‘Emakumeak’ aukera ezin egokiagoa da Galeanoren estilo eta mundu-ikuskera ezagutzeko
Eduardo Galeanok Amerikaren eta, oro har, gizarteko “besteen”, botereak ikusezin bihurtutako gizon-emakumeen, zauriei idatzi zien, berezkoa zuen soiltasun eta zorroztasunez, hizkera liriko eta iradokitzailean, 2015eko apirilean, 74 urte zituela, hil zen arte.
Hain zuzen, bere lanetan historia, etnografia, politika eta kazetaritza nahasi zituen uruguaitar idazlea hil berritan argitaratu zuten ‘Mujeres’, berak paratutako antologia, eta orain euskaraz murgil gaitezke ehunka emakume ezagun eta ezezagunen balentrietan, Mikel Vilches itzultzaileak “maitasunez, goxo-goxo” egindako lanari esker.
Vilchesekin hitz egin dugu, Txalapartaren erakusmahaian salgai egongo den edizio dirdiratsu eta dotore honetaz.
Zergatik aukeratu duzu Eduardo Galeanoren lana itzultzea eta zergatik, zehazki, liburu hau?
Aspalditik neukan Galeanoren liburu oso bat irakurtzeko gogoa. Artikulu solteak irakurriak nizkion han-hemenka, eta asko gustatzen zitzaidan bere estiloa, bere mundu-ikuskera eta bere jarrera konprometitua.
Duela hiruzpalau urte, liburutegira joan eta Mujeres liburua aurkitu nuen, artean argitaratu berria zela. Irakurtzeaz batera, pentsatu nuen interesgarria izaten ahal zela liburuak eskaintzen zuen mundu zabal hori euskarara ekartzea, eta, aldi berean, desafio polita neure buruarentzat, baina, gauza bat edo bestea zela, kontua hortxe gelditu zen.
Iazko azaroan, liburua berriz irakurri, eta atal batzuk euskaratzen hasi nintzen gogo hutsez, entretenimendu gisa, eta itzulpena aski aurreratu nuenean, Txalapartakoekin hitz egin nuen, proiektua gustatu zitzaien eta argitaratzea erabaki zuten.
Geroztik ere, denbora dexente izan dut itzulpena presarik gabe bukatzeko, zuzentzeko eta azken ukituak emateko. Alde horretatik esan daiteke patxadaz eta maitasunez egindako lana dela, su baxuan, goxo-goxo.
Nola deskribatuko zenuke Galeanoren unibertsoa?
Liburuko kontakizun guztiek emakumearen figura dute oinarrian. Batzuk emakume ezagunen biografia labur-laburrak dira; beste batzuk emakume baten edo emakume talde baten bizipen edo mikrohistoria batean zentratzen dira; eta badira, azkenik, testu lirikoago batzuk, emakumeari gorazarre egiten diotenak.
Nik uste dut antologia hau prestatzean Galeanok bi helburu zituela: batetik, emakumeek kultura eta garai guztietan jasan duten diskriminazioa salatzea, eta, bestetik, diskriminazio horien aurka altxatu diren emakumeen adorea goraipatzea. Horiek dira, seguruenik, bilduma honen helburu nagusiak. Baina, emakumeek ardazten dituzten kontakizun horien bitartez, Galeanoren idazkietan agertu ohi diren bestelako gai batzuk ere aurkituko ditugu: Latinoamerikako herri behartsuek jasaten duten esplotazioa, militarren eta paramilitarren jazarpena, mundu osoan zehar hain errotuak ditugun ohitura eta jokabide matxisten salaketa, kapitalismoaren, kontsumoko gizartearen eta inperialismoaren salaketa, homosexualen diskriminazioa...
Alde horretatik, iruditzen zait bilduma honek aukera ezin egokiagoa eskaintzen digula Galeanoren estiloa eta mundu-ikuskera ezagutzeko, eta, haren bitartez, munduko zibilizazio eta ohitura ezezagun askoren gainean ikasteko. Nik, behintzat, gauza asko ikasi ditut: historiari buruz, munduko beste kulturei buruz, arteari buruz, Greziako eta Erromako klasikoei buruz, mitologiari buruz...

Eta zer hizkera edo estilo erabiltzen du horretarako uruguaitarrak?
Galeanok bere idazkietan erabiltzen duen estiloa, lehenengo begiratuan, zehatza da, zuzena eta garbia, non hitz bat ere ez dagoen sobera. Esan nahi duena hitz gutxitan esaten du, baina, horrekin batera, beste horrenbeste gauza iradokitzen ditu, esan gabe bezala airean uzten dituenak. Horretan artista da Galeano, nire irudiko.
Ildo horretan, bilduma honetako kontakizun askok halako bukaera erabateko eta sendo bat daukate, irakurlea asaldatu eta pentsakor utziko duena. Beste batzuetan, paradoxak eta ironiak erabiltzen ditu kontakizunari bukaera emateko, hurrengo atalera igaro baino lehen gogoeta egin dezagun.
Zer zailtasun aurkitu dituzu itzulpen lanean?
