Sare sozialak
Gorde
Kendu nire zerrendatik

TikToken diseinu "adiktiboak" Europar Batasuneko legea urratzen duela ondorioztatu du Bruselak

Europako Batzordeak zehaztu duenez, erabiltzaileak etengabe eduki berriekin "saritzen" dituenez, TikToken diseinuaren zenbait ezaugarrik pantailan mugitzen jarraitzeko beharra elikatzen dute, eta erabiltzaileen garuna "pilotu-automatiko moduan" sartzea eragiten dute. Horrek portaera konpultsiboa izatea eta erabiltzaileen autokontrola murriztea ekar dezake.

tik-tok_20230223
TikTok aplikazioa mugikor baten pantailan.

Europako Batzordeak (EB) ostiral honetan, aurretiazko ikerketa baten ondoren, ebatzi du TikTok sare sozial txinatarrak ez duela betetzen Europar Batasuneko Zerbitzu Digitalen Legea (DSA, ingelesezko siglengatik), erabiltzaileentzako "mendekotasuna sortzen duen diseinua" duelako, eta hori aldatu ezean, etorkizunean isuna jar liezaiokeela ohartarazi du. 

Europako Batzordeak ohar batean azaldu duenez, diseinu hori "adiktibo" egiten duten ezaugarrien artean daude, besteak beste, scroll edo desplazamendu amaigabea pantailan, bideoen erreprodukzio automatikoa, jakinarazpen automatikoak ('push') eta gomendioen sistema "oso pertsonalizatua".

Batzordeak aurretiazko ikerketa bat egin du, eta, horren arabera, plataformak ez du behar bezala ebaluatu "mendekotasun-ezaugarri" horiek zein modutan edo zenbateraino egin diezaiokeen kalte erabiltzaileen ongizate fisikoari eta mentalari, adingabeena eta heldu kalteberena barne. 

Zehaztu  duenez, erabiltzaileak etengabe eduki berriekin "saritzen" dituenez, TikToken diseinuaren zenbait ezaugarrik pantailan mugitzen jarraitzeko beharra elikatzen dute, eta erabiltzaileen garuna "pilotu-automatiko moduan" sartzea eragiten dute. 

Europako Batzordeak gogorarazi du ikerketa zientifikoek erakusten dutela horrek portaera konpultsiboa ekar dezakeela eta erabiltzaileen autokontrola murriztu.

Gainera, nabamendu du, TikTokek ez dituela bere ebaluzaioan kontuan hartu aplikazioaren erabilera konpultsiboaren adierazle garrantzitsuak, hala nola adingabeek plataforman gauez igarotzen duten denbora, erabiltzaileek aplikazioa irekitzeko maiztasuna eta beste adierazle posible batzuk.

"Ez dirudi Tiktokek zentzuzkoak, proportzionatuak eta eraginkorrak diren neurriarik inplementatzen duenik mendekotasun-diseinutik eratorritako arriskuak arintzeko", ziurtatu du Batzordeak.

Batzordearen ustez, ez dirudi TikToken egungo neurriekin, bereziki pantailako denbora kudeatzeko tresnak eta gurasoen kontrolerako tresnak, diseinuak eragiten duen adikzioaren "arriskuak eraginkortasunez murrizten direnik".

Batzordearen arabera, "erraza" da denbora kudeatzeko tresnei iskin egitea, eta gurasoen kontrolak "ez dira zertan beti eraginkorrak izan, denbora eta trebetasun gehigarriak behar dituztelako".

Diseinua aldatu

Fase honetako aurkikuntzen arabera, TikTokek "zerbitzuaren oinarrizko diseinua aldatu" behar duela uste du Batzordeak. Adibidez, denborarekin, adikzioa sortzen duten funtzio nabarmenenenak desaktibatuz, hala nola "desplazamendu amaigabea", eta "pantaila atsedenaldi" eraginkorrak aplikatuz, baita gauean ere, eta bere gomendio sistema egokituz.

Bruselak argi utzi du aurretiazko ondorio horiek ez dutela ikerketaren azken emaitza aurrez epaitzen. Gogorarazi du aurretiazko iritzi horiek ikerketa sakon batean oinarrituta daudela, zeinetan, besteak beste, TikToken arriskuen ebaluazio txostenen azterketa bat, barne datu eta dokumentuak eta enpresak informazio eskaera askori emandako erantzunak bildu diren, bai eta gai horri buruzko ikerketa zientifiko zabalaren berrikuspen bat eta hainbat arlotako adituekin egindako elkarrizketak ere. 

Europako Batzordeak adierazi du TikTokek defentsa-eskubidea erabiltzeko aukera duela orain, eta Batzordearen ikerketa-espedienteetako dokumentuak azter ditzakeela eta aurretiazko ondorioei idatziz erantzun diezaiekeela.

Azkenean, Batzordearen iritziak berresten badira, Batzordeak ez-betetze ebazpena egin ahal izango du eta arau-haustearen izaeraren, larritasunaren, errepikapenaren eta iraupenaren araberako isuna ezarri; gehienez ere, mundu osoko eta urtebeteko negozio-bolumenaren % 6ra irits daiteke isun hori. 

Europako Batzordeak prozedura bat ireki zion TikToki 2024ko otsailaren 19an, Zerbitzu Digitalen Legea betetzen ez zuela susmatuta.

Diseinu adiktiboaz gain, ikerketa honek TikTok gomendio-sistemen "zulo-efektua" ere ikertu du, adingabeek beren adinerako izan dezakete esperientzia desegokiarengatik, bai eta plataformek pribatutasun-, segurtasun- eta babes-maila handia bermatzeko dituzten betebeharrak ere.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X