Israelek Global Sumud Flotillako bi ekintzaile eraman eta gainerakoak askatu ditu Kretan
Global Sumud Flotillak "legez kanpoko bahiketa" salatu du eta bi kide askatzeko nazioarteko presioa eskatu du; Israelek Gazaren aurkako itsas blokeoa defendatu du.
Israelgo Gobernuak jakitera eman duenez, Global Sumud Flotillaren bi ekintzaile (Saif Abu Keshek eta Thiago Avila) atxilotu dituzte, galdeketa egiteko, Mediterraneoko nazioarteko uretan hogei ontzi baino gehiago atzeman ostean. Gainerako 170 atxilotuak Kreta uhartean askatu eta lehorreratu dituzte, Greziako Gobernuaren laguntzarekin.
Aktibistak Gazaren “legezko itsas blokeoa” hausten saiatzen ari zirela argudiatuz justifikatu du operazioa Israelek, eta Hamasen interesei eta “probokazio politiko” bati lotuta egotea leporatu dio ekimenari.
Global Sumud Flotillak bi ekintzaileak berehala askatzeko eskatu du, eta nazioarteko gobernuei Israelen aurkako presioa egiteko eskatu die, atxiloketak “ilegalak” direla esanez.
Bake Batzordeak, bere aldetik, flotilla kritikatu du, “aktibismo performatiboa” leporatuta, eta laguntza humanitarioa bere egituraren bidez bideratu behar dela defendatu du, indarrean dagoen su-etenaren eta Gaza berreraikitzeko nazioarteko planaren harira.