Nola eragingo dio trafikoari Itzuliaren Eibarko etapak?
Gaurko etapa, azken-aurrekoa, Eibarren abiatu eta bertan amaituko da. Lasterketak Debabarrena, Urola Kosta eta Lea-Artibai eskualdeak zeharkatuko ditu.
Alex Aranburu, Galdakaoko etapan garaile. Argazkia: EFE
Itzulia Basque Country lasterketa azken esprintean sartu da. Gaur, ostirala, Gipuzkoako errepideak zeharkatuko ditu, Eibar-Eibar etapan, eta bihar, bukatzeko, Antzuolatik abiatu eta Bergaran izango du azken helmuga.
Gaurko etapan, Eibartik abiatu ostean, Elkorrieta gainerantz egingo du etapak, Mendaro eta Deba bitartean. Horren ostean, barnealderantz egingo du berriro, Azurki eta Etumeta igotzeko, eta kostalderako bidea hartuko du gero, Deba eta Mutrikurantz.
Azken kilometroak mendatetik mendatera egingo ditu: Kalbario (Mutriku), Krabelin (Eibar), Trabakua (Markina-Xemein eta Mallabia artean), Izua (Eibar) eta Urkaregi (Eibar). Aurtengo Itzuliko etaparik gogorrena izango da gaurkoa.
Etapak trafikoari eragingo dio. Segurtasun Sailak mozketa hauek iragarri ditu:
-AP-8 autobidea, 48 irteeran, bi noranzkoetan: 14:00-15:30
-AP-8 autobidea, 54 irteeran, bi noranzkoetan: 14:15-16:00
-AP-8 autobidea, 64 irteeran, bi noranzkoetan: 12:30-16:00
-AP-8 autobidea, 71 irteeran, bi noranzkoetan: 14:30-18:30
-AP-8 autobidea, 77 irteeran, bi noranzkoetan: 16:00-17:30
Lasterketa udalerri hauetatik igaroko da, eta inguru hauetan ere izango dira mozketak: Elgoibar, Mendaro, Deba, Azkoitia, Azpeitia, Mutriku, Mallabia, Ermua, Markina-Xemein, Etxebarria, Mallabia eta Eibar.
Azken etapan, berriz, lasterketa Debagoienean eta Debabarrenean ibiliko da, eta Azkoitirantz egingo du Azkarate igotzeko.
Azken etapari dagokionez, Segurtasun Sailak mozketa hauek iragarri ditu:
-AP-1 edo Iparraldeko autobidea, 130 irteeran, bi noranzkoetan: 14:00-15:30
-AP-1 edo Iparraldeko autobidea, 138 irteeran, Gasteizko noranzkoan: 14:00-18:00
-AP-8 autobidea, 64 irteeran, bi noranzkoetan: 15:00-17:30
-AP-636 autobidea, 19 irteeran, bi noranzkoetan: 13:00-15:00
Lasterketa udalerri hauetatik igaroko da, eta inguru hauetan ere izango dira mozketak: Antzuola, Elgeta, Azkoitia, Elgoibar, Eibar, Soraluze eta Bergara.