Errusiak telebista dorre bat bonbardatu du Kieven, eta etxetik alde egiteko eskatu die herritarrei
Borroka gero eta latzagoak dira orduek aurrera egin ahala, Errusiak Ukrainaren aurkako erasoaldia hasi zuenetik seigarren egunean.
Astearte arratsaldean, Errusiako Defentsa Ministerioak ohartarazi du Kiev bonbardatuko duela une batetik bestera. Horren esanetan, eraso "zehatzak" izango dira Inteligentzia instalazioen aurka, baina, hala ere, gertu dauden herritarrei "etxetik ateratzekoa" eskatu die. Iragarpena egin eta gutxira, Errusiako Armadak telebista dorre bat bonbardatu du Kieven.
Erasoan bost pertsona hil eta bost zauritu dituzte, Ukrainako Larrialdi Zerbitzuak Facebook sare sozialaren bidez jakitera eman duenez.
Hain justu, gaur goizean jakin da 60 kilometro luze den konboi militar bat Kieverako bidean dagoela, hiriburua hartzeko. Bitartean, Moskuk ekialdeko hainbat hiri bonbardatu ditu, Kharkiv (herrialdeko bigarren hiri populatuena) tartean. Bertan, misil batek hiriko administrazioaren eraikina suntsitu du.
Konboia Kieveko ipar-mendebaldeko errepideetan ikusi dute, hiriburuaren erdigunetik 30 bat kilometrora, Maxar Technologies enpresa estatubatuarrak argitaratutako satelite-irudien arabera.
Are gehiago, Maxarren beste satelite-irudi batzuek erakutsi dute Errusiak handitzen jarraitzen duela Bielorrusiako ibilgailu militarren, aireko baliabideen eta armamentuaren kopurua, herrialdearen ekialdean, Brest hiritik mendebaldeko Homeleraino, CNN telebista-kate estatubatuarrak jakinarazi duenez.
Dirudienez, Priborsk hiritik iparraldera dagoen Antonov aire basetik atera zen ibilgailu blindatuek, tankeek, atoian eramandako artilleriak eta beste ibilgailu batzuek osatutako zutabe militar handi hori, Unian Ukrainako albiste-agentziaren arabera.
Zelenskik gerra krimenak salatu ditu
Bestalde, Ukrainako presidenteak Errusiak gerra krimenak egin izana eta, bereziki, astelehenean Kharkiv hiriaren kontra egindako bonbardaketa "basatia" salatu ditu. Hori dela eta, Errusiako misilak, hegazkinak eta helikopteroak airetik kanpo uzteko eremu bat eskatu du, baina ez du aipatu aire eremu hori nork eta nola ezarri beharko lukeen.
"Gaur indar errusiarrek bortizki eraso dute Kharkiv, artilleriako obusekin. Gerra krimen nabarmena da", adierazi du Zelenskik telebistan emandako hitzaldian.
"Kharkiv hiri baketsua da. Bizitegi-eremu baketsuak daude, instalazio militarrik gabeak. Dozenaka lekukotzek frogatzen dute ez direla tiro galduak, nahita egindako suntsipena baizik. Errusiarrek bazekiten nora ari ziren tiroka", azaldu du.
Igor Terekhov Kharkiveko alkateak jakitera eman duenez, "bederatzi pertsona hil dira, 37 zauritu eta 87 bizitegi-eraikin kaltetu dira Errusiako bonbardaketen ondorioz" azken orduetan.
AEBk baztertu egin du Errusiari aire eremua debekatzeko aukera, AEBren eta Errusiaren arteko zuzeneko gatazkarako urratsa izango litzatekeela uste baitu.
Horren harira, Etxe Zuriko bozeramaile Jen Psakik gogorarazi duenez, "presidenteak oso argi esan du ez duela asmorik tropa estatubatuarrak Errusiarekin gerra batean borrokatzera bidaltzeko", eta gaineratu du aireko bazterketak militar estatubatuarren hedapena ekarri beharko lukeela "zuzeneko edo potentzialki zuzenekoa litzatekeen gatazka bat, eta beharbada Errusiarekin gerra bat ekar lezakeena, eta ez dugu horretan sartzeko inongo asmorik".
Tropa errusiarrak aurrera egiten ari dira
Ukrainako eta Errusiako indar armatuek galerak izan dituzte Moskuk Sumy hirian, Ukraina ipar-ekialdean, egindako erasoan. Unian albiste-agentzia ukrainarrak jakinarazi duenez, Ukrainako Armadak 100 ibilgailu militar errusiar suntsitu ditu hiri horretan. Antikor atari ukrainarraren arabera, 70 hildako (zibilak eta soldaduak) zenbatu dituzte ukrainarren artean eta "hildako ugari" errusiarren artean. Errusiako artilleriak unitate militar bat jo du erasoan, eta hondakinen artetik gorpuak atera dituzte, horren esanetan.
