Elkarrizketa, eitb.com-en
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Alex de la Iglesia: 'Uneoro botatzen dut faltan Bilbo'

Zinema Akademiako presidentea den zuzendari bilbotarrak Balada triste de trompeta estreinatu berri du. Bitartean, alabekin filmak irentsi egiten ditu, eta hiru proiektu berri ditu buruan.
Alex de la Iglesia. Argazkia: EFE
Alex de la Iglesia. Argazkia: EFE

Zinema Akademian sartu zinenean zenituen helburuen artean, zenbat bete dituzu?

Zenbait. Horretan hasi berri naiz. Oso zail dago.

2009an zinema espainiarraren ikusle kopurua igo egin zen. Zerbait aldatzen ari al da?

Baliteke, baina ez dezagun ospatu oraindik. Seguru nik estreinatzen dudanean, 2010ean, behera egiten duela.

Zelan konbentzitu zenuen Almodovar Akademiarekin adiskidetzeko?

Tematuz. Berak esan zuen moduan, oso astuna naiz.

2011ko Goya Sarien zeremonia inflexio-puntua izango da?

Ez, ez. Jarraipena izango da. Ea mailari eusten diogun.

Zelan uztartzen dituzu zuzendari moduan dituzun proiektuak eta Akademiako kargua?

Gaizki. Asko kostatzen zait. Ez daukat zure galderei modu egokian erantzuteko astirik.

Balada triste de trompeta filmarekin oso goian jarri diozu muga zeure buruari. Hurrengo filmean gainditu ahal izango duzu?

Arraioa. Bizitza ezin duzu lasterketa bat bezala hartu, eta are gutxiago zeure buruaren kontrako lasterketa. Saiatuko naiz nire lagunei eta neure buruari ez huts egiten. Besterik ez.

Proiektu honekin zure alde freak hura berreskuratu duzu? Freaks filmean hartu duzu inspirazioa?

Ez. Garras humanas pelikulan hartu dut inspirazioa, Browning-en beste film batean. Ez zabiltza urrun.

Zer dela eta ez du Jorge Gerrikaetxebarriak parte hartu?

Lanpetuta zebilen Celda 211 filmearekin. Eta pailazoak ez ditu gogoko.

Hurrengo proiektuan pentsatzen hasi zara?

Hurrengoan eta beste hirutan. Hau horrela doa. Erein egin behar da, ondoren jasotzeko.

Aurten Veneziako zinema jaialdian irabazi egin duzu, Zinemagintza Sari Nazionala jaso duzu eta Bilbotar Argia izendatu zaituzte. Besterik eskatu nahi?

Orgia bat birjinekin, gastu guztiak ordainduta. Eskatzeagatik ez da izango. Ez, benetan, beste pelikula bat filmatzerik badut, nahikoa daukat.

Imajina zenezake honaino helduko zinela Mirindas Asesinas filmatu zenuenean?

Mirindas film laburreko Alexi galdetu beharko genioke.

Javier Ibarretxek esan zidan zinema, berpizteko, Industriatik landu behar dela, ez Kulturatik. Ados al zaude?

Erabat. Javik badaki zertaz ari den. Ibarretxetarrak eredugarri dira, erreferentzia, mitologia.

Inoiz botatzen duzu faltan Bilbo?

Inoiz? Uneoro.

Alabak zinemara eramaten dituzu edo etxean ikusten dituzue filmak?

Gauza biak. Eurekin ez naiz gelditzen. Filmak irentsi egiten dituzte. "Aita, zure peliak ikusi nahi ditugu". Eta nik: "Ezeeeeeeetz, ez zaizkizuela gustatuko".

Jasanezinak diren film asko ikusi behar dituzu?

Film batek hasiera, muina eta bukaera izatea harrigarria iruditzen zait. Gauetan telebistan botatzen dutena bai jasanezina. Nik errespetu handiagoa izango nuke nire lankideekin.

Erantzuteko arazorik ez baduzu, zelan argaldu zara hainbeste?

Kirol asko eginez.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X