31 atxilotu eta bi zauritu Brownen heriotza salatzeko protestetan
Michael Brown 18 urteko gaztearen heriotzak (Poliziak tiroz hil zuen, abuztuaren 9an) protesta eta istilu ugari eragin ditu Estatu Batuetan azken egunotan.
Atzoko istiluetan, Poliziak 31 lagun atxilotu zituen eta bi pertsonak bala zauriak izan zituzten. Poliziak jakitera eman duenez, protestak lasaiak izan ziren arratsaldeko lehen orduetan, baina gauean istiluak izan ziren, nahiz eta Guardia Nazionala bertan izan.
Abuztuaren 9an Poliziak Michael Brown gaztea tiroz hil zuenetik Ferguson herrian izan diren istilu larrienak izan dira atzokoak.
Ehunka manifestarik hartu zuten parte Fergusoneko Florissant Etorbideko protestetan. "Tiroketa handi baten" biktimak izan direla salatu dute bertako poliziek. Ron Johnson bozeramaileak agerraldia egin du, atzoko istiluen balantzea egiteko.
Igandean egindako autopsiak erakutsi duenez, Michael Brown afroamerikarra sei tiro jasota hil zen. Gertakariak protestak eragin ditu Missouri estatuko Ferguson herrian.
Brownen familiak New Yorkeko arduradun forentse ohiari eskatutako autopsiaren txostenak argitu duenez, buruan bi tiro eta eskuineko besoan lau jaso zituen.
Autopsia
Autopsiaren arabera, ez zuten distantzia motzean tirokatu, ez baitago bolbora arrastorik gorpuan, baina oraindik ez dute haren arropa aztertu, eta, beraz, ez dago hori erabat baztertzerik.
18 urteko gaztea Darren Wilson poliziak tirokatu zuen, armarik gabe zegoela, abuztuaren 9an, baina Poliziak eta lekukoek bertsio ezberdinak eman dituzte gertatutakoaren inguruan.
Kasu horrek protestak eta istiluak eragin ditu Fergusonen, eta, Jay Nixon gobernadoreak etxeratzeko agindua eman ostean, igande goizaldean, pertsona bat larri zauritu zen eta Poliziak zazpi atxilotu zituen. Dozenaka pertsonak hautsi zuten larunbat iluntzean agindu hori, astebetez protesta eta arpilatze ugari izan eta gero.
Eric Holder fiskal nagusiak gaztearen gorpuari bigarren autopsia bat egiteko agindu du, "kasua ezohikoa delako eta Brownen familiak eskatu duelako", Brian Fallon Justizia Departamentuko bozeramaileak adierazi duenez.
Horren esanetan, autopsia "ahalik eta lasterren" egingo da, eta kasua ikertzen ari direnek kontuan hartuko dituzte autopsiaren emaitzak.
Familiaren abokatuaren ustez, hori "seinale ona" da, ikerketa aurrera doala erakusten baitu, eta, hain zuzen, "hori da familiak nahi duena".
Missourik Guardia Nazionalari deitu dio
Jay Nixon Missouri estatuko gobernadoreak Guardia Nazionala mobilizatu du Fergusoneko istiluei aurre egiteko.
Gobernadoreak sinatutako aginduak jasotzen duenez, neurri horrekin bakea eta ordena berreskuratu eta gizartea babestu nahi dute. Aurrez, tokiko Polizia estatuko Errepideetako Patruilak ordezkatu zuen, helburu beraren bila.
Horren harira, Barack Obama presidenteak esan du Guardia Nazionala oso kasu zehatzetan erabili behar dela eta "harretaz" jarraituko duela esan du. Presidenteak ere Eric Holder fiskal nagusia bidaliko du Fergusonera, gaztearen heriotzaren inguruko ikerketa pertsonalki gainbegirazeko.
Nixon gobernadorearen esanetan, protesta baketsuen artean, indarkeria ekintzak ere izan dira, eta horiek egin dituzten asko Ferguson eta Missouri estatutik kanpoko pertsonak direla nabarmendu du.
"Ekintza kriminal horiek kondenatzen ditugu, segurtasun indarren eta zibilen aurkako tiroketak, molotov koktelen jaurtiketak, lapurretak, errepideak blokeatzeko saiakerak eta agintarien postuen aurkako erasoak barne", komunikatu ofizialaren arabera.
Nixonek berretsi du ekintza horiek ez diotela mesederik egiten ez Michael Browni ez haren familiari.
