ERASO HOMOFOBOA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Ekain Perrinoren erasotzaile ia guztiei 2 urteko kartzela zigorra ezarri diete, gorroto-delituagatik

Eraso homofoboaren hamaika egileetatik hamarri 2 urteko espetxe-zigorra ezarri diete, eta hamaikagarrenari, 14 hilabetekoa. Denei 500 metroko urruntze agindua eta isunak ere ezarri dizkiete. Ekain Perrinori eraso bortitza egin zioten, 2021eko ekainean, Basaurin.

20210909141834_ekain-perrino_

EITBren bideo baten argazkia

Justiziak Ekain Perrinok 2021ean Basaurin jasandako eraso homofoboaren erantzule gehienak zigortu ditu. Hamaika egileetatik hamarrek bi urteko espetxe zigorra jaso dute osotasun moralaren aurkako delituagatik, bereizkeriak eraginda; hamaikagarrenari, berriz, 14 hilabeteko kartzela zigorra eta zortzi hilabeteko isuna ezarri diote.

Orainek epaiaren berri jakin du, eta, horren arabera, guztiei 500 metroko eta bi urterako urruntze-agindua ezarri zaie, eta isunak ordaindu beharko dituzte.

Epaileek autoan adierazi dutenez, erasoaren egileek Perrino inguratu zuten Bizkotxaldeko parkean, konorterik gabe uzteraino kolpatu zuten, eta irain homofoboak egin zizkioten, hala nola “marikoia zikina”, eta bertatik alde egiteko agintzen zioten bitartean, “nazka ematen ziela” oihukatu zioten.

Auzitegiak gorroto-delitu argitzat eta osotasun moralaren aurkako delitutzat jo du jokabidea, eta nagusitasun-abusuaren astungarria aplikatu diete. Gaineratu dutenez, gertakariaren intentsitateak eta behin eta berriz errepikatu izanak erakusten du "baztertzeko asmo argia izan zutela, bere sexu orientazioagatik soilik".

Epaileen arabera, erasoaren ondotik, biktimak antsietate handiko egokitze-nahasmendua izan zuen, eraso kolektibo eta publikoaren ondorio zuzena. Magistratuek “pizti talde” gisa deskribatu ditu erasotzaileak. Era berean, Perrinoren testigantzaren sinesgarritasuna lekukoek berretsi zutela eta akusatuen koartadek oinarririk ez dutela nabarmentzen du sententziak.

Epaia oraindik ez da irmoa, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Arlo Zibileko eta Zigor-arloko Salan errekurritu daiteke.

Eraso bortitza

Erasoa 2021eko ekainaren 6ko goizaldean gertatu zen, Bizkotxalde parkean, Basaurin. Lagun talde batek eraso egin zion Perrinori, eta, salatu zuenez, konorterik gabe utzi zuten, “marikoi zikina” deitzen zioten bitartean. Ertzainek berehala identifikatu zituzten erasotzaile guztiak, gertakarien lekura bertaratu zirenean.

Auzi-saioa epaiaren zain geratu zen pasa den martxoaren 11n. Epaiketaren azken egunean, akusatuek ukatu egin zuten Perrinoren aurkako irain homofoboak egin izana eta haren sexu-orientazioagatik eraso egin izana.

Hala ere, aurreko auzi-saio batean, biktimak ustezko erasotzaile guztiak identifikatu zituen. Gaineratu zuenez, eraso horren ondoren, kalean ikusten ditu "egunero" eta, bost urte igarota ere, tratamenduan jarraitzen du bizi izandakoak bere osasun mentalari kalte egin diolako.

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Adingabeei egindako sexu-abusuen kontuan fokua "Elizan soilik" jartzea leporatu dio Gasteizko gotzainak Espainiako Gobernuari

Juan Carlos Elizalde Gasteizko gotzainaren arabera, "erabat bidegabea da" Espainiako Gobernuak sexu-abusuen biktimen erreparazioaren kontuan "fokua Elizan soilik jartzea", eta espero du Espainiako Gotzainen Biltzarrak (EGB) eta Espainiako Gobernuak gaiaren inguruan lortutako akordioak balio dezala "beste batzuek ere euren lana" egin dezaten arazoari aurre egiteko.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X