Bilboko Aste Nagusia
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Lehiaketa gastronomikoak hartuko du gaur Bilbo, bilbainadekin eta publiko guztientzako hamarnaka jarduerarekin batera

Musika, antzerki eta dantza ikuskizunak tradizio jarduerekin uztartuko dira astelehen honetan, hala nola lehiaketa gastronomikoarekin, zezensuzkoarekin eta su artifizialekin. Gaur Athleticeko jokalarien harrera izango da eta Pentsiodunen Mugimenduak mobilizazioa egingo du. 

dultzaineroak-erraldoiak-bilbo-aste-nagusia
Dultzaineroak erraldoien desfilean, igande honetan, Bilbon. EFE.

Bilboko Aste Nagusiko lehen asteburuaren ostean, publiko guztiarentzako jardueraz beteriko programazioarekin hasiko du hiriak astelehena. Goizetik goizaldera arte, ez dira faltako musika, gastronomia eta era guztietako ikuskizunak. 

Eguna 10:00etan hasi da txistularien diana eta txupinarekin, eta Areatza sukaldaritzaren epizentro bihurtuko da. Nagusientzat, lehiaketa gastronomikoak abiatuko dira, pistoa prestatu beharko dute gaurkoan; eta txikienek sukaldaritza tailerra izango dute Gastrotxiki gunean, gaur, entsaladak prestatzen ikasteko.

Bilboko alkate Juan Mari Aburto, Udalbatzako ordezkariekin batera, Athletic Clubek Aste Nagusian egin ohi duen harreran izango da, 10:30ean, Ibaigane jauregian.

Aste Nagusiko goizero bezala, 11:00etan erraldoi eta buruhandiak aterako dira Euskal Museotik gaitari eta txistulariekin, eta Alde Zaharra musikaz beteko da Udal Txistulari Bandaren kalejirarekin.

Aldarriak ere izango du lekua festan, izan ere, Pentsiodunen Mugimenduak mobilizazioa egingo du gaur, 12:00etan, Plaza Eliptikotik abiatuta, pentsio duinen alde, bai eta Palestinako genozidioa salatzeko ere.

Eguerdian, era guztietako tailerrak izango dira konpartsetan: taloak, lorezaintza, txotxongiloak, harri-jasotzea, maskara tailerra, etab.

Txikigunea Casilda Iturrizar parkean egongo da zabalik, 11:00etatik 16:30era, eta Erripan txikiek puzgarriez gozatu ahal izango dute 11:00etatik 14:00etara.

Musika hitzorduak izango dira eguerdian: Pergolan, Gau Pasa bilbainadekin, eta Areatzako kioskoan, Udal Musika Bandaren kontzertuarekin.

Kale antzerkia, Txema Muñozen eskutik gaur; publiko guztiei zuzendutako Gota magia eta antzerki ikuskizuna eskainiko du, 12:30ean Bizikidetza plazan, eta 19:30ean, Pergolan. 

Musika, bertsoak eta dantzak arratsaldean

13:00etan, Alde Zaharrean beste bilbainada erronda bat izango da, Bilbotarrak taldearekin, eta, egunero bezala, Santiago Plazan bertso saioa izango da (gaur Miren Amurizak, Xabat Illarregik, Ekhuñe Zapiainek eta Aitor Mendiluzek abestuko dute).

15:00etan, Areatzako kioskoan, gastronomia lehiaketako sariak banatuko dira.

15:30ean karaoke ibiltaria izango da Algaratik, eta 18:00etatik aurrera SBKk (Salsa, Bachata, Kizomba) hartuko du lekukoa Askapeñan.

Arratsaldero bezala, 19:00etan euskal dantza saioa izango da Gas plazan, gaur Erandioko Goialde taldearen eskutik.

Gauez, rocka, su artifizialak eta berbena

Gaua erritmoz beteta dator: 20:00etan, Bilborock Aretoak XXXIX. Metal Pop-rock Erakustaldia hartuko du Nuzz eta Scusi Boys taldeekin. Gas plazan, ordu berean, erromeria eta Larrain Dantza izango dira, eta Plaza Biribilean, 20:00etatik 23:00etara, dantzaldia izango da Sukar taldearekin.

20:30ean, Gizakunde elizan biolin eta piano kontzertua izango da Tatiana Samouil eta Josu Okiñenarekin.

21:00etan Anari Kaskagorriko eszenatokira igoko dira eta ordu berean, Arriaga Plazan, zezensuzkoa aterako da. 22:30ean suek jarraituko dute, baina orduan zeruan, gaur Uruguaiko Supernova pirotekniak aurkeztuko duen ikuskizunarekin.

Jaia gaueko ordu txikietara arte luzatuko da, hiru proposamenekin: Evaristo Txurruka kaian, Anna Colomek (Bartzelona) flamenkoa eskainiko du; Pergolan, Mariachi Imperial Elegancia Mexicana arituko da; eta Mirua Abandoibarrako eszenatokira igoko da.

Gauak txosnetan jarraituko du kontzertu eta DJekin, goizaldera arte.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X