Trumpek nazioarteko itsas misio bat proposatu du Ormuzko itsasartea berriro irekitzeko
"Zorte apur batekin, Txinak, Frantziak, Japoniak, Hego Koreak, Erresuma Batuak eta kaltetutako beste herrialde batzuek ontziak bidaliko dituzte Ormuzko itsasartera, erabat suntsituta dagoen nazio baten mehatxu izaten jarrai ez dezan", adierazi du AEBko presidenteak.
Ormuzko itsasartea. Artxiboko argazkia: Europa Press
AEBko presidente Donald Trumpek nazioarteko itsas misio bat proposatu du Ormuzko itsasarterako —Irango Armadaren blokeopean dagoen nazioarteko petrolio merkataritzaren arteria nagusia—, "irekita egon dadin" eta "toki segurua" izan dadin.
Trumpek espero du "kaltetutako herrialdeek" misioarekin bat egitea. Oraindik ez du eperik eman, baina itxaropentsu agertu da uste duelako, besteak beste, Txina, Frantzia, Japonia, Hego Korea edo Erresuma Batua AEBko ontziekin batera joango direla bertara.
Truth Social plataforman argitaratutako mezuan, Trumpek esan du "Iranen gaitasun militarraren % 100a" suntsituta dagoela AEBk eta Israelek duela bi aste abiatutako erasoaldiaren ondorioz.
"Zorte apur batekin, Txinak, Frantziak, Japoniak, Hego Koreak, Erresuma Batuak eta kaltetutako beste herrialde batzuek ontziak bidaliko dituzte Ormuzko itsasartera, erabat suntsituta dagoen nazio baten mehatxu izaten jarrai ez dezan", adierazi du AEBko presidenteak.
"Bitartean, AEBk errukirik gabe jarraituko du kostaldea erasotzen eta Irango ontziak hondoratzen. Batera edo bestera, laster lortuko dugu Ormuzko itsasartea irekita, seguru eta libre uztea", erantsi du.