HEZKUNTZA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Eusko Jaurlaritzak 271 milioiko inbertsioa egingo du hezkuntza sistemaren eraldaketa digitala bultzatzeko

ADIMEN DIGITALA estrategiak software librean oinarritutako hezkuntza-plataforma propioa ahalbidetuko du, irakasleen prestakuntza digitala indartuko du eta euskarazko hezkuntza-edukiak sustatuko ditu.

Eusko Jaurlaritzak ADIMEN DIGITALA plana (2025/2029 Euskal Hezkuntza Sistemaren Eraldaketa Digitalerako Plana) aurkeztu du, datozen urteetan EAEko hezkuntzaren digitalizazioa gidatuko duen estrategia. Haur, Lehen, Bigarren, Batxilergo eta Lanbide Heziketako 600 bat zuzendariren aurrean eman du gaur proiektuaren berri.

Ekimenak 271,6 milioi euroko inbertsioa aurreikusten du 2029ra arte, eta hezkuntza-sistema gizarte digitalizatura egokitu nahi du, teknologiaren erabileran berdintasuna, segurtasuna eta ongizatea bermatuz.

Aurkezpenean, Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak azpimarratu du digitalizazio prozesua pertsonengan eta ikasleen ikaskuntzan oinarritu behar dela. "Teknologia ez da  helburua, ikaskuntza hobetzeko, aukera berdintasuna indartzeko eta euskal gazteak XXI. mendeko erronketarako prestatzeko tresna baizik", adierazi du.

Planaren neurri nagusien artean, nabarmentzekoa da software librean oinarritutako hezkuntza-plataforma propioaren sorkuntza, IRADI izenekoa. Gainera, irakasleen prestakuntza teknopedagogikoa indartuko da, eta euskarazko hezkuntza baliabide irekien eta eduki digitalen garapena sustatuko da.

Estrategiaren helburua da, halaber, gaitasun digital sendoak eta teknologiaren erabilera arduratsuari buruzko kontzientzia handiagoa dituen hezkuntza-komunitatea sendotzea. Ildo horretan, Pedrosak adierazi du aurrera egin nahi dutela "etorkizunerako prest dagoen hezkuntza berritzaile eta inklusibo baterantz".

Plana sei printzipiotan oinarritzen da hezkuntza-sistemaren eraldaketa digitala bideratzeko, besteak beste, berdintasun digitala, hezkuntza hibridoa eta malgua, subiranotasun teknologikoa eta tresna digitalen erabilera osasungarria. 

Sailburuak azpimarratu du, gainera, dokumentua aldaketa teknologikoetara eta hezkuntzakoetara egokitzeko asmoz sortu dela: "ADIMEN DIGITALA ez da dokumentu itxia, baizik eta estrategia bizia, garatzen joango dena eta proiektu eta ekimen berriak txertatzen joango dena sortzen diren erronkei erantzuteko".

Testuinguru horretan, Pedrosak zuzenean inplikatu nahi izan ditu ikastetxeak eraldaketa prozesuan. "Eraldaketa hori ikasgeletan gertatzen da. Horregatik, entzun nahi dizuegu eta irakasleen eta hezkuntza taldeen esperientzia izan nahi dugu", adierazi du.

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Goiz korapilatsua Txorierriko errepideetan, Asua parean bederatzi autoren artean izandako talka baten ondorioz

Istripuaren ondorioz, bideko lau erreietatik hiru itxi behar izan dituzte puntako orduan, eta auto-ilara luzeak sortu dira inguruan: Artatzan, Arrontegin, Barakaldon eta Gurutzetan. Behin ibilgailuak bidetik kenduta, egoera bere onera itzultzen joan da. Arazoak izan dira, halaber, A8an, Kantabriarako noranzkoan, San Mames parean istripu bat izan baita. Gipuzkoarako noranzkoan, gainera, trafikoa astuna izan da.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X