Afganistan
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Aurreko gobernuarentzat lan egin zuten pertsonen bila ari dira talibanak etxez etxe

Norvegiako inteligentziaren txosten baten arabera, talibanak aurreko erregimeneko funtsezko langileak jazartzen ari dira. Kazetari alemaniar baten senide bat hil dute talibanek, etxera haren bila joan eta aurkitu ez dutelako.
18:00 - 20:00
Talibanek amnistia iragarri dute, baina aurreko gobernuko kideen eta kolaboratzaileen bila dabiltza

Norvegiako RHIPTO Azterketa Globalen Zentroaren txosten baten arabera, talibanak Afganistango aurreko administrazioarekin edo Ameriketako Estatu Batuen lidergopean hura babestu zuten indarrekin funtsezko roletan lan egin omen zutenen zerrenda beltza egiten hasi dira.

Norvegiako inteligentziaren esanetan, "talibanak erregimen zaharreko norbanako eta kolaboratzaile guztien jazarpena areagotzen ari dira, eta arrakastarik ez badute, senideei eraso edo atxilotu egiten dituzte, Sharia legeaz eurek egiten duten interpretazioa baliatuz". Asteazkeneko data duen txostenean jaso dutenez, "bereziki arriskuan daude unitate militarretan, polizialetan eta ikerketakoetan postu garrantzitsuak izan dituzten pertsonak".

Alemaniako telebista kate publikoak baieztatu egin du matxinoek kazetari alemaniar baten senide bat hil dutela Afganistanen. Antza denez, milizianoak bila joan zitzaizkion etxera, baina kazetaria herrialdetik alde eginda zegoen ordurako.

The Guardian egunkariak jakinarazi duenez, talibanak etxez etxe dabiltza aurreko gobernuarekin lotura zuten pertsonen bila, talibanen mugimenduarekin bat egitera bultzatzeko.

Jazarpena abiatu omen dute Afganistanen, nahiz eta talibanek orain egun batzuk agindu zuten "mendekurik ez" zutela hartuko eta inor ez zela inoren etxera joango "aurreko erregimenari zergatik lagundu zioten galdetzera".

Bestalde, Facebook sare sozialak segurtasun neurri berriak jarri ditu martxan, Afganistanen erabiltzaileak babesteko eta publikazioengatik errepresaliarik jaso ez dezaten.

Kazetarien, erabiltzaileen, ekintzaileen eta gizarte zibileko beste kide batzuen gomendio eta aholkuei jarraituz, konpainiak aukera emango die aurrerantzean sare soziala erabiltzen dutenei beren argitalpenak ezagutzen dituzten pertsonek soilik irakur ditzaten erabakitzeko. Gainera, kendu egin du aldi baterako, erabiltzaile baten lagunen zerrenda ikusteko aukera.

Ebakuazioek jarraitzen dute

Joan den igandean talibanek boterea eskuratu zutenetik, 18.000 pertsona baino gehiago atera dituzte Kabulgo aireportutik. AEBk 9.000 pertsona ebakuatu ditu, horietatik 3.000 ostegunean, AEBko Armadaren C-17 Globemaster III hegazkinak erabiliz egindako 16 hegalditan.

Bestalde, 800 pertsona ebakuatzeko asmoa dutela esan dute Espainiako Gobernuko iturriek, baina Afganistango egoeraren bilakaeraren arabera zehaztuko dute azken kopurua. Orain arte, lau hegazkin erabili dituzte ebakuazio dispositiboan, baina ez dute jakitera eman Espainiara zenbat pertsona ebakuatu dituzten. Gaur bertan beste hegazkin bat atera da Kabuletik, eta bestek beste, Nilofar Bayat saskibaloilaria afganiarra zihoan, datorren denboraldian Bidaideak BSR taldean jokatuko duena.

Kabulgo aireportura sartzeko arazoak direla eta, bidalitako hegazkinetako asko pertsona gutxiagorekin ateratzen ari dira, eta, kasu batzuetan, aurreikusita ez zeuden baina beste herrialde batzuetara joateko baimena duten pertsonak hartzen ari dira.

Ohartarazpen-txostena uztailean

AEBko Gobernuak Afganistanen duen enbaxadako diplomazialariek uztailean ohartarazi zioten Antony Blinken Estatu idazkariari Kabul talibanen eskuetan erortzeko arriskua zegoela, abuztuaren amaieran AEBko tropak herrialdetik erretiratu eta gutxira, The Wall Street Journal eta CNN hedabideek jakitera eman dutenez. Halaxe gertatu zen, azkenean.

Halaber, 20 urtez estatubatuarrentzat lan egin zuten afganiarrak ebakuatzeko beharrezko datuak lehenbailehen biltzen hasteko eskatu zioten diplomazialariek Estatu Departamentuari, eta ebakuazio horiek, beranduenez, abuztuaren 1ean abiatzeko.

Washington maiatzean hasi zen tropak Afganistandik erretiratzen, baina abuztuaren 14an ebakuazio lanak azkartu behar izan zituen, matxinoak Kabulen inongo oztoporik gabe sartu baino egun bat lehenago.

Dokumentu honek eztabaida areagotuko du ziurrenik, Washingtonek Afganistango Gobernuaren eta Armadaren kolapsoa zergatik ezin izan zuen aurreikusi, eta, batez ere, aurreikuspen falta horren errua norena den erabakitzeko.

Uztailean, Joe Biden AEBko presidenteak esan zuen zaila izango zela Afganistango Gobernua erortzea eta talibanek garaipena eskuratzea, eta Afganistango indar armatuen ustezko indarra azpimarratu zuen; Washingtonek 83 milioi dolar baino gehiago erabili ditu horiek entrenatu eta hornitzeko.

Zure interesekoa izan daiteke

HAVANA (Cuba), 13/03/2026.- A handout photo made available by the Office of the President of Cuba showing Cuban President Miguel Diaz-Canel speaking during a press conference in Havana, Cuba, 13 March 2026. The Cuban government stated that the island 'has not relinquished its sovereign right to receive oil supplies', amid a severe energy crisis and an oil embargo imposed by the US since January, which has led to increased power outages. (La Habana) EFE/EPA/ALEJANDRO AZCUY / CUBA PRESIDENT OFFICE / HANDOUT HANDOUT EDITORIAL USE ONLY/NO SALES
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Diaz-Canelek esan du Kubak "eutsi" egingo diola "AEBk zigor kolektibo" gisa erabiltzen duen "gerra ekonomiko basatiari"

Nazio Batuen Erakundeak (NBE) ohartarazi du erregai-eskasiak Kubako "funtsezko zerbitzuak" kaltetzen dituela, eta hornidura humanitarioen entregak atzeratzen eta hornigaiak garestitzen ari direla. Gainera, ohartarazi du "bildu gabeko zaborra pilatzen" ari dela hiriburuan, Habanan, "airearen kalitatea okerrera" doala "hondakinak eta janaria prestatzeko zura erretzen delako", eta "elektrizitate faltagatik 50.000 ebakuntza egin gabe" geratu zirela otsailean, besteak beste. 

Gehiago ikusi
Publizitatea
X