Ehunka lagun bildu dira Errenterian, “Inpunitateari Stop, erasoen aurrean autodefentsa feminista” lelopean
Errenteriako eta Oiartzungo herritarrek bat egin dute Mugimendu Feministak egindako deiarekin, eta irmo salatu dute Xenpelar Bertso Eskolako irakasle batek, "ardi larruz jantzitako erasotzaile" gisa definitu dutenak, ustez hainbat urtez egindako erasoak.
Ehunka lagun bildu dira gaur eguerdian Errenteriako Foru plazan, “Inpunitateari Stop, erasoen aurrean autodefentsa feminista” lelopean, Xenpelar Bertso Eskolako bertso-irakasle batek azken urteetan ustez egin dituen sexu-erasoak eta jazarpen psikologikoa salatzeko eta biktimei elkartasuna agertzeko.
Mugimendu Feministako kideek hartu dute pankarta, atzean ehunka lagun zituztela, herriko alkatea tartean, baita bertsolaritzako hainbat aurpegi ezagun ere: Maddalen Lujanbio, Maddi-Ane Txoperena eta Beñat Gaztelumendi, besteak beste.
Ostegunean, Bertsozale Elkarteak, Oreretako Mugimendu Feministak eta Oiartzungo Feministen Asanbladak oharra kaleratu zuten salatuz Xenpelar Bertso Eskolako bertso-irakasle batek “bere posizioa eta erreferentzialtasuna baliatu” dituela “modu sistematizatuan botere-harremanak garatzeko eta erasotzeko”.
Gaur, Mugimentdu Feministak “ardi larruz mozorrotutako otso” gisa definitu du salatutako irakaslea, luzaroan “inpunitatea” izan duela nabarmendu dute, eta “aski” dela aldarrikatu.
“Emandako aukerak behin eta berriz mespretxatu” dituela ere azaldu dute, eta “ibilbide nazkagarria” izan duela, “manipulazioa erabiliz, inpunitate osoz, herriko neska gazteak jazartzeko”.
Bertan azaldu dutenez, lehen salaketak egin ostean, irakasleak gertatua onartu eta bertsolaritzaren orbitatik desagertzeko konpromisoa hartu zuen Bertsozale Elkartearekin. Xenpelar Bertso-Eskolak berak bermatu behar zuen hori, baina salatutako irakasleak ez omen zituen bere konpromisoak bete, eta jarrera berarekin jarraitu zuen.
Elkarretaratzearen deitzaileek salatu dute "hori ahalbidetu duen ingurune bat" egon delako jarraitu ahal izan duela erasoekin; beraz, beharrezkoa izan da "aliantza patriarkal bat erasoak betikotzeko".
Astelehenean, agerraldia egingo du Aizpea Otaegi Errenteriako alkateak, kasuari buruzko azalpenak emateko. Udalak bertan behera utzi du eskolaren jarduera kasuaren berri izan ostean.
Kukaiko zuzendariaren kontrako salaketak
Hala ere, hori ez da izan jarrera matxistekin lotuta Errenterian azken orduetan kaleratu den kasu bakarra.
Publiko egin berri da Jon Maya Kukai dantza taldeko zuzendariak "jarrera desegokiak" izan zituela zenbait emakumerekin. Mayak oharra plazaratu du “zuhurtzia eta errespetua” eskatuz. Hainbat emakumerekin izandako jarrera desegokia onartu, eta "berriz errepikatu ez dadin lanean" izan dela adierazi du, “emakumezko horiek eskatu bezala, modu pribatuan”.
Atzo, PSE-EEk batzorde berezi bat premiaz deitzeko eskatu zuen Errenteriako udalbatzan, udal gobernuak bi kasuen inguruan egindako kudeaketa aztertzeko.
Udalak astelehenean emango ditu bi kasuen inguruko azalpenak.
Zure interesekoa izan daiteke
Labankadaz hil dute emakume bat Madrilen, eta hilketa matxista posibletzat ikertzen ari dira
Gasteiz eta Bilbo arteko N-222 errepidea itxita dago, kamioi batek istripua izan ondoren
4.700 lagun baino gehiago txertoguneen lehen egunean
Ibai azpiko tunelaren lanak hasi dira Sestaon
Bengoetxearen ustez, azterketak berriz planteatu behar dira, adimen artifizialaren eraginez
Gaixotasun profesionaltzat jo dute ospitale batean kutsatu zen zeladore baten covid iraunkorra
Sexuak eta maila ekonomikoak eragina dute osasunerako arrisku faktore nagusietan, OMEren arabera
Frankismoari lotutako bi kaleren izenak aldatuko dituzte Gasteizen, eta Paz Diaz de Espada eta Frida Kahlo deituko dira aurrerantzean
Osakidetzako filtrazioengatik epaitutako oposiziogileak aitaginarrebak prestatutako 50 galderetatik 48 asmatu zituen, lekuko baten arabera