Sinatu dute bake akordioa Kolonbiako Gobernuak eta FARCek
Juan Manuel Santosen Gobernuak eta Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileek (FARC) sinatu egin dute abuztuaren 24an adostu zuten agiria, bakerako behin betiko urratsa emanda. Lau urte baino gehiago eman dituzte Habanan negoziatzen, akordioa lortzeko.
Santosek eta Rodrigo Londoño Echeverri 'Timochenko' FARCeko buruak Cartagena de Indias hirian 17:00ak zirenean hasi den ekitaldi batean sinatu dute agiria. Ondoren, hitza hartu dute biek, gerratik bakera emandako pausoen berri emateko.
15 estatuburu, Kanpo Arazoetarako 27 ministro eta nazioarteko hamaika erakunderen presidenteak izan dira une historiko horren lekuko. Besteak beste, Juan Carlos I.a Espainiako errege emeritua eta Jose Manuel Garcia-Margallo jarduneko ministroa izan dira bertan. Ban Ki-moon eta Luis Almagro NBEren eta Amerikako Estatuen Erakundeko presidenteek ere hartu dute parte ekitaldian.
Aipatutakoak ez dira gonbidatu bakarrak izan: 2.500 bat pertsonak Cartagenako Konbentzio Zentroko Banderen Patioa bete dute, zuriz jantzita, protokoloak hala agintzen zuelako. Horien artean, Kofi Annan NBEren idazkari nagusi ohia eta Felipe Gonzalez, Jose Alberto Mujica eta Ernesto Zedillo Espainiako, Uruguaiko eta Mexikoko presidente ohiak ere egon dira.
Bake-akordioa
Sinadura horren bidez, Kolonbiako Gobernuak eta FARCek 297 orriko bake akordioa berretsi dute. Sei ardatz nagusi ditu testuak: laborantza eta landa garapena, parte-hartze politikoa, legez kanpoko laboreak, biktimak, gatazkaren amaiera eta adostutakoa berretsi, aplikatu eta egiaztatzea.
Laborantza eta landa garapenaren akordioaren bidez, Lurren Funtsa sortuko dute Kolonbiako landa-eremuak "demokratizatzeko", "lurrik ez duten edo lur nahikorik ez duten nekazarien eta gatazkak gehien kaltetutako guneen mesedetan, banaketa zuzena bultzatuz".
Bestalde, parte-hartze politikoaren helburua indar berriak sortzea da, besteak beste, FARCen etorkizuneko alderdi politikoa sortzea, bermeekin lan egin ahal izateko. Bermeok "oposizioaren estatutu" batean jasoko dituzte.
Horrez gain, FARCek "droga-trafikoarekin hasitako balizko harremanak" hausteko konpromisoa hartu du. Legez kanpoko laboreak bertan behera uzteko eta horien ordez legezkoak hazteko modua adostu dute bi aldeek.
Bakearen gaineko bozketa
Edonola ere, asteleheneko sinadura ekitaldia sinbolikoa izan da, kolonbiarrek erreferendumean erabaki beharko dutelako bost akordioekin bat egiten duten edo Habanan adostutako ituna errefusatzen duten.
Galdeketa balekoa izateko gutxieneko parte-hartzea erroldaren % 13an ezarri dute. 48 milioi biztanle ditu Kolonbiak, baina horietatik 33k baino ez du botoa emateko eskubidea izango; beraz, horien % 4,5ek bozkatuz gero, nahikoa izango da bake akordioa berresteko edo baztertzeko.
Ipsosek boto-asmoari buruz duela gutxi egindako inkesta baten arabera, kolonbiarren % 53k parte hartuko du erreferendumean, eta % 72k alde eta % 28k aurka bozkatuko dute.
Alvaro Uribe eta Aldres Prastrana presidente ohiek "ezezkoa"ren aldeko kanpaina egin dute. Horien ustean, bake akordioak errugabe bihurtuko ditu FARC, eta Kolonbiako garapena oztopatuko du etorkizunean. Halere, bakearen alde agertu dira, eta, "ezezkoak" irabaziz gero, akordio hobea egiteko aukera badela esan dute.
Hori, baina, "hondamendia" litzateke, Santosen arabera. "Ezezkoak irabazten badu, hasierako egoerara itzuliko ginateke, gatazka armatura bueltatuko ginateke", azaldu du. Uste berekoak dira FARCeko buruak ere. "Ez dago aukerarik Habanan adostutakoa berriz ere negoziatzeko", adierazi du Carlos Antonio Lozada FARCeko Idazkaritzako kideak.
Sinatzearen ondoko aroa
Kolonbiarrek bake akordioa begi onez ikusten badute ere, Gobernuak eta FARCek jakin badakite bide luzea dagoela oraindik egiteko, 52 urteko gerrak zortzi milioi biktima eragin baititu.
