Kairoko Bakearen Goi-bilera adierazpen bateraturik gabe amaitu da
Larunbat honetan Kairon egindako Bakearen Goi-bileran agintari arabiar ugari eta munduko beste herrialde batzuetako ordezkariak izan dira. Bilera amaitzeko, Egiptok, herrialde anfitrioiak, eskerrak eman dizkie bertan parte hartu duten guztiei, baina batera adierazpen formalik egin gabe amaitu da topaketa.
Abdelfata al Sisi Egiptoko presidentearen hitzaldia izan da ikusmin handiena piztu duenetako bat, Gazarekin muga egiten duen herrialde bakarra baita. Al Sisik "Ekialde Hurbileko bake prozesua suspertzeko deia" egin du, "bi aldeen arteko berehalako su-eten baten negoziaziotik abiatuta, estatu palestinar independente bat ezartzeko".
Larunbat honetan ireki dute Rafahko pasabidea lehen konboi humanitarioa sar zedin, eta datozen orduetan edo egunetan irekiera hori behin betiko bihur daitekeela esan du Egiptoko presidenteak, Joe Biden AEBko presidentearekin akordioa lortu ostean. Azaldu duenez, irekiera "jarraitu" hori Nazio Batuen eta Palestinako Ilargi Gorriaren (laguntza zuzenean banatzeaz arduratzen ari dena) ikuskaritzaren menpe geratuko litzateke.
Al Sisik, gainera, "gatazkak neurtzeko bi modu" izatea leporatu dio Mendebaldeari, eta, bide batez, Gazako biztanleak Egiptoko Sinai eskualdean birkokatzearen aurka agertu da.
Abdala II.a Jordaniako erregeak ere hitz egin du topaletan, eta Israeli babesa ematen dioten mendebaldeko herrialdeei eskatu die "ulertzeko behingoz arabiar baten bizitzak ez duela israeldar batenak baino gutxiago balio", eta erantsi du zibilen kontrako eraso "basatien" aurrean duten isiltasunak ez duela bakea lortzen laguntzen. Gazako bonbardaketa "krudela" salatu du, "herri setiatu eta babesgabe baten aurkako zigor kolektiboa" delako. "Nazioarteko zuzenbidearen eta zuzenbide humanitarioaren urraketa nabarmena da, gerra-krimena. Krisia zenbat eta larriagoa eta krudelagoa izan, orduan eta gutxiago axola dio munduari", adierazi du.
Goizeko saioko hitzaldi esanguratsuenetakoa Mahmud Abbas Palestinako presidentearena izan da. "Lege humanitario guztiak urratzea" egotzi dio Israeli, herritar zibilen, ospitaleen, eskolen eta babeslekuen aurkako aire-erasoak egiteagatik. Abbasek "bi aldeetako zibilak hiltzea" salatu du, eta "bi aldeetako bahituak askatzeko" eskatu.
Horren hitzetan, bera buru duen Palestinako Aginte Nazionala da palestinarrak ordezkatzen dituen "erakunde bakarra", eta eskualdearen irtenbide bakarra Palestina ohian bi estatu sortzea da, Jerusalem ekialdea dela estatu palestinarreko hiriburu. "Ez gara inoiz joango, ez ditugu gure lurrak utziko, eta amaierara arte eutsiko diogu", adierazi du Abbasek.
Era berean, korridore humanitarioak irekitzeko eta Gazako Zerrendan laguntza emateko deia egin du, eta Israelek ez duela horretarako aukerarik eman nabarmendu.
Cyril Ramaphosa Hegoafrikako presidenteak ere parte hartu du bileran, eta palestinarren egoera Hegoafrikako apartheid garaiarekin parekatu du. "Hegoafrikarrak garenez, palestinarrei gertatzen zaiena uler dezakegu. Gure herriak borroka ausarta egin zuen askatasuna lortzeko eta sufritu egin behar izan zuen, palestinarrek orain egiten duten bezala, baina buruzagi ausartak izan genituen, eta euren arteko ezberdintasunak atzean uztea lortu zuten, bakea lortzeko eta apartheidaren sistemari amaiera emateko", nabarmendu du.
Liskarrak berehala amaitzeko, bahituak askatzeko eta Gazako setioa amaitzeko eskatu du Ramaphosak.
Europaren jarrera
Europatik, besteak beste, Erresuma Batua, Frantzia, Italia, Grezia, Alemania eta Espainiako ordezkariek hartu dute parte. Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak bi estatu (Israel eta Palestina) aitortzea defendatu du gatazkaren konponbide gisa, eta "zibil guztiak" babesteko deia egin du: "Zibil guztiak babestu behar ditugu. Berriro diot, zibil guztiak: Hamasek bahituta dauzkanak eta Gazan izugarrikeria pairatzen ari direnak". Eta hori lortzeko modu bakarra laguntza humanitario gehiago eta su-etena direla nabarmendu du, nazioarteko komunitateak bi estaturen oinarriak ezartzeko ahalegina egitearekin batera, "elkar errespeta dezaten eta segurtasunean eta bakean batera bizi daitezen".
Sanchez Mahmud Abbasekin aurrez aurre bildu da, eta elkartasuna adierazi dio.
