Ekuador-Kolonbia
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Ekuadorrek % 50etik % 100era igoko ditu Kolonbiako inportazioen muga-zergak, merkataritza-gerra gogortuz

Noboaren gobernuaren arabera, "segurtasun nazionala" bermatzeko hartu dute erabakia, eta "erantzukizun partekatua indartzea du helburu, mugan narkotrafikoaren presentziari aurre egiteko". Petroren ustez, neurri hori "gehiegikeria" da, eta "errespetua" eskatu du "narkotrafikoak eraildako 200.000 kolonbiarrentzat". 

Daniel Noboa (Ecuador-Ekuador);  Gustavo Petro (Colombia-Kolonbia)

Daniel Noboa eta Gustavo Petro. Argazkiak: Europa Press

Ekuadorrek % 50etik % 100era igoko ditu maiatzaren 1etik aurrera Kolonbiako inportazioei ezarri beharreko muga zergak, Daniel Noboa Ekuadorko presidenteak bi herrialde horien artean hasitako merkataritza gerran beste koxka bat gora eginda. Helburua Kolonbiari mugako segurtasuna indartzeko presioa egitea da, narkotrafikoari eta krimen antolatuari aurre egiteko.

Ekuadorko Ekoizpen, Kanpo Merkataritza eta Inbertsio Ministerioak ostegun honetan esan duenez, Noboaren administrazioak Kolonbiari ezarritako "segurtasun tasa" igo egingo da, "Kolonbiak mugako segurtasunaren arloan neurri zehatz eta eraginkorrik ezarri ez duela egiaztatu ondoren".

"Neurria segurtasun nazionala bermatzeko hartu da, eta erantzukizun partekatua indartu nahi du, mugan narkotrafikoaren presentziari aurre egiteko", idatziaren arabera. Noboaren ustez, ezin da akordiorik lortu narkotrafiko eta krimen antolatuaren aurka borrokatzeko "konpromiso bera ez duen gobernu batekin", Kolonbiari erreferentzia eginez.

Merkataritza harreman luze eta sendoa zuten bi herrialdeek, baina merkataritza gerra piztu zen horien artean, Ekuadorrek, otsailaren 1ean % 30eko muga zergak ezartzearekin batera, ondoren, martxoaren 1ean, % 50era igo zirenak. 

Muga zergak handitzearekin batera, energiaren arloko beste zehapen batzuk ere ezarri zizkioten elkarri. Kolonbiak, esate baterako, eten egin zuen Ekuadorrekiko interkonexio elektrikoa (Ekuadorrek behar-beharrezkoa du Kolonbiako elektrizitatea barne-eskariari erantzuteko sorkuntza defizita duelako); Ekuadorrek, berriz, Petroecuador konpainiaren oliobideetatik joaten den Ecopetrol kolonbiarra garraiatzeko prezioa igo zuen, upeleko 3 dolarretik 30 dolarrera. 

Azken urteetan, bi herrialdeen arteko merkataritza trukea 2.800 milioi dolarrekoa zen, eta Ekuadorrek 900 milioi inguruko balantza negatiboa zuen.

Petroren iritzian, erabakia "gehiegikeria" da

Gustavo Petro Kolonbiako presidentearen iritzian, erabaki hori "gehiegikeria" da, eta hau erantzun du: "Ekuadorko presidenteak Kolonbiako gobernua iraindu du, historian kokaina gehien atzeman duena".

"200.000 kolonbiar baino gehiago hil ditu narkotrafikoak, nire kideak horien tartean, eta narkotrafikoaren aurka borrokatzen ari ziren 15.000 polizia kolonbiar baino gehiago hil dituzte drogaren aurkako gerra deklaratu zenetik. Noboa jauna, errespeta itzazu hildako horiek", adierazi du agintariak.

Ekuadorren erabaki horren berri izan ostean, Bogotara "berehala itzultzeko" agindu dio Petrok Maria Antonia Velasco Kolonbiak Quiton duen enbaxadoreari. "Ekuadorren dugun enbaxadoreak berehala itzuli behar du, eta ministroen hurrengo kontseilua Ekuadorko mugako puntu batean egingo da", idatzi du Petrok X sare sozialean.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X