Akusazio partikularrek 25 urteko espetxe zigorra eskatu dute Lukas Agirreren hilketaren bi akusatu nagusientzat
Hiru urteko kartzela zigor eskaria egin dute hirugarren akusatuarentzat, ikerketa oztopatzeagatik. Akusazio partikularren ustez, gertakariak "frogatuta" daude eta hilketaren egiletza "eztabaidaezina" da. Defentsek absoluzioa eskatu dute. Hiru akusatuetatik bik azken hitza baliatu dute Agirren familiari doluminak emateko.
Lukas Agirreren, 2022ko Eguberri egunean labankatuta hil zuten gazte hernaniarraren, auziaren epaiketan 16. eta azken saioa egin dute gaur Gipuzkoako Lurralde Auzitegian. Akusazio partikularrek eta defentsek azken ondorioak aurkeztu dituzte, eta bakoitzak bereari eutsi dio.
Akusazio partilularrek (Agirreren aita-amak abokatu bana dute) gertakariak "frogatutzat" jo dituzte eta Agirreren hilketaren egiletza "eztabaidaezintzat" jo dute. Hala, 25 urteko espetxe zigorra eskatu dute akusatu nagusiarentzat, sastakatzearen egilearentzat, eta funtsezko ustezko laguntzailearentzat (labanaren jabea). Hirugarren akusatuarentzat, beste biak ezkutatzeagatik, 3 urteko kartzela zigorra galdegin dute. Fiskaltzak 22 urteko espetxe zigorra eskatu du lehen bientzat, eta hiru urtekoa, hirugarrenarentzat.
Iñigo Iruin, Zuriñe Izko Lukas Agirreren amaren abokatua, herri epaimahaiari zuzendu zaio "egindako froga nahikoa" dela azpimarratzeko, "kontakizuna berreraiki" eta "justizia egin" dezaten. Azpimarratu duenez, Izkok eta bere familak ez dute "epai eredugarria" nahi, ez dabiltza "mendeku gosez", "justizia egitea" nahi dute.
Bi akusatuek ertzainei hilketa aitortu zietela eta, Iruinek azpimarratu du "bat-bateko eta borondatezko adierazpenek erabateko balioa eta eraginkortasuna" dutela, nahiz eta defentsak haien "baliozkotasuna zalantzan jartzen saiatu ziren".
Egitate "frogatuak"
Jarraian, Iruinek "frogatutzat" jotzen dituen gertakariak zehaztu ditu; hala nola, hiru akusatuak Okendon egotea, han zegoen odola biktimarena izatea, Idiakez kaleko obrako edukiontzi batean aurkitutako arma (Lukas Agirreren odola zuena), edota Okendoko lorategian Agirreren odola zuen eta akusatu nagusiarena zen zapatila aurkitu izana. Horri gehitu dizkio akusatuaren arrastoak zituen Okendon aurkitutako metxeroa, gau hartan gailu telematikoak erregistratutako ibilbidea, krimenean kolaboratzaile izatea egozten zaion lagunak utzitako zapatila edota biktimak gau hartan izandako "jarrera baketsua".
Irunentzat, gertaeren lekuan "bi eszena" daude: lehenengoa, biktimaren lagunen eta bigarren akusatuaren arteko borrokaren gunea, Okendoko hoteleko balaustradaren ondokoa. Hor aurkitu ziren auzipetuaren giltzak, mugikorra eta diru-zorroa. Bigarrena plazako lorategi-gunea litzateke eta hor, bere ustez, akusatu nagusiak "ustekabeko" erasoa egin zion Lukas Agirreri "atzetik", biktimak ez baitzuen "defentsa-lesiorik". Akusatu nagusiaren egiletza "zalantzarik gabea" dela esan du.
Hilketaren ustezko laguntzaileari dagokionez, Iruinentzat frogatuta geratu da labanaren jabea dela; izan ere, berak eta beste akusatuak horrela aitortu zuten, labana akusatu nagusiari eman ziola eta Lukas Agirreren lagunentzat "sortzen ari zen arrisku egoeraz kontziente" zela, eta, bere ustez, baita hirugarren akusatua ere. Bestalde, akusatuak gertatzen ari zenaren "egoeraz jabetuta" zeudela eta, drogak eta alkohola kontsumitu arren, "hautemateko, ulertzeko eta erabakiak hartzeko" gai zirela adierazi du.
Hirugarren akusatuari dagokionez, Lukas Agirreren aitaren abokatuak, Kistiñe Lujanbiok, esan du "froga nahikoak eta sendoak" daudela haren kontra, eta enkubritzaile izatea leporatu diote; izan ere, "lagundu ahal izan zuen" ikusitakoa kontatzen, eszenan "presente" zegoelako. "Erraza zen", gaineratu du.
Defentsek absoluzioa eskatu dute
Akusatuen defentsek, berriz, absoluzioa eskatu dute.
Hilketaren ustezko egileak azken hitzerako eskubidea erabili du gaztearen familiari doluminak adierazteko. "Inork ez zuen gau hartan gertatutakoa gertatzerik nahi, eta benetan sentitzen dut", adierazi du. Era berean, labana ez zela berea azpimarratu du.
Hirugarren akusatuak ere hitza hartu du Lukas Agirreren familiari bere "doluminik sentituena" emateko, "galera konponezina" izan delako. Nabarmendu duenez, bera ere ama da eta "lau urte oso gogor" igaro ditu, "hate izugarri" batekin, beraz, alaba haurtzaindegira eramateari utzi zion eta kalera ateratzeko beldurra izan du.
Zure interesekoa izan daiteke
Labankadaz hil dute emakume bat Madrilen, eta hilketa matxista posibletzat ikertzen ari dira
Gasteiz eta Bilbo arteko N-222 errepidea itxita dago, kamioi batek istripua izan ondoren
4.700 lagun baino gehiago txertoguneen lehen egunean
Ibai azpiko tunelaren lanak hasi dira Sestaon
Bengoetxearen ustez, azterketak berriz planteatu behar dira, adimen artifizialaren eraginez
Gaixotasun profesionaltzat jo dute ospitale batean kutsatu zen zeladore baten covid iraunkorra
Sexuak eta maila ekonomikoak eragina dute osasunerako arrisku faktore nagusietan, OMEren arabera
Frankismoari lotutako bi kaleren izenak aldatuko dituzte Gasteizen, eta Paz Diaz de Espada eta Frida Kahlo deituko dira aurrerantzean
Osakidetzako filtrazioengatik epaitutako oposiziogileak aitaginarrebak prestatutako 50 galderetatik 48 asmatu zituen, lekuko baten arabera