Komunikazioetarako eta Informazioaren Babeserako Estatuko Zerbitzuaren hitzetan, hegoaldean, Itsaso Beltzaren ertzean dagoen Mariupol hiria Ukrainako Armadaren kontrolpean dago, baina Errusiak airetik egindako erasoaren ondorioz, ia hornikuntza elektrikorik gabe geratu da azken orduetan.
Bestalde, Ukrinform albiste-agentzia ukrainarrak jakinarazi duenez, Errusiak Kherson hiria erasotzeari ekin dio, eta zehaztu du tropa errusiarrak aireportutik Mykolaiveko errepidera joan direla.
Sirenak berriro entzun dira astelehen gauean Kieven, eta herrialdeko beste toki batzuetan, Volinia, Ternopil eta Rivne Ukraina ipar-mendebaldeko eskualdeetan, esaterako, aire-erasoak ez dira amaitu, The Kiev Independent egunkariaren arabera.
Gainera, hedabide horren arabera, Kievetik gertu dauden Vinnytsiako eta Bila Tserkvako herritarrei aterpeetara joateko eskatu diete.
Bestalde, Donbasseko independentistek (Errusiaren aldekoak) esan dute Ukrainaren esku zeuden 29 herri kontrolpean dituztela, eta Ukrainako Armadak Donetsk eskualdeko Horlivka hiriaren aurka artilleriarekin egindako erasoak salatu dituzte. Diotenez, 16 zibil zauritu dituzte eraso horietan.
Zure interesekoa izan daiteke
Bruselak ez du frogarik ikusten Ceutako krisia atzerriko aktore estatalen desinformazioak eragin zuela ziurtatzeko
Hala ere, Errusiak krisia sare sozialetan aprobetxatzeko saiakerak antzeman zituela baieztatu du.
Alemaniak Errusia jo du Leipzigeko aireportuaren aurkako erasoaren erantzuletzat
Aireportu hori armak bidaltzeko gune neuralgikoa da, Ukrainako gerrarekin lotutakoak barne.
Mila lagun baino gehiago hil dira Nepalen uholdeen ondorioz, eta 3900 pertsona desagertu dira
21.000 agente baino gehiago ari dira bilaketa eta erreskate lanetan, eta 11.814 pertsona erreskatatzea lortu dute, 253 atzerritar barne.
Sheinek estreinako makala egin du Hong Kongeko burtsan, eta % 4ko galerekin dabil
Txinako ehungintza erraldoiak zulo handiekin hasi du burtsako ibilbidea, eta % 10eko galerak ere izan ditu uneren batean. Bien bitartean, gaur, asteartea, abiatuko du Frantziak negozio eredu horren aurkako eraso fiskala, produktu bakoitzaren gaineko 12 eurorainoko kargak martxan jarriz.
Epaimahai batek errudun jo du Duane "Keffe D" Davis, Tupac Shakur raperoaren hilketagatik
Duane "Keffe D" Davis errudun jo du epaimahai batek, lehen graduko hilketa leporatuta, Las Vegasen (Nevada), 1996an Tupac Shakur rap abeslari ikonikoa hil zuen tiroketa antolatzeagatik.
AEBk eta Iranek erasoei ekin diete berriro Ekialde Hurbilean
Armada estatubatuarrak bi plataforma bonbardatu ditu goizaldean eta bi pertsona hil ditu. Iranek Jordaniako eta Arabiar Emirerri Batuetako base militarrei eraso eginez erantzun du.
900 pertsona baino gehiago hil dira eta 4.200 daude desagertuta, Nepalgo uholdeen ondotik
39 herrialdetatik Nepalera joandako 590 lagun falta dira. Bestalde, Rasuwagadhi proiektu hidroelektrikoko tunel bateko bilaketa lanak amaitu dituzte. Uste zuten dozenaka langile zeudela bertan harrapatuta, baina ez dute inor aurkitu.
Tentsioak gora egin du Ekialde Hurbilean, Iranek eta AEBk elkarri eraso egin baitiote
AEBk Larek uhartea bonbardatu izanari erantzuteko, Washingtonek Jordanian eta Arabiar Emirerri Batuetan dituen instalazio militarren aurka jo du Teheranek. Gainera, "super petrolio-ontzi" batek su hartu du Ormuzen, bi mina lehertuta.
Gutxienez pertsona bat hil eta 15 desagertu dira Coloradoko Arroila Handian bat-batean izandako uholdeetan
Ekaitz eta euri-jasa handiak aurreikusi dituzte, eta "bat-bateko ur-goraldiak, lur- eta harri-jausiak" egon daitezkeela ohartarazi dute.
Gutxienez zortzi pertsona hil dira Zipren ferry bat hondoratuta, eta eskifaia guztia atxilotu dute
Ontziak 259 bidaiari eta tripulazioko zortzi kide zeramatzan, eta Kireniako portutik abiatu eta gutxira irauli da, kostaldetik bi kilometro ingurura. Erreskate taldeak desagertuta dauden 17 lagunen bila ari dira.