Atentatuen aurrean hartu beharreko neurriak aztertuko ditu EBk
Europako Batasuneko Barne ministroak gaur arratsaldean bilduko dira Bruselan, ez-ohiko bileran, Bruselan astearte honetan izandako atentatuen ostean hartu beharreko neurriak aztertzeko; gutxienez 32 lagun hil ziren atentatu horietan.
16:00etan abiatutako da bilera, Europako Batzordearen egoitza nagusian. Terrorismoaren aurkako borrokan estatu-kideen arteko lankidetza estutzea izango da bileraren helburua.
Dimitris Avaramopoulos EBko Barne komisarioak deitu du hitzordua, eta proposamen bateratuen premia nabarmendu du. Mahai gainean, besteak beste, bi gai izango dituzte: mugetako kontrolak nola zorroztu eta suzko-armen gaineko kontrola areagotzeko neurriak zehaztu. Aspaldiko gaiak dira horiek, baina ez dira adostasun batera iristeko gai 28 estatu-kideak.
Jean ?Claude Juncker Europako Batzordeko presidentearen hitzetan, Europa terrorismoari aurka egiteko prestatuta ez egotea "estatu-kideen ardura" da, hein handi batean, ez direlako gai izan erantzun bateratu bat adosteko. Polemika piztu dute Junckerrek adierazpenok, EBko kideei arduraz ez jokatzea egotzi dielako, segurtasunaren bidean.
"Lobbie interesatuen" aurrean amore ez emateko eskatu die EBko buruak estatuei, eta, besteak beste, suzko armen gaineko kontrola indartzeko neurriak onar ditzatela exijitu die.
Manuel Valls Frantziako lehen ministroa ere Bruselan da, gaur, atentatuak izan aurretik hitzartutako bilera bat duelako. Premiazko hainbat neurri hartu behar direla nabarmendu du, eta Europako Parlamentuari erabaki azkarrak eta eraginkorrak eskatu dizkio, terrorismoaren aurkako borrokan.
Lau erasogile
Frederic Van Leeuw Belgikako fiskal nagusiak atzo jakinarazi zuenez, lau izan ziren Bruselako atentatuen egileak: Jalid eta Ibrahim El Bakraoui anaiak, oraindik identifikatu gabe dagoen kamikaze bat, eta "bilatzen ari diren" beste terrorista bat.
Van Leeuwen hitzetan, Jalid el Brakaouik bere burua zartarazi zuen Maelbeekeko metro geltokian. Haren anaia Ibrahimek beste hainbeste egin zuen Zaventemgo aireportuan identifikatu gabeko beste kamikaze batekin batera. Laugarren lagun baten bila ari dira orain, aireportuko kamerek El Brakaoui anaiekin batera zegoen eta buruan txanoa zeraman hori, hain zuzen.
Nahasmen eta informazio faltsu andanaren ostean, "baieztatutako eta egiazko informazioen" berri bakarrik emango zuela ohartarazi zuen fiskalak prentsaurrekoaren hasieran.
"Argazkian erdian ageri dena bere buruaz beste egin duenetako bat da, Ibrahim El Bakraoui, 1986ko urrian Bruselan jaiotakoa. Ezkerrean ageri dena, berriz, oraindik ez dugu identifikatu, eta eskuinekoa ere ez", esan zuen fiskalak.
Hain zuzen, azken horrek, irudian txanoa jantzita ageri denak, lehergailuz betetako maleta utzi zuen irteeren terminalean, eta ihes egin zuen. Gerora egin zuen eztanda, baina inor zauritu gabe, ordurako aireportua hustuta zegoelako, fiskalak jakitera eman zuenez. "Lehergaiak zituen poltsa handi bat utzi zuen, eta lehertu aurretik ihes egin zuen. Bertan zegoen lehergai-kargarik handiena", gaineratu zuen.
Belgikako hainbat hedabidek zabaldu dutenez, Najim Laachraoui da ihes egin duen erasogilea. Parisko atentatuekin lotura duelakoan, Laachraoui bilatzeko eta atxilotzeko agindua emanda zegoen lehendik.
Metro-geltokian atentatua burutu zuena, berriz, esan bezala, Jalid El Bakraoui zela baieztatu zuen fiskalak. "Jalid El Bakraoui zen, Ibrahimen anaia, 1982ko urtarrilean Bruselan jaiotakoa", gaineratu zuen.
Atxiloketa bat izan dela ere berretsi zuen, baina ez zuen zehaztu nor den. Ez da, dena den, Najim Laachraoui, Belgikako egunkariek zabaldu duten bezala.
Vab Leeuwek bere agerraldian jakitera eman zuenez, aireportuan erasoa egin zuten hiru lagunak etxetik aireporturaino eraman zituen taxilariaren lekukotza oso garrantzitsua izan da. Hark emandako helbidean lehergai gehiago, amoniakoa eta lehergailuak egiteko hainbat material aurkitu dute.
Kaleko zabor-ontzi batean, bestalde, ordenagailu bat topatu dute, eta, bertan, Ibrahimen testamentua zegoen gordeta, ikertzaileen arabera.