James Cleverly Erresuma Batuko Atzerri ministroak esan du Nazioarteko Zuzenbidea eta Gazako zibilen bizitzak errespetatzeko eskatu diotela Israeli, eta irtenbide diplomatiko baten alde egin du, "israeldarrak eta palestinarrak bakean bizi daitezen". "Elkarbizitza baketsuak irabazten duela bermatu behar dugu", azpimarratu du.
Giorgia Meloni Italiako lehen ministroak ere "eskalada bat saihestea" eta "bi estaturen irtenbidea lortzeko" bide orria egitea eskatu du. "Esku-hartze militar batek ere ezin du konponbide politiko bideragarri bat ordezkatu", gaineratu du.
Annalena Baerbock Alemaniako Atzerri ministroak Hamasi egotzi dio Gazako Zerrendako eta Israelgo "herritar guztien sufrimenduaren ardura". Horren arabera, Hamasek "ez du Palestinaren izenean hitz egiten" eta "terrorearen hizkuntza besterik ez du erabiltzen".
Europar Batasunaren izenean, Charles Michel Europako Kontseiluko presidentea aritu da. Horren hitzetan, Israelek "bere burua defendatzeko eskubidea" du, "baina nazioarteko legearen barruan". "Israelen eta bere herriaren aurkako terrorismoa gogor eta zalantzarik gabe gaitzesten dugu", esan du bere hitzaldia abiatzeko, eta gehitu du "mundu guztiak" izan behar duela "gatazka gelditzeko eta zibilak, batez ere haurrak, babesteko bitartekari".
Zure interesekoa izan daiteke
Bruselak ikerketa abiatu du Sheinen aurka, diseinu "adiktiboa" duelakoan eta legez kanpoko produktuen salmentagatik
Europako Batzordearen ustez, Txinako plataformak ez du Europako araudia betetzen, ez delako gardena bere gomendio-sistemekin eta legez kanpoko artikuluak merkaturatzeko aukera ematen duelako, besteak beste, haurren sexu-abusurako materiala.
Adimen artifizialaren gobernantza eztabaidagai Indian: Silicon Valleyeko handikiak eta nazioarteko agintariak New Delhin bildu dira
Sam Altman (OpenAI), Sundar Pichai (Google) eta Jensen Huang (Nvidia) lider teknologikoak batu dira goi-bileran.
Epsteinen paperetan jasotakoak gizateriaren kontrako krimentzat har daitezkeela esan du NBEk
Inpunitate osoz aritzen zen enpresa kriminal bat zela diote kasua aztertu duten errelatoreek. Sexu-esklabotza, bortxazko desagertzea, tortura eta feminizidioa, besteak beste, egin direla frogatzeko moduko dokumentuak daudela ziurtatu dute.
Nola gauzatuko du Israelek Zisjordaniako lurren erregistroa?
Jerusalem ekialdean prozesu bera hasi zenetik, eraginpeko lurren % 1 baino ez da palestinarren izenean erregistratu.
Rubioren hitzetan, AEBk ez du Europa basailu izatea nahi, "aliatu sendo bat" baizik
Bestalde, Atzerri eta Segurtasun gaietako europar idazkari nagusi Kaja Kallasek azken hilabeteotan Trumpen Gobernuak egindako kritikei erantzun die. "Batzuek aurkakoa badiote ere, Europa eroria ez da hiltzen ari den zibilizazio bat", esan du, eta gaineratu du gero eta jende gehiagok batu nahi duela "Europaren klubera".
Ultraeskuinaren gertuko gazte bat kolpeka hil izanak politika giroa nahasi du Frantzian
23 urteko matematikako ikasle katolikoa zen Quentin, eta larunbatean zendu zen, jasotako kolpeen ondorioz eta bi egun koman eman ostean. Lyongo Fiskaltza gertakari horren nondik norakoak ikertzen ari da.
Israelek Zisjordaniako eremu zabalak Estatuaren zati gisa erregistratu ditu, 1967tik lehen aldiz
Palestinako Aginte Nazionalak salatu duenez, Palestinako lurralde gehiena 'de facto' anexionatu du.
Alemaniak, Frantziak, Erresuma Batuak, Suediak eta Herbehereek Navalni oposizioko burua toxina batekin hiltzea leporatu diote Errusiari
Pozoia, jatorriz Ekuadorko igel batek ekoizten duena, ez dago "modu naturalean" Errusian. Von der Leyenek estatu errusiarraren jokabide "terrorista" salatu du.
Rubiok AEBen eta Europaren arteko harremanak hurbildu nahi ditu baina kontinente zaharrak independentzia sustatu nahi du
Marco Rubio AEBetako Estatu idazkariak Europarekiko harremanak goraipatu ditu larunbat honetan Municheko Segurtasun Konferentzian, eta arindu egin du herrialdeko presidenteorde J.D. Vancek duela urtebete emandako hitzaldi gogorraren tonua.
Zelenskik esan du Ukraina erdibitzeak ez duela benetako bakerik ekarriko
AEBk bultzatzen dituen bake-negoziazioek arrakasta izan dezaten ahal duen guztia egiteko prest agertu da Ukrainako presidentea, baita hauteskundeak berehala deitzeko ere, bi hilabeteko su-etena bermatzen bada.