Kordobako tren istripuaren ondoren albiste faltsuak zabaldu dira sareetan
Beste tragedia batzuetan gertatu izan den bezala, hainbat erabiltzailek adimen artifiziala erabiliz sortutako irudi eta bideoak eta informazio faltsua zabaldu dituzte.
Tren istripua, Adamuzen, Kordoba. Argazkia: EFE
Gutxienez 41 pertsona hil dira Adamuzen (Kordoba) pasa den igandean gertatuko tren istripuan, eta baliteke gehiago ere izatea, ezbeharraren unetik desagertuta daudenen bila jarraitzen dutelako. Beste tragedia batzuetan gertatu izan den bezala, adimen artifiziala erabiliz sortutako irudi eta bideoak eta informazio faltsuak bolo-bolo zabaldu dira sare sozialetan.
Atzo, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak desinformazioari eta albiste faltsuen aurrean, iturri ofizialetara zein kontrastatutako hedabideetara jotzeko deia egin zien herritarrei.
Sanchezek ez zion Marokori dirua oparitu bere trenbide sarea hobetzeko
Azken orduetan sare sozialetan gehien partekatzen ari den albiste faltsuetako bat Sanchezi buruzkoa da.
Ez da egia Sanchezek Marokori 247 milioi euro eman zizkionik hango trenbide sarea hobetzeko. Izan ere, 750 milioi euroko mailegua eman zion eta interesekin itzuli beharko du dirua.
Agintariek ez zuten "txaleko islatzaileekin" laguntzera joaterik eskatu
Agintariek ez zuten eskatu "txaleko islatzaileekin" laguntzera joateko. Aitzitik, errepideak eta autobideak itxi zituzten, Adamuz udalerrirako sarrerak kolapsatu ez zitezen.
Are gehiago, Andaluziako 112 larrialdi zerbitzuaren X sare sozialean argitaratutako mezu batean ukatu egin zuen herritarren laguntza eskatu izana.
Puenteren agerraldiko bideoak testuingurutik atera dira
Oscar Puente Espainiako Garraio ministroa barrez agertzen den irudia testuingurutik atera dute.
Puentek agerraldia hasi baino lehenago egin zuen keinua, kazetariak itxaroteko eskatzen ari zitzaizkion bitartean.
Lourdes Maldonado kazetariak ez zuen barre egin hildakoen inguruan ari zen bitartean
Sareetan zabaldutako irudian, Lourdes Maldonado kazetaria Adamuzeko bizilagun batekin ari da hizketan biktimei laguntzeko herrian sortu den elkartasun sareari buruz.