"NAZA"-n parte hartzen duten militarrak eta pelikularen egileak ikertzeko eskatu du Netanyahuk
Israelgo lehen ministroaren arabera, filmean Armadak palestinarrak hiltzeko erabiltzen dituen praktikak deskribatzen dituzten militarrek eta inteligentziako ofizialek "Israelen irudiari kalte larria" egin diote eta delitu larriak egin dituzte "goi sekretuko informazioa" zabaltzean.
Benjamin Netanyahuk NAZA pelikularen sortzaileak eta parte-hartzaileak ikertzea eta auzipetzea nahi du. Gazan izandako zibilen hilketa masiboari buruzko dokumentala da, eta Israelgo inteligentziako 24 militar eta ofizialen testigantza erakusten du. Israelgo lehen ministroak "Israelen segurtasunaren aurkako delitu larriak" leporatzen dizkie.
"Filmak eraikitzen du narratiba faltsu bat, engainagarria eta lerratua, eta Israelgo Estatua eta FDI (Israelgo Defentsa Indarrak) mundu mailan difamatzen ditu eta Israelen irudiari kalte larria egiten dio", adierazi du ohar batean.
Yuval Abrahamek eta Rachel Szorrek zuzendutako pelikularen ikerketetan, Israelen inteligentziaren zenbait iturrik deskribatzen dute 2023ko urriaren 7tik Hamaseko goi-kargudunen aurkako erasoetan ehunka zibilen heriotza "albo-kalte" gisa nola baimentzen duten. Pelikulaz gain, ikerketak +972 aldizkarian eta The Guardian egunkarian (filmaren ekoizlea) argitaratuta daude.
"Kezka dago difamazio-film honetan inplikatutakoek delitu larriak egin ote dituzten sekretu handiko informazioa zabaltzean eta muturreko sentsibilitateko inteligentzia-unitate baten datuekin lotutako segurtasun-arrakala bat eragitean", esan du Netanyahuk.
Horregatik, lehen ministroak eskaera egin die Eyal Zamir Armadako Estatu Nagusiko buruari, David Zini Shin Bet inteligentzia zerbitzuko zuzendariari eta Gali Baharav-Miara Estatuko fiskal nagusiari.
Areto komertzialetara heldu aurretik Zinemaldian ikusgai egon zen NAZA-k palestinarren etxebizitzak bonbardatzeko praktika deskribatzen du, familia osoak barruan dituela, behin familiako aita, Hamaseko ustezko milizianoa, etxean lo egitera itzultzen denean. Hain zuzen ere, NAZA da Israelek erabiltzen duen akronimoa da, eraso batean hil litekeen zibil kopurua kalkulatzeko.
Gainera, beren testigantza ematen duten militarrek azaltzen dute, modu anonimoan eta errepresalien beldur, Armada sionistak Gazako ebakuazio agindupeko eremuak bonbardatu zituela, artean oraindik hor zibilak zeudela jakinda.