Gainera, 160.000 pertsona baino gehiago daude desagertuta. Horrez gain, minak ere kendu beharko dituzte zenbait lekutatik, Gurutze Gorriko Nazioarteko Batzordeak egindako azken txostenaren arabera.
Kolonbiak, era berean, Indar Armatuen egitura berregin beharko du, orain arte gerrillei aurre egiteko antolatuta baitzeuden, gaizkileek FARCek utzitako eremuak erabiltzeko arriskua dagoelako.
Horrek guztiak lortu, eta bake akordioan jasotako puntuak gauzatzeko, giza baliabide eta baliabide material asko beharko dira; beraz, nazioartearen laguntza ezinbestekoa izango da prozesua arrakastaz burutzeko.
Zure interesekoa izan daiteke
Ukrainak Errusiarekin hitz egin nahi izatearen "seinale batzuk" jaso dituela azpimarratu du Putinek
Errusia "gatazka bide baketsuan amaitzeko" prest dagoela azpimarratu du, "joan den ekainean Atzerri Ministerioaren aurrean azaldu nituen printzipioetan oinarrituta" eta "gatazka eragin zuten jatorrizko arrazoiak ezabatuz gero".
AEBko Gobernuak Epstein pederastaren artxibo klasifikatuak argitaratuko ditu ostiral honetan, partzialki bada ere
Pasa den azaroan, AEBko Ordezkarien Ganberak Trumpen gobernua Jeffrey Epstein pederastaren artxiboak sekretupetik ateratzea behartzen duen legea onartu zuen. Lege-testuaren arabera, material hori "kontsultatzeko eta deskargatzeko" moduan egon beharko da.
Europar Batasunak 90.000 milioi euroko mailegua emango dio Ukrainari, zor bateratuaren bidez finantzatuta
Momentuz, 27 herrialdeetako agintariek ez dituzte aktibo errusiarrak erabiliko Ukraina finantzatzeko.
EBk akordioa iragarri du asilo-eskatzaileak "hirugarren herrialde seguruetara" deportatzea errazteko
Europako Kontseiluaren eta Europako Parlamentuaren arteko behin-behineko akordioak babes-eskaerak ez onartzeko kasuistikak zabalduko ditu.
Ospea minimoetan duela, Trumpek bere lorpenak puztu ditu nazioari egindako diskurtso batean
Ia egunero egiten dituen agerraldi publikoetan esaten dituen gauza asko errepikatuz hasi du hitzaldia agintariak: etorkinei eta Joe Biden bere aurrekoaren gobernuari eraso egin die, eta hilabete gutxi batzuetan AEBk "okerrenetik onenera" egin dutela ziurtatu du, deportazioak egin dituelako, mugaetako kontrolak zorroztu dituelako eta beste herrialde batzuen aurka muga-zergak ezarri dituelako.
Venezuelak, AEBri: "Ez duzue gure petroliorik izango, ez oparituta, ezta lapurtuta ere"
Etxe Zuriak atzo adierazi zuenez, AEBk sortu zuen Venezuelako petrolio-industria, eta Caracasen 1976an industria hori nazionalizatzea, estatubatuarrei inoiz egindako "lapurretarik handiena" izan zen.
Alemaniak umeei hilean 10 euro ematea onartu du, erretiro-pentsioetan aurrezteko
"Goiz hasteko pentsioa" delakoa Alemaniako Gobernuak abian jarri duen pentsio sistema pribatuaren erreforma sorta zabalago baten parte da.
Frantziako Barne Ministerioaren aurkako zibererasoa egin eta dozenaka artxibo konfidentzial lortu dituzte
Laurent Nuñez Barne ministroak adierazi duenez, aurrekari penalen (TAJ) eta pertsona bilatuen (FPR) fitxategietara sartu dira hackerrak. Pariseko Fiskaltzak ikerketa abiatu du gertaturikoa argitzeko.
Venezuelan sartu eta irteten diren petrolio-ontziak erabat blokeatzeko agindu du Trumpek
AEBko presidenteak nabarmendu duenez, "Maduroren erregimen ez-legitimoa lapurtutako petrolioa erabiltzen ari da narkoterrorismoa, pertsonen trafikoa, hilketak eta bahiketak finantzatzeko, besteak beste".
Bondiko atentatuaren ostean, armen gaineko legeak gogortu egingo dituztela iragarri du Australiak
Australiako Gobernuak erantzun dio igandean Bondi hondartzan izandako erasoari, eta iragarri du aldaketak egingo dituztela armei buruzko legedian, kontrolak indartzeko. Sydneyn 16 pertsona hil zituzten.