Iranen aurkako gerrarekin bat egiteko eskatu dio mundu osoari Netanyahuk
Gideon Saar Atzerri ministroak Araden salatu duenez, Iranek gerrako krimenak egin ditu azken 24 orduetan bertan, "jomuga militarrik" ez duten gune zibilei eraso eginda.
Netanyahu gaur Araden, atzoko erasoen kalteak ikusten. Argazkia: EFE
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak Iranen aurkako gerrarekin bat egiteko eskatu dio nazioarteari igande honetan. Herritar zibilen aurkako erasoak egitea, leku sakratuei erasotzea, nazioarteari Ormuzko itsasartea blokeatuta "xantaia" egitea eta armen artean irismen luzeko misilak izatea leporatu dio Irani.
"Iran mundu osoa arriskuan jartzen ari dela frogatzen duten datuak nahi badituzte, azken 48 orduei erreparatzea dute", adierazi du Netanyahuk Arad hirira egindako bisitan. Irango misilek dozenaka zauritu utzi zituzten atzo, Israelen arabera. "Eremu zibil bati eraso dio Iranek, zibilak hiltzeko asmoarekin", gaineratu du.
Jerusalem hiriari, Erosten harresiari, Hilobi Santuaren elizari eta Al Aksa meskitari, "hiru erlijio monoteisten leku sakratuei", eraso egitea ere egotzi dio Netanyahuk Irani.
"Israel eta Ameriketako Estatu Batuak elkarrekin ari dira lanean mundu osoaren izenean, eta gainerako herrialdeek bat egiteko garaia da", esan du Netanyahuk, Donald Trump AEBko presidenteak Ormuz desblokeatzeko nazioarteko misio bateratu bat eskatu eta astebetera.
"Trump presidenteak nazioarteari erregimen terrorista eta fanatiko horri aurre egiteko egindako deia ez da soilik AEBren eta Israelen segurtasunaren alde, mundu osoaren segurtasunaren alde baizik. Eta ekiteko garaia da", ohartarazi du.
"Iranen gerrako krimenak"
Araden handik gutxira Gideon Saar Israelgo Atzerri ministroak salatu duenez, Iranek gerrako krimenak egin ditu azken 24 orduetan bertan, "jomuga militarrik" ez zuten gune zibilei eraso eginda.
"Ez dute inolako izaera militarrik, ezta garrantzi militarrik ere. Helburu bakarra ahalik eta zibil gehienei min egitea da; beraz, gerrako krimena da argi eta garbi", salatu du.