Euskararen arnasgune bihurtuko da gaur Bilbo Kirikiño Ikastolak antolatutako Ibilaldiarekin
Igande honetan ospatuko dute Bizkaiko ikastolen jai handia Txurdinaga inguruan. Hiru gunetan banatuta, egun osoko egitarau zabala eta bizia egongo da gozagai.
Urtero legez, maiatzaren azken igandean ospatuko dute Bizkaiko ikastolen jai handia. Aurten Bilbok hartuko du lekukoa, eta Ibilaldiak eztanda egingo du Txurdinagan, Kirikiño Ikastolak antolatuta.
Festa hiru gune nagusitan banatuta egongo da. Jaiaren abiapuntua Kirikiño Ikastola izango da, handik Europa parkera egingo du salto, eta festaren gune handia Txurdinagako kiroldegia izango da. Antolatzaileek iragarri dutenez, ibilbide “dinamiko eta bizigarri” batek lotuko ditu gune guztiak, “kalez kale euskararen presentzia eta jai giroa zabalduz egun osoan zehar”.
Ibilaldia abiatzeko ekitaldi ofiziala 10:00etan izango da, Kirikiño Ikastolan. Hezkuntza komunitateko kideak, Eusko Jaurlaritzako, Bizkaiko Foru Aldundiko eta Bilboko Udaleko ordezkariak eta hainbat erakunde eta eragile batuko dira bertan.
Ekitaldia magiaz, musikaz eta dantzaz beteta egongo da, eta zentroko ikasleek Hiri kiribili bil! kantaren koreografia eskainiko dute, aurkezpenari amaiera emanez. 11:00etatik aurrera, berriz, gune guztietako egitarau zabala eta askotarikoa abiatuko da.
Antolatzaileen hitzetan, Ibilaldiko musika‑eskaintza “adin eta gustu guztietarako proposamenak” bilduta osatu dute. Egun osoan zehar, hainbat eszenatokitan ariko dira zuzenean Gozategi, Ezezez, Zuztarrak, Harana, Fruiztariak, Txerokiak, TxapelPunk, Xsakara eta Punttu Kakotx, besteak beste. Horiez gain, jai giroa berotuko dute Lehian eta Pakemba erromeriek, Hots Kolektiboa txarangak, Samasiku fanfarreak, Bitxo do Samba batukadak, Patxipanda txistulari taldeak eta Kirikiño Ikastolako trikitilariek. Programazioa osatzeko, DJ Kaktus eta DJ Bull arduratuko dira erritmoa eta festa ez eteteaz.
Egun osoan zehar, umeentzako hamaika jarduera egongo dira gune guztietan, tartean EITBko MAKUSIren gunea, publiko gaztearentzat, Kirikiño Ikastolan egongo den Umeen Hirian. Abenturazaleentzat, berriz, kiroldegian, EITBko Conquis Dorrearen erronkari aurre egiteko aukera izango dute ausartenek.
Ikusi egitarau osoa, hemen
“Ez da egun bakarreko festa”
Antolatzaileen esanetan, Ibilaldia, hala ere, ez da egun bakarreko festa; urte osoan zehar garatzen den proiektua da, “komunitatearen elkarlanari esker helburu argi batekin sortua: ikastola, euskara eta euskal kultura Euskal Herriko bazter guztietara zabaltzea”.
Bilboko Kirikiño Ikastolak iaz hartu zuen erronka hau, eta, azaldu duenez, “ilusioz zein arduraz” prestatu du Bizkaiko hiriburuan “euskararen erabilera indartzeko aukera paregabe hau”.
Zure interesekoa izan daiteke
Akromatopsia: nolakoa da bizitza zuri-beltzean?
Labankadaz hil dute emakume bat Madrilen, eta hilketa matxista posibletzat ikertzen ari dira
Gasteiz eta Bilbo arteko N-222 errepidea itxita dago, kamioi batek istripua izan ondoren
4.700 lagun baino gehiago izan dira txertaguneen lehen egunean
Ibai azpiko tunelaren lanak hasi dira Sestaon
Bengoetxearen ustez, azterketak berriz planteatu behar dira, adimen artifizialaren eraginez
Gaixotasun profesionaltzat jo dute ospitale batean kutsatu zen zeladore baten covid iraunkorra
Sexuak eta maila ekonomikoak eragina dute osasunerako arrisku faktore nagusietan, OMEren arabera
Frankismoari lotutako bi kaleren izenak aldatuko dituzte Gasteizen, eta Paz Diaz de Espada eta Frida Kahlo deituko dira aurrerantzean