Herbehereak
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Rotterdamen atxilotutako espainiarra aske utzi dute

Gas-bonbonak zeramatzan furgoneta batean. 22 urteko gazte holandar batek atxilotuta jarraitzen du; eman zuen abisu bat, eta, ondorioz, kontzertu bat bertan behera utzi zuten.
Rotterdameko Polizia furgoneta bat miatu zuten atzo. Argazkia: EFE
Rotterdameko Polizia furgoneta bat miatu zuten atzo. Argazkia: EFE

Asteazken honetan Rotterdamen atxilotutako espainiarra aske utzi dute. Gas-bonbonak zeramatzan bere furgonetan, baina Polizia holandarrak baieztatu du ez zuelako inolako zerikusirik mehatxu terrorista batekin.

Agiri batean, Poliziak azaldu du gidaria 'ez dela jada susmagarria ikerketan'; izan ere, Maassilo aretoan egitekoa zen rock-kontzertu baten aurkako alerta terrorista bat ari dira ikertzen Holandako agintariak. Ekitaldia bertan behera utzi zuten, ondorioz.

'Ikerketek erakutsi dute ez dagoela zerikusirik atxilotuaren eta Maassiloren aurkako mehatxu terroristaren artean', aseguratu du Poliziak.

Kontzertu-aretoaren ondoan, atxilotuta

Gizona atxilotu zutenean, kontzertu-aretoaren ondoan zebilen, bueltak ematen; hori susmagarria izan zen, Poliziaren arabera.

Atxiloketa gauzatu baino ordubete lehenago, Rotterdameko alkate Ahmed Aboutalebek bertan behera utzi zuen Maassilon egitekoa zen rock-kontzertua; izan ere, Guardia Zibilak abisua eman zion Holandari, eta esan zion kontzertu hura eraso terrorista baten jomuga izan zitekeela.

Ibilgailuaren barnean, Poliziak hainbat gas-bonbona aurkitu zituen; hori dela eta, susmagarritzat jo zuten alerta terroristaren ikerketan.

Gidariak, bart, ezin izan zion galdeketari behar bezala erantzun, 'mozkorturik zegoelako', esan zuen Poliziak; hortaz, gaur arte itxaron dute galdeketarekin jarraitzeko, gertakariekin duen erlazioa argitzeko.

Holandako agintariek amaitutzat eman dute Rotterdameko mehatxu terrorista, baina jarraitzen dute ikertzen zergatik eman zuen 22 urteko holandar batek abisu faltsu bat; horrek eragin zuen kontzertua bertan behera uztea.

Herbehereetako Poliziak bigarren susmagarri bat atxilotu du ostegun honetan, Rotterdamen asteazken gauean egitekoa zen kontzertu baten inguruan antzemandako "mehatxu terrorista"rekin zerikusia duelakoan, NOS telebista kate nederlandarrak jakitera eman duenez. Arrazoi beragatik espainiar bat atxilotu zuten atzo bertan.

Aipatu telebista kateak zabaldu duenaren arabera, Polizian sarekada bat egin du goizaldean herrialdearen hegoaldean dagoen Brabante probintzian, eta 22 urteko gazte bat atzeman du, aurreko egunean Rotterdamen gertatutakoarekin zerikusia izan dezakeelakoan.

Guardia Zibilaren ohartarazpena

Guardia Zibilak Herbehereetako agintariei asteazkenean jakinarazi ziotenez, Rotterdamen egitekoa zen kontzertu batean atentatu bat izateko "mehatxua" zegoen.

Horren aurrean, Allah-las talde estatubatuarrak Maassilo aretoan eman behar zuen kontzertua bertan behera geratu zen. Ahmed Aboutaleb Rotterdameko alkatearen arabera, abisua serioa zen, eta inolako arriskurik ez hartzeko erabakia hartu zuten.

Allah-las

Allah-las taldeak 2016ko abuztuan The Guardian egunkariari emandako elkarrizketa batean adierazi zuen ohikoa zela taldearen izenarengatik "minduta" sentitzen diren pertsonek mehatxuzko mezu elektronikoak bidaltzea. Alabaina, Miles Michaud kantariak azaldu zuenez, izen hori hautatzeko arrazoia "kutsu sakratua" zuela izan zen, The Jesus and Mary Chain talde eskoziarraren antzera.

Zure interesekoa izan daiteke

HAVANA (Cuba), 13/03/2026.- A handout photo made available by the Office of the President of Cuba showing Cuban President Miguel Diaz-Canel speaking during a press conference in Havana, Cuba, 13 March 2026. The Cuban government stated that the island 'has not relinquished its sovereign right to receive oil supplies', amid a severe energy crisis and an oil embargo imposed by the US since January, which has led to increased power outages. (La Habana) EFE/EPA/ALEJANDRO AZCUY / CUBA PRESIDENT OFFICE / HANDOUT HANDOUT EDITORIAL USE ONLY/NO SALES
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Diaz-Canelek esan du Kubak "eutsi" egingo diola "AEBk zigor kolektibo" gisa erabiltzen duen "gerra ekonomiko basatiari"

Nazio Batuen Erakundeak (NBE) ohartarazi du erregai-eskasiak Kubako "funtsezko zerbitzuak" kaltetzen dituela, eta hornidura humanitarioen entregak atzeratzen eta hornigaiak garestitzen ari direla. Gainera, ohartarazi du "bildu gabeko zaborra pilatzen" ari dela hiriburuan, Habanan, "airearen kalitatea okerrera" doala "hondakinak eta janaria prestatzeko zura erretzen delako", eta "elektrizitate faltagatik 50.000 ebakuntza egin gabe" geratu zirela otsailean, besteak beste. 

Gehiago ikusi
Publizitatea
X