(Ibrahim eta Jalid El Bakraoui anaiak. Argazkia: EFE)
Turkiak erasotzaileetako bat deportatu zuen
Bruselako erasoen ustezko egileetako bat Turkian atxilotu zuten 2015eko ekainean, eta uztailaren 14an Holandara deportatu zuten, Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak jakinarazi zuenez.
"Bruselako erasotzaileetako bat atxilotu genuen joan den ekainean Ganziatipen eta deportatu egin genuen. Belgikako enbaxadari uztailaren 14an eman genion deportazioaren berri. Belgikak libre utzi zuen", azaldu zuen Erdoganek Ankaran emandako prentsaurrekoan.
"Atzerrian aritutako gerrillaria zela ohartarazi arren, Belgikak ezin izan zuen egiaztatu terrorismoarekin inolako loturarik zuela", azaldu zuen.
Erdoganek argitu du ustezko terroristak berak eskatuta deportatu zutela Holandara. "Holandako agintariei ere helarazi genien jakinarazpena", erantsi zuen.
Turkiako presidenteak ez du atxilo hartu zuten ustezko jihadistaren izena eman. "Bruselako atentatuen egiletako bat" dela esan zuen.
Alabaina, Turkiako zenbait komunikabidek zabaldu dutenez, Ibrahim El Bakraoui da joan den ekainean Turkian atxilotu zuten erasotzailea.
Biktima kopuruaren balantzea
Bestalde, Bruselako sarraskian 31 lagun hil zirela berretsi du arratsalde honetan Belgikako Gobernuak, baina zauritutako pertsonak 300 direla zehaztu du.
Ildo horretan, behin-behineko zifrak direla azpimarratu dute; izan ere, 150 lagun oraindik ospitalean daude, horietako 61 zaintza intentsiboetako unitatean eta lau koman.
Zure interesekoa izan daiteke
Kolonbiako Armadaren garraio-hegazkin batek lurra jo du herrialdearen hegoaldean
Agintariek jakinarazi dutenez, ehun soldadu baino gehiago zihoazen hegazkinean, eta horietako batzuk bizirik atera dira.
Trumpek bost egun atzeratu du zentral elektrikoen aurkako eraso-oldea, Iranekin "elkarrizketa oparoa" izan baitu
"Azken bi egunetan" Iranekin gatazka "erabat konpontzeko" harremanak izan dituela jakinarazi du AEBko presidenteak. Irango Atzerri Ministerioak aitortu du AEB eurekin harremanetan jarri zela, baina azpimarratu du ez dela negoziaziorik izan.
Libano hegoaldea ez da leku segurua, ez kristauentzat ezta musulmanentzat ere
Israelgo Defentsa ministroak iragarri zuen Libano hegoaldea Gaza bihurtuko zela, eta horixe ari da gertatzen. Libanoko kristauak harrapatuta daude, askok Beiruteko aterpetxeetara egin dute ihes, baina beste batzuek ez dute hiria uzteko asmorik.
EBren eta Mercosurren arteko akordioa maiatzaren 1ean sartuko da indarrean, behin-behinean
Gauzak horrela, merkataritza libreko ituna aplikatuko da martxoa amaitu aurretik akordioa onartzen duten Mercosurreko herrialdeen artean. Oraingoz, Argentina, Brasil eta Uruguaik egin dute hori.
Kuba argindarra berreskuratzen hasi da, astebetean izan duen bigarren 24 orduko itzalaldiaren ostean
Habanan elektrizitate zerbitzuaren % 70 martxan dago. Ospitaleek eta ur-hornidurarako azpiegiturek dute lehentasuna.
Air Canadako hegazkin batek eta suhiltzaileen kamioi batek talka egin dute New Yorkeko LaGuardia aireportuan
Air Canadako hegazkin batek eta suhiltzaileen kamioi batek talka egin dute igande gauean New Yorkeko LaGuardia aireportuan (Queens). Hainbat lagun zauritu dira, bertako komunikabideek jakitera eman dutenez.
"Persiar golko osoan" minak jarriko dituela mehatxu egin du Iranek, AEBk inguru horretako uharteetan erasoa jotzen badu
Irango Guardia Iraultzaileak entzungor egin dio Trumpen mehatxuari. AEBk zentral elektrikoen kontra egiten badu, “modu berean” erantzungo duela adierazi du Guardiak.
Israelek Teheranen aurkako erasoak areagotu ditu, AEBk eta Iranek elkarri egindako mehatxuen ondoren
Israelgo Armadak defentsa sistemak aktibatu ditu Irandik jaurtitako geldiarazteko. Gerra luzatzea benetako aukera da, adituen arabera.
Sozialistek irabazi dute Parisen
Aurrerakoiek hiri garrantzitsuenetan agintzen jarraituko dute, eta Nizan eskuin muturrak irabazi du.
Israelgo Armadak "eraso olde berri bat" iragarri du Libano hegoaldean
Israelgo Defentsa ministroak Libanoko Litani ibaiaren gaineko zubi guztiak "berehala" suntsitzeko agindu du. Gaur bertan, Qasmiyeh zubiari eraso diote (irudietan ikus daiteke). Israelgo Armadak, bestalde, "eraso olde berri bat" iragarri du, Hezbollah talde xiitaren "azpiegituren aurka", Libano hegoaldean.