Pinutik eukaliptora: eraldatzen ari diren basoen erradiografia
Azken 30 urteetan, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako basoek hartzen duten eremuaren azalerak gora egin du. Ez da jauzi handia izan, baina bai joera-aldaketa bat. Gaur egun, zuhaiztiek EAEko zoruaren % 54,81 hartzen dute, eta presentzia gehien duen espeziea intsinis pinua da oraindik ere, nahiz eta % 17,81 atzera egin duen.
Udaberria hasi berritan, EAEko paisaia bere kolore berdea berreskuratzen hasi da, hein batean, basoei esker. Zuhaiztiak paisaiaren parte dira, baina errealitate estetiko eta estatiko bat izatetik harago, urtez urte aldatzen joan den masa bizi baten parte ere badira, Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren datuek erakusten duten moduan.
Azken hiru hamarkadetan Euskal Autonomia Erkidegoko basoen azalera asko aldatu ez den arren, horien egitura, banaketa eta osaera eraldatu egin da denbora tarte horretan. Zuhaiztiek EAEko zoruaren % 54,81 hartzen dute gaur egun: 396.003 hektarea, hau da, 554.626 futbol-zelai; 1996an baino ia 6.000 hektarea gehiago. Ez da jauzi handia, baina bai joera-aldaketa bat; izan ere, baso-azalerak gora egin du, orokorrean, urtez urte, gurean. Hala ere, horren azpian, lurralde bakoitzak bere erritmoak eta logikak ditu.
Irudi orokor horren azpian, ordea, tokian tokiko bilakaera lurraldearen araberakoa izan da. Bizkaian baso azalera 128.244 hektareatik 132.057 hektareara igo da, eta Gipuzkoan ere hazkundea izan da, 118.255 hektareatik 122.020ra. Arabak, aldiz, baso-zabalera handiena duen lurraldea bada ere, zuhaiztiak galdu ditu denbora-tarte honetan, 1.581 hektarea: 2.214 futbol-zelairen baliokidea, hain zuzen.
Basoen mapa ez da homogeneoa
Lurraldeen arteko aldeek agerian uzten dute basoen bilakaera ez dela modu uniformean gertatzen. Zenbait tokitan azalera handitu egin da; beste batzuetan, berriz, egonkor jarraitu du edo zertxobait jaitsi da.
Horrek zerikusia izan dezake lurraren erabilerarekin, basogintza ereduarekin edo landaketa politikekin, besteak beste. Izan ere, basoa ez da soilik naturako elementu bat: jarduera ekonomikoarekin eta lurraren kudeaketarekin lotuta dagoen errealitatea ere bada.
Izan ere, basoen jabetzak ere kontraste handiak erakusten ditu EAEn; basoen % 57,9 jabetza pribatukoak dira, eta % 42,1 publikoak dira. Baina banaketa hori lurraldearen araberakoa da. Araban basoak publikoak dira orobat: basoen % 76,5 administrazio publikoen esku daude gaur egun, eta % 23,5 dira pribatuak. Bizkaian eta Gipuzkoan, aldiz, kontrakoa gertatzen da: Bizkaian basoen % 75,9 pribatuak dira, eta Gipuzkoan portzentaje hori % 78,5era igotzen da.
Azken hamarkadetako datuek erakusten duten aldaketa esanguratsuena, ordea, basoen osaera da. Pinus radiata izan da urte luzez EAEko basoetako espezie nagusietako bat, baina azken urteetan atzera egin du. 2005ean 114.304 hektarea hartzen zituen; 2025ean, berriz, 93.952 hektareara jaitsi da (-% 17,81); hau da, 20.000 hektarea baino gehiago galdu ditu hogei urtean.
