixtea eragin bazuen ere, sektorea indarra hartzen ari da berriz ere. Gaur egun, 70 ihes gela inguru daude Euskal Herrian sektorean espezializatuta dauden webguneen arabera.
Gustu guztiak asetzeko moduko gaiak eta estiloak jorratu dituzte gure inguruko ihes gelek. Batzuk pedagogikoak ere izan daitezke eta historian barrena eraman gaitzakete, Getarian dagoen 'Elkano'-k kasu, edota euskal mitologian murgilduko gaituzte Donostiako 'Mitologik'-ek bezala. Beste batzuetan, Gasteizko 'Lautada' izenekoan esaterako, naturan murgildu gaitezke eta klima-aldaketaren ondorioetatik mundua salbatzen saiatu gaitezke.
Eskari handiena izaten dutenak, alabaina, abenturazkoak, akzioa dutenak eta beldurrezkoak izan ohi dira. Parte-hartzaileei begiratuta, berriz, aukerak asko dira: pertsona helduei zuzendutakoak, haurrekin eta familian egitera bideratutakoak…
Ihes gelak sortzen aritzen diren enpresek ere bilakaera itzela izan dute. Gaur egun, ekintzaren beraren diseinu osoari erreparatzen diote eta xehetasun ugari jartzen dituzte; aretoaren dekorazioak, efektuak, mekanismoak eta ikus-entzunezkoak garrantzia handia hartu dute. Hori dela eta, ihes gela on bat eraiki ahal izateko aurrekontuak asko handitu dira eta proiektuak garatzeko behar diren langile motak ugaritu egin dira. Gaur egun, diseinatzaileekin batera aritzen dira ingeniariak, eszenografiako profesionalak, arotzak, elektrizistak, soinuan eta irudian adituak direnak, aktoreak eta abar luze bat.
Itxaron zerrendak
Euskal Herriko ihes geletako batzuetan erronka erreserba egiteko orduan hasten da. Izan ere, horietako batzuk, batik bat webgune espezializatuetan ongien baloratzen dituztenak, arrakasta handia dute eta itxaron zerrendak dituzte.
Gasteizko 'Una aventura de leyenda' eta 'Tu también soñarás' gelak dira egoera honetan daudenetako bi. Biak Mayto Kingdom enpresako aretoak dira eta sektoreko sarietako batzuk eskuratu dituzte. 'Una aventura de leyenda' gelak Terpeca sarietako (ihes geletako Oscarrak) garaileetako bat izan da; Europako eta Estatuko areto onenaren eta munduko bigarren onenaren saria eskuratu du 400 mila aretoren artean.
Mayto Kingdomeko lantaldea duten arrakasta sinistu ezinda dago. Jaso dituzten sarien eta jendearen balorazio onen ondorioz, mundu osotik etortzen zaizkie bezeroak, hala nola, AEBtik, Japoniatik, Alemaniatik, Australiatik… Asko eta asko ihes gela hauetan aritzeko helburu soilak erakarrita iristen dira Gasteizera.
Zure interesekoa izan daiteke
Korrika Gipuzkoan sartu da!
Atallu eta Araitz-Betelu atzean utzi eta Lizartzatik barrena sartu da Korrika Gipuzkoan, Tolosaldea eskualdean. Berastegiko udaleko ordezkariak izan dira lekukoa Gipuzkoara sartu dutenak. Ondoren, Galtzaundi Tolosako euskaltzaleen elkartearen txanda izan da. Mallopeko eta Tolosaldeako eskualdeak bat egin dute Korrikaren alde. Gauean, besteak beste, Tolosa, Andoain, Hernani, Oiartzun eta Irun igarota, Nafarroara itzuliko da berriz ere eta goizaldeko 6ak aldera Beran espero dute.
Familia batek salatu du Durangoko egoitza bateko erabiltzaileek "gabezia larriak" dituztela
Egoitzako zuzendaritzak ukatu egin ditu akusazioak, lantaldearen "profesionaltasuna" defendatu du, eta ziurtatu du Bizkaiko Aldundiak ezarritako baldintza guztiak betetzen dituztela.
Bi pertsona zauritu dira Azkoitian, etxe batean izandako sutean
Trino Uria kalean piztu da sua eraikineko azken solairuan, asteleheneko ordu bata aldera. Bi lagun artatu dituzte lekuan bertan; zaurituetako batek erredurak ditu eta ospitalera eraman behar izan dute. Eraikin osoa hustu dute, eta sua kontrolpean duten arren, Azpeitia eta Eibarko suhiltzaileak lanean ari dira kalteak ahalik eta txikienak izan daitezen.
EAEko farmazialariek uda baino lehen utziko diote sendagaien kupoia ebakitzeari
Osasun Saila farmazien kudeaketa-sistemak egokitzen ari da, fakturazioa sendagaien ontzietako datamatrix kodea irakurriz "egunean eta online" egin ahal izateko.
Gizon bat hil da eta lagun bat zauritu, Irungo soto batean izandako sutean
Zauritua helikopteroz eraman dute Gurutzetako Ospitalera. 13:45ean piztu da sua, Uranzu kalean, eta garrak itzaltzea lortu badute ere, suhiltzaileek hozte-lanetan jarraitzen dute.
Milaka bizipen ahaztezin, bost eguneko ibilbidean
Martxoaren 19an abiatu zen euskararen aldeko lasterketa Atharratzetik, eta, harrezkero, urratsez urrats, lurraldez lurralde, euskarari hauspoa ematen aritu dira milaka euskaltzale. Oraindik bidearen erdia ere ez du egin, baina dagoeneko irudi eta une zirraragariak utzi ditu Korrikaren 24. edizioak.
Euskadiko Erlijioen Kontseilua sortuko du Eusko Jaurlaritzak
Udaberrian jarriko du martxan Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Erlijioen Kontseilua EAEko erlijio-aniztasuna kudeatzeko helburuz. Bizikidetza eta laikotasun kooperatiboa oinarri izango dituen ekintza plan batekin jaioko da.
Nafarroatik Gipuzkoara egin du jauzi Korrikak bere bosgarren gauean
Araban ikusi ditu lekukoak eguneko lehen eguzki printzak, eta bertan ibili da Korrika eguerdia iritsi bitartean. Egino eta Ziordia arteko bidea eginda, Nafarroa iparraldean barneratu da 13:00a aldera, Gipuzkoa helburu hartuta.
Nafarroako Gobernuak suizidioa prebenitzeko behatokia sortuko du, diziplina anitzeko profesionalen laguntzarekin
Jokabide suizidak prebenitzeko eta horiek pairatzen dituzten pertsonak artatzeko estrategia aurkeztu du Nafarroako Osasun Departamentuak. Iaz, 39 pertsona hil ziren Nafarroan beren buruaz beste eginda.
Alerta, gas-isuri handi batengatik, Barakaldon
Ezbeharra 10:00ak aldera gertatu da, Lutxana auzoko Elorriaga etorbidean dagoen obra batean, eta horrek kezka sortu du auzokoen artean.