ZEZEN-JAIAK
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Arartekoak zezenketen legea kritikatu du, ez delako egin adingabeengan dituen eraginei buruzko txostenik

Arauak hainbat ikuskizunen gaineko neurriak dakartza, sokamuturrari, errekortariei eta entzierroei buruzkoak, besteak beste.

20190503144233_sokamuturra_

Arartekoak kritikatu egin du EAEko zezen-jaiak arautzeko lege-proposamena, ez duelako adingabeengan duen eragina ebaluatzeko txostenik jasotzen.

Hala azaldu du Elena Ayarza Arartekoaren Haur eta Nerabeen Bulegoaren arduradunak Eusko Legebiltzarraren batzorde batean, "zezen-jaiak" arautu nahi dituen arau horri ekarpenak egiteko, "EAEko kultura-ondare material zabalaren parte" izaten jarraituko dutela bermatzeko.

Sokamutur, errekortari eta entzierro ikuskizunetan, 16 urtetik beherakoek tutoreen idatzizko baimenarekin parte har dezakete. 14 urte baino gutxiago duten neska-mutilak ospakizun horiek egiten dituzten lekuetara sartu ahal izango dira, baina betiere heldu batek lagunduta, eta ezin izango dute aktiboki parte hartu.

Ayarzak gogoratu du NBEk 2013an ezarri zuela adingabearen ongizate gorena bermatzeko beti egin behar dela kolektibo horretan eragin positiboak eta negatiboak aztertzen dituen balorazio bat. Horrela jasota dago EAEko haurren legeetan, bai eta haur eta nerabeengan eragina duten Eusko Jaurlaritzaren lege-proiektuetan ere.

Hala ere, ohartarazi duenez, ez dago horrelako ebaluazio txostenik zezenketei buruzko lege-proposamenean. Izan ere, testua legebiltzar-taldeen premiazko lege-proposamen gisa izapidetu da. Ondorioz, "arazo" hori lege-proposamen guztietan gerta daitekeela ohartarazi du Ayarzak. Hala, iradoki du arau horren kasuan ebaluazioa 3-5 urteko haurrak zezenketetara joateak haiengan izan dezakeen eraginari buruzko adituak bilkura batera agertuta egitea.

Batzorde horretan bertan, Sokamuturra Ez elkarte animalistaren bozeramaile den Nerea Landak "txosten zientifikoak" aurkeztu ditu. Horietan agerian uzten dira jai horietan bigantxek mina, beldurra eta larritasuna senti ditzaketela eta, horien erakusgarri direla hala nola plazatik ihes egiteko saiakerak, marru etengabeak, begiak zabal-zabalik dituztela, arnasestuka dabiltzala eta belarriak nola paratzen dituzten.  

Aitor Calvo Euskal Zezenzale Elkartearen ordezkariak onartu du animalia horiek "nolabaiteko estresa" pairatzen dutela uneren batean. Hala ere, azaldu du 20 urtez aske bizi direla eta urtean 25 orduz soilik egiten dutela "lan"; bospasei irteera, bakoitza 5-10 minutukoa. 

Era berean, ziur agertu da jarduera horiek gazteak landa-mundura hurbilarazten dituztela eta animaliarekiko errespetu-balioak irakasten dizkietela. Gainera, lehen sektorean belaunaldien arteko erreleboa bultzatzeko balio dutela esan du.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X