Beste espezie batzuk, ordea, nabarmen hedatu dira. Eukalipto dirdiratsua (Eucalyptus nitens) da kasurik argiena: 2005ean 1.854 hektarea hartzen zituen, eta 2025ean 13.858 hektareara iritsi da. Aldi berean, baso misto atlantikoak ere gora egin du: 35.627 hektareatik, 40.5033ra.
Zein da egoera herriz herri?
Joera horiek udalerri eta eskualde mailan ere atzeman daitezke. Zenbait tokitan, baso-azalera handia izan da betidanik; beste batzuetan, berriz, ez dago batere basorik (Sestaon, kasurako), eta badira espezie jakin batek paisaia ia erabat markatzen duen udalerriak ere.
Esaterako, Gaubea (Araba) da EAEn baso-eremu zabalena duen udalerria, 14.543 hektarearekin. Horren % 85,3 eremu publikoan daude, eta erdiak pinu gorriz (Pinus sylvestris) osatuta dago, artearen (Quercus ilex) aurretik.
Orozkon (Bizkaia), berriz, intsinis pinua (Pinus radiata) da jaun eta jabe; basoen erdia baino gehiago espezie horietaz osatuta daude, eta esku pribatuetan daude batez ere. EAEko datuei erreparatuta, Orozkon dago pinu mota horren kopuru handiena, Zeberio, Aiara, Amurrio eta Oñatiren aurretik.
Bertako eta kanpotik etorritako espezieei erreparatuta, Araba da espezie autoktonoak nagusi diren lurraldea. Baso-eremuaren zatirik handiena publikoa da, eta han pagoak (Fagus sylvatica) eta arteak (Quercus ilex) dira nagusi, besteak beste.
Kontrako muturrean, Bizkaian nagusi dira espezie aloktonoak, hau da, baso-landaketa produktiboetarako atzerritik ekarritakoak; gehienak jabetza pribatukoak dira, eta zur-ekoizpenera bideratuta daude. Kasu horretan, mendietan daude batez ere intsinis pinua (Pinus radiata), Douglas izeia (Pseudotsuga menziesii) eta eukalipto urdina (Eucalyptus globulus). Orozkoz gain, Zeanuri, Markina-Xemein, Aulesti eta Mendexa dira landaketa horien azalera handiena duten udalerrietako batzuk.
Gipuzkoak, berriz, erdibideko egoera du; atzerriko pinudi asko ditu, baina pagadi (Fagus sylvatica) handi-handiak ditu baita ere Ataunen, Oñatin eta, batez ere, mendialdeetan, besteak beste.
Nafarroa, bi errealitate ezberdin
Nafarroan, Nafarroako Estatistika Institutuak (Nastat) argitaratutako azken datuen arabera, 2025ean foru-komunitateak 615.548,64 hektareako baso-azalera zuen, hau da, lurraldeko lurzoruaren % 59,3 hartzen du, duela 20 urte baino % 5,9 gehiago. "Lehen laborantzarako erabiltzen diren zelaietan basoa hedatzen ari da", adierazi du Igor Erbiti Saizar Lur Geroa aholkularitzako baso-ingeniariak.
Lurralde honetako baso-mapak, ordea, argi eta garbi bereizitako bi errealitate erakusten ditu: iparraldea eta hegoaldea; Pirinioetako mendia eta Erribera. Hala, Burgi (% 92,4), Sartze (% 91,7) edo Garde (% 90,5) bezalako udalerriak ikus ditzakegu, non mendiak paisaia argi eta garbi menderatzen duen, eta basoak lurraldearen zati handi bat hartzen duen. Beste muturrean, Erriberako eta hiri-inguruneko herriak daude, hala nola Oko (% 2,4), Barillas (% 2,7), Burlata (% 3,3) edo Iruñea ( % 6,4), baso-presentzia oso murritzarekin.
Foru erkidegoko baso-espezieei dagokienez, Erbiti Saizarrek azaldu du Arabako egoera errepikatzen duela: baso gehienak publikoak dira eta hostozabalak dira nagusi, hala nola pagoak, haritzak, baso autoktonoak eta pinu gorriak.
