Trumpek % 100eko muga-zergak ezarri nahi dizkie Errusiako produktuei, eta aliatuek finantzatutako armak Ukrainara bidaltzea adostu du NATOrekin
Trumpek iragarri du 50 eguneko epean Errusiako produktuei % 100eko muga-zergak ezarriko dizkiela, baldin eta Moskuk Ukrainarekin su-etena eta bake prozesua hastea ahalbidetuko duen akordiorik egiten ez badu. Era berean, iragarri du Ameriketako Estatu Batuek (AEB) armak bidaliko dizkiela NATOko herrialdeei, eta haiek arduratuko direla finantzatzeaz eta Ukrainara eramateaz.
Mark Rutte eta Donald Trump, Bulego Obalean. Irudia: EFE.
Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidenteak mezu bikoitza zabaldu du astelehen honetan, Ukrainako gatazka dela eta: Errusiaren aurkako presio ekonomikoa areagotuko du eta Kievi laguntza militarra emateko beste pakete bat bideratuko du, NATOko kide diren herrialdeek finantzatuta.
NATOren idazkari nagusi Mark Rutterekin batera egindako agerraldian, Washingtonen, Trumpek iragarri du % 100eko muga-zergak ezarriko dizkiola Errusiari, 50 eguneko epean, baldin eta Moskuk ez badu Ukrainarekin su-etena ahalbidetzeko eta bake prozesua abiatzeko akordiorik lortzen.
"Ez badugu laster akordiorik lortzen, 50 egun barru muga-zerga oso zorrotzak ezarriko ditugu: % 100ekoak”, bota du AEBko presidenteak.
Estatu Batuetako Kongresuan eztabaidatzen ari diren proposamen bipartidista batek muga-zerga are altuagoak ezartzea aurreikusten du —% 500erainokoak, alegia—; hala ere, Trumpek honakoa adierazi du: “Errepublikanoak aurrera egiten ari dira Senatuan (...), baina ez nago ziur oraingoz beharko dugun”.
Era berean, Trumpek iragarri du AEBk armak bidaliko dizkiela NATOko herrialdeei, eta haiek arduratuko direla finantzatzeaz eta Ukrainara bidaltzeaz. "Akordio batera iritsi gara: Armak bidaliko dizkiegu, eta eurek ordainduko dituzte. Guk, Estatu Batuek, ez dugu ezertxo ere ordainduko. Ez ditugu erosiko, baina fabrikatu egingo ditugu, eta beraiek ordainduko dituzte” azaldu du agintariak, Bulego Obaletik.
Pentagonoak armen hornikuntza izoztu berritan etorri da plana; inbentarioak berrikusteko beharra zela eta justifikatu zuen etenaldia. Trumpen arabera, Aliantzako gainerako kideek "diru asko dute (...)".
Presidenteak zehaztu du akordioak misilak, munizioak eta Patriotak bidaltzea barne hartzen duela, eta, gaineratu duenez, "akordio oso garrantzitsu batera iritsi dira; milaka milioi dolar bideratuko dira talde militarrera, Estatu Batuei erosiko zaizkie, NATOri bideratu eta berehala banatuko dira gudu-zelaian. Ukrainak jaso egingo ditu".
Zure interesekoa izan daiteke
Migratzaileen erregularizazioa "Espainiari dagokio, baina eragina du haratago”, Von der Leyenen ustez
Trumpek, bere bozeramaile berriari: "Ni zu banintz, karguan jarraitzea ala ez hausnartuko nuke"
Aita santuaren ebakuntzaren osteko lehen argazkia
Trumpek iragarri du ez dutela Fort Hoodeko erasoaren egilearen fusilamendua zuzenean emango