Ku Klux Klanek diru-bilketa egingo du
Ku Klux Klan (KKK) eskuin muturreko taldeak diru-bilketa bat jarriko du martxan, Brown hil zuen poliziari laguntzeko helburuarekin. “Beltz gaizkile horren aurka bere lana egin zuen Poliziari emango diogu diru guztia”, adierazi du erakundeak.
Diru-bilketa horretan AEBetako hiru Estatu ezberdinetako kideek parte hartuko dute. Horrez gain, diru-bilketa begi onez ikusten ez dutenei Ku Klux Klaneko kideek armak eramango dituztela ohartarazi dute.
Zure interesekoa izan daiteke
Txertoak agortu dira eta farmaziak gainezka daude Erresuma Batuan, meningitis-agerraldi baten ondorioz
Kezka zabaldu da Erresuma Batuan. Unibertsitate-ikasleak biltzen diren Canterburyko diskoteka batean hasi da agerraldia. Dagoeneko bi pertsona hil dira, eta gutxienez 20 kutsatu dira.
Petrolio-upelaren prezioa 113 dolarrera igo da, eta gasa % 30 garestitu, Qatarko energia-azpiegituren aurka abiatutako erasoen ondorioz
Ekialde Hurbileko gatazkak merkatuak astintzen jarraitzen du: Asiako burtsek behera egin dute gogor, eta Europakoetan eguna negatiboan hastea aurreikusten da, Europako Kontseiluaren bileraren zain.
Israelek eta Estatu Batuek eraso egin diote Iranek eta Qatarrek duten munduko gas aztarnategi handienari
Iranek ohartarazi du bere azpiegitura energetikoaren aurkako erasoek "ondorio kontrolaezinak" ekar ditzaketela, eta egoera are gehiago zaildu eta mundu osoari kalte egin diezaioketela.
Diaz-Canelek esan du Kubak "eutsi" egingo diola "AEBk zigor kolektibo" gisa erabiltzen duen "gerra ekonomiko basatiari"
Nazio Batuen Erakundeak (NBE) ohartarazi du erregai-eskasiak Kubako "funtsezko zerbitzuak" kaltetzen dituela, eta hornidura humanitarioen entregak atzeratzen eta hornigaiak garestitzen ari direla. Gainera, ohartarazi du "bildu gabeko zaborra pilatzen" ari dela hiriburuan, Habanan, "airearen kalitatea okerrera" doala "hondakinak eta janaria prestatzeko zura erretzen delako", eta "elektrizitate faltagatik 50.000 ebakuntza egin gabe" geratu zirela otsailean, besteak beste.
Irango zentral nuklear bati eraso egin diotela salatu du NBEk
Oraingoz, ez dute biktimen ezta kalteen berririk eman. Energia Atomikoaren Nazioarteko Erakundeak Ekialde Hurbileko gatazka baretzeko deia egin du, istripu nuklearrak gertatzeko arriskua saihesteko.
Iranek misilekin eraso egin du Tel Aviven aurka, Ali Larijaniren hilketaren mendeku gisa
Irango Guardia Iraultzailearen esanetan, "100 helburu militar eta segurtasun helburu baino gehiago" jo dituzte, erasoan Israelgo aireko defentsa sistemak gaindituta.
Iranek baieztatu du Ali Larijani Segurtasun Nazionaleko Kontseilu Goreneko idazkaria hil duela Israelek
Martxoaren hasieran Khamenei aiatola hil zutenetik, Larijani Irango buruzagi garrantzitsuenetakoa zen. Halaber, eraso berean Golamreza Soleimani Basij indar paramilitarreko buruzagia hil dutela baieztatu du Irango Guardia Iraultzaileak. Hilketa horien aurrean, Irango agintari politiko eta militarrek "mendekua" agindu dute.
Espainiak euskara, katalana eta galegoa Europar Batasunean hizkuntza ofizialak izan daitezen nahi du
Fernando Sampedro EBko Estatu idazkariak esan du presioa egiten jarraituko dutela, nahiz eta gaiak bederatzi hilabete daramatzan Ministerioaren agendatik kanpo.
Israelgo Armadak iragarri du "eskala handiko" beste erasoaldi bat egingo duela Teheranen aurka
Israel Katz Defentsa ministroak iragarri duenez, Ali Larijani Irango Segurtasun Nazionaleko agintaria hil dute.
Trumpek esan du "ohore handia" izango litzatekeela "Kuba hartzea"
Bere Administrazioa Kubako agintariekin hitz egiten ari dela errepikatu du agintariak, eta irla "porrot egindako nazio bat" dela azaldu du. "Ez dute dirurik, ez dute petroliorik, ez dute ezer".