Trumpek esan du "ohore handia" izango litzatekeela "Kuba hartzea"
Bere Administrazioa Kubako agintariekin hitz egiten ari dela errepikatu du agintariak, eta irla "porrot egindako nazio bat" dela azaldu du. "Ez dute dirurik, ez dute petroliorik, ez dute ezer".
Donald Trumpek adierazpenak egin ditu Washingtonen, Bulego Obalean. Argazkia: EFE.
Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidenteak esan du "ohore handia" izango litzatekeela "Kuba hartzea". Bi herrialdeen arteko tentsioen erdian esan du hori, uhartearen aurkako blokeo energetikoa dela eta.
"Kuba hartzea ohore handia izango litzateke. Kuba hartu, Kuba nola edo hala hartu, bai. Dela askatu, dela hartu. Nahi dudana egin nezake (Kubarekin)", esan du Etxe Zurian egindako prentsaurreko batean.
Bere Administrazioa Kubako agintariekin hitz egiten ari dela errepikatu du Trumpek, eta irla "porrot egindako nazio bat" dela azaldu du. "Ez dute dirurik, ez dute petroliorik, ez dute ezer".
"Lur ona dute. Paisaia politak dituzte. Irla ederra da", esan du errepublikanoak. Era berean, Estatu Batuetan aberats egin ziren lagun kubatarrak dituela esan du.
Presidente errepublikanoak, azken asteotan, uhartearen kontrola "modu adiskidetsuan" zein indarrez hartzeko mehatxua egin du, eta Habanako Gobernua "laster eroriko" dela esan du, herrialdea "erortzeko zorian" dagoelako.
Joan den astean, Miguel Diaz-Canel Kubako presidenteak esan zuen AEBrekin hitz egiten ari direla "elkarrizketaren bidetik irtenbideak bilatzeko".
Beste itzalaldi batekin hasi zuen astea Kubak, seigarrena azken 18 hilabeteetan. Egoera hori larriagotu egin da azken hiru hilabeteetan ezarritako petrolio-blokeoarekin, ekonomia erabat geldiarazten ari da, eta gizartearen ezinegona, areagotzen.