EHU
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Osasun Sailak "kezka" agertu du EHUk Medikuntzako euskarazko plaza berrien kopurua "murriztu" duelako

Bere aldetik, EHUk argi esan du datorren ikasturtean Medikuntzako euskarazko graduan 40 plaza gehiago eskaintzea ezinezkoa dela egungo baliabideekin. Irakasleak eta espazioa falta dira. Hurrengo ikasturteetan kopurua pixkanaka handitzen joatea da EHUren asmoa.
Alberto Martinez, iazko urrian, EHUn. Argazkia: Irekia
Alberto Martinez, iazko urrian, EHUn. Argazkia: Irekia

Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila "oso kezkatuta" agertu da Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) 2025/2006 ikasturterako aurreikusitako Medikuntzako euskarazko plaza berrien kopurua "nabarmen murrizteko" hartutako erabakia dela eta.

Alberto Martinez sailburuak zuzentzen duen sailak gaur zabaldutako oharrak dio iazko urrian akordioa lortu zela EHUko errektoretza taldearekin, Medikuntzako euskarazko graduan 40 plaza gehiago eskaintzeko.  "Azkenean, ordea, hitzartutako igoera hori EHUk alde bakarrez murriztu du; hala, adostutako 40 plaza berrien ordez 16 baino ez dira eskainiko, hau da, % 60 gutxiago, beharrezko plazak baina ez nahikoak", zehaztu dute agirian.

Konpromiso hori ez betetzeak, Jaurlaritzaren iritzian, "gure osasun-sistemaren harrobia den fakultate baten hezkuntza eskaintzaren kalitatea murriztea dakar".

"40 plazako proposamena, biztanleriaren beharrizanen eta EHUren benetako aukeren azterketan oinarritua, beharrezkoa da, medikuntzako profesionalik ez dagoelako; legezkoa da, lanpostuen % 15eko igoera gainditzen ez duelako; eta egingarria da, Ministerioaren finantzazioa izanik", erantsi dute.

Baliabiderik ez

Berehala etorri da EHUren erantzuna. Argi esan du datorren ikasturtean euskarazko 40 plaza gehiago kalitatez eskaintzea ezinezkoa dela egungo baliabideekin. Irakasleak eta espazioa falta dira, unibertsitatearen hitzetan.

Horrez gain, erakunde horrek argitu du joan den urrian egindako bileran, aurreko errektore taldeak eta Joseba Pineda orduan Medikuntzako eta Erizaintzako Fakultateko dekanoak jada helarazi zietela Osasun Sailari euskarazko plazak zabaltzeko zituzten zailtasunak, baliabide faltagatik.

Hurrengo ikasturteetan kopurua pixkanaka handitzen joatea da EHUren asmoa, eta hori jakinarazi zion Martinez sailburuari martxoan egindako batzarrean.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X