Iranek negoziatzeko beste proposamen bat bidali dio AEBri
Trumpek onartu du Iranek "aurrerapausoak" eman dituela bere proposamenean, baina ez du baztertzen aukera militarra.
Iranek negoziazioak abiatzeko beste proposamen bat helarazi dio Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuari, Pakistanen bitartez, IRNA agentzia ofizialak gaur zabaldu duenez, baina ez du proposamenaren edukiaren xehetasunik eman.
Ildo horretan, Donald Trump AEBko presidenteak adierazi du Iranek "aurrerapausoak" egin dituela negoziazioetan; dena den, aitortu du ez dagoela ziur Teheranek Washingtonek eskatzen dizkion baldintzak beteko dituenik.
"Onartu ezin ditugun gauzak eskatzen ari dira", esan du Teheranen eskaintzari buruz. Azken asteetan, Iran programa nuklearrari lotutako alternatibak aurkezten saiatu da, baina Washingtonek tinko jarraitzen du: Errepublika Islamikoak uranioa aberasteari utzi behar dio eta arma atomiko bat garatzeko asmo guztiak baztertu behar ditu.
Trumpek baieztatu du irandarren proposamen berri bat jaso duela, xehetasunik eman ez badu ere, eta gaineratu du: "Une honetan dena negoziazio bidez egiten ari gara, telefono bidezko negoziazioen bidez".
AEBko presidenteak azpimarratu du Irango lidergoa "oso zatituta" dagoela, eta Etxe Zuria neurri militarrak aztertzen ari dela akordiorik lortzen ez bada gerra amaitzeko eta Ormuzeko itsasartea berriz irekitzeko.
Trumpek Pentagonoaren partetik aukera militarrei buruzko datu eguneratuak jaso dituela ziurtatu du, eta mezu hau utzi du: "Aukerak egon badaude. Joan eta betiko amaitzeko erabat arrasatu nahi ditugu, ala akordio batera iristen saiatu nahi dugu? Horiek dira aukerak".
Dena den, AEBko presidenteak azpimarratu du nahiago duela gatazkari irtenbide negoziatu bat ematea.
Beste saiakera bat
Teheranek joan den astean ere aurkeztu zion proposamen bat Washingtoni, Islamabaden bidez. Orduko hartan, negoziazioa hainbat fasetan egitea eskaini zuen, lehenengoan gerrari amaiera ematea eta bi aldeek Ormuzko itsasartea berriz irekitzea proposatuta, Irango programa nuklearraren auzia gerorako utzita.
AEBko hedabideen arabera, proposamen hark ez zuen Donald Trump presidentea konbentzitu, programa nuklearrari buruzko elkarrizketak atzeratzen zituelako.
Bi aldeen arteko elkarrizketa zuzenak bertan behera daude gaur egun. Iranek uko egin dio AEBko ordezkariekin esertzeari AEBk Irango portu eta ontziei ezarritako itsas blokeoari eusten dion bitartean. Neurri horren bidez, Washingtonek Irango ekonomia ito nahi du.
Bestalde, Iranek Ormuzko itsasarteko trafikoa kontrolatzen jarraitzen du. Munduko petrolioaren % 20 igarotzen da pasabide estrategiko horretatik, eta egoerak erregaiek gora egitea eragin du.
Bi aldeak Islamabaden elkartu ziren apirilaren 11n eta 12an. 1979ko Iraultza Islamikoak garaipena lortu zuenetik maila gorenean izandako bilera izan zen.
Topaketa horretan, ordea, ez zuten adostasunik lortu gerra amaitzeko. Gatazka AEBk eta Israelek abiatu zuten Iranen aurka otsailaren 20an, eta apirilaren 8an su-etena ezarri zutenetik geldirik dago.