Zure interesekoa izan daiteke
Gero eta baso gehiago dugu Euskal Herrian: larreek zuhaitzei leku utzi diete
Lur Geroak baso-kudeaketa planak egin ohi ditu Nafarroako udalentzat. Izan ere, bertan mendi eta baso gehienak publikoak dira; Nafarroako udalek dute basoen % 80 ingururen jabegoa. Nafarroako araudiaren arabera, baso-kudeaketa planak finantzatzeko eskuduntza Foru Gobernuak dauka, baina udalek plan horiek onartu behar izaten dituzte eta askok herritarren parte-hartzea eskatzen dute. Aholkularitza enpresak, besteak beste, baso horiek modu sostenigarrian nola ustiatu proposatzen du; alegia, baso bakoitzetik zenbat egur atera daitekeen 10 edo 15 urtetan, basoak bolumenik galdu gabe. Horrez gainera, udalak behartuta daude mendian inbertitzera haien ustiapenetik (egurraren salmentatik edota lursailen alokairutik) jasotzen duten diruaren % 20. Inbertsio horiek nola egin ere aholkatzen du.
Teruelgo aireportua hegazkinez beteta dago, ezin direlako Ekialde Hurbilera itzuli gerraren ondorioz
Ostiral honetan 10 hegazkin komertzial lurreratu dira, gehienak Qatar Airlines konpainiakoak. Teruelgo aireportua 140 hegazkinen aparkaleku izan zen pandemian.
Athleticek gaitzetsi egin ditu Jon Uriartek jasotako mehatxuak eta bere “babes osoa” adierazi dio
Erakundeak adierazi duenez, "errespetua irmo aldarrikatuz baino ez dugu gizarte eta Athletic hobea eraikiko".
Martxoaren 23an irekiko dute Osakidetzako EPErako izen-ematea
Probak ekainaren 19an, 20an eta 21ean egingo dira, eta horietan LEP eredu berri bat ekarriko du: test motako azterketak egingo dituzte eta nota hurrengo deialdietarako erreserbatuko da.
Euskal Herrian Euskarazek CCOO sindikatuaren mehatxua salatu eta mobilizatzeko deia egin du
Euskal Herrian Euskarazen agerraldia. Argazkia: EITB Media
Ramadanaren amaiera jendetsua Euskal Herrian
Ehunka musulman bildu dira Gasteizen eta Zumarragan islamaren hilabeterik sakratuenari agurra emateko. 2026ko otsailaren 17tik martxoaren 19ra arte, musulmanek abstinentzia egin dute egunez. Argia egon den orduetan, ez dute jan, ez dute edan (ezta urik ere), ez dute erre eta ez dute sexu-harremanik izan.
Athleticeko presidenteak jazarpena eta mehatxuak salatu ditu
Jon Uriartek Ertzaintzaren aurrean salatu duenez, futbolarekin lotutako gazte erradikalak bere etxeko atarian sartu dira eta mezu iraingarriak utzi dizkiote.
Luzaiden dantzan, Korrikaren lekukoa eskuan!
Arnegitik Luzaiderako bidean, Luzaideko Bolantak taldeak dantzan hartu du Korrikaren lekukoa. 126. kilometroan izan da, 04:00ak aldera. Azken urteotako tradizioari eutsiz, dantzan jarri dira lekukoa hartu dutenean.
Jendetza bildu du Korrikak Maulen
Lurraldeko eta hiriburuko hainbat elkarte eta herriko etxe ikusi ditugu parte-hartzen, hala nola, Sohütako pastorala, UEU, Palestinaren aldeko elkartea, Pitxu gaztetxea, Xiberoko Botza eta beste hainbat. Handik Nafarroa Beherea alderako bidea hartu du. Gaueko 22:00 pasata sartuko da lurralde hartan Aiherratik.