Itzulpen prozesuaren zailtasun nagusietako bat izan da, hain zuzen, Galeanoren estiloaren zehaztasun hori euskaraz jasotzea. Euskarazko hitz egoki eta zehatzaren bila ibili behar izan dut, eta Galeanok airean utzi nahi izan duen guztia iradokitzeko modua ere bilatu behar izan dut. Horregatik, batzuetan, tentazioa izan dut hitzen bat gehiago sartzeko edo azalpen gehiago emateko, testua hobeki ulertua izan dadin, baina, oro har, uste dut jatorrizko testuaren zehaztasun eta konkrezio horri eutsi diodala.
Horrez gainera, Latinoamerikako eta mundu osoko ohitura eta gertakari asko aipatzen dira liburuan. Horietako batzuk ezezagunak ziren niretzat, eta han eta hemen ikertu behar izan dut itzulgaia testuinguruan egoki kokatzeko eta Galeano zertaz ari zen jakiteko.
Bestalde, liburuan zientoka pertsonaia historikoren izen propioak agertzen dira, leku-izenak, gertakari historikoak, artelanak eta gisa horretako izen asko eta asko, eta testuliburu eta estilo liburuetan bilatu behar izan dut euskara batuan egoki emateko.
Azkenik, euskarak genero markarik ez izateak ere buruhauste franko eman dizkit. Izan ere, liburuko kontakizun hauetan, genero-marka ezaugarri bereizgarria da, esanguratsua, eta, hala, adjektibo femenino bat agertzen zitzaidan bakoitzean, genero-marka nabarmendu beharra zegoenez, beste baliabide batzuk erabili behar izan ditut aldiro “emakume” hitza aurretik jarri behar ez izateko.

Eduardo Galeano, Donostian. Argazkia: Donostia Kultura.
Galeanoren bi lan luze (Ispiluak eta Hitz ibiltariak) eta hainbat kontaketa daude aurretik euskaratuta. Haietara edo beste itzulpen batzuetara jo duzu?
Egia esateko, ez. Itzultzen hasi nintzenean, banuen Gerardo Markuletak (Hitz ibiltariak) eta Xabier Alegriak (Ispiluak) egindako itzulpenen berri, baina, hasieran esan dizudan bezala, entretenimenduz hasi nintzen liburuko atalak euskaratzen, denbora-pasa bezala.
Gero, Emakumeak bilduman agertzen diren 35 narrazio inguru Ispiluak liburuan ere agertzen zirela deskubritu nuen, eta jadanik euskaratuta zeudela. Ustekabe eta atsekabe handia hartu nuen, egia esan. Xabier Alegriaren liburua eskuratu, eta, kontakizunen bat alderatuta, ikusi nuen nahiko estilo ezberdina erabiltzen genuela biok. Hala, aurrera egitea erabaki nuen jadanik argitaratuta zeuden itzulpen lan horiei erreparatu gabe.
Gerora, aukera izan dut bi liburuetan errepikatzen diren kontakizun bakar batzuen bi bertsioak alderatzeko, eta orduan sumatzen nuena berretsi egin dut: Xabier Alegriak erabilitako itzulpen eredua eta nirea franko ezberdinak dira. Berea, nolabait esateko, lirikoagoa da, joriagoa, akaso. Gure hizkuntzaren baliabideak bortxatu eta muturrera eramaten ditu sarritan, eta horrek zaildu egiten du ulermena euskal irakurle arruntentzat. Nik, berriz, ulergarritasunera jo dut gehiago, baina, betiere, Galeanoren ukitu liriko hori baztertu gabe. Bi estilo diferente dira, nabarmenki.
Dena dela, argi dut Xabier Alegriak egindako itzulpenak sekulako meritua izan zuela, are gehiago kontuan hartzen badugu zer baldintzatan egin zuen (espetxean zela eta gaur egun eskura ditugun baliabide teknikoak erabili gabe).
Galeanoren obra gaztelaniaz, jatorrizkoan (ere), irakurri duenaren ikuspegitik, zer galtzen da eta zer irabazten da itzulpen bakoitzean?
Itzulpen guztietan, itzultzailea saiatzen da ahalik eta fidelena izaten jatorrizko testuaren formarekin eta edukiarekin. Eta, batzuetan, bataren edo bestearen alde lerratu behar izaten da pixka bat, bestearen kaltetan.
Nik uste dut alde horretatik nahiko orekatua gelditu dela itzulpena, baina hori irakurleek eta kritikariek esan beharko dute. Galeanoren idazkien estiloa eta espiritua jasotzen saiatu naiz, eta lan horretan, beste arlo batzuetan bezala, Fernando Rey zuzentzailearen eta Garazi Arrula editorearen zuzenketa eta oharrak oso lagungarriak izan dira.
Zelan ikusten duzu euskal itzulpengintzaren egoera?
Nik uste dut aldaketa handi samarra ezagutu dugula azken hamar-hamabost urteotan. Gure sektorea gero eta profesionalagoa da, eta gero eta jende gehiago ari da itzulpen lanetan, bai administrazioan, bai literaturaren arloan, horietako asko unibertsitateko Itzulpengintza eta Interpretazioa gradua egin dutenak, aski ongi prestatutakoak.
Bestalde, eskura ditugun baliabide teknikoetan ere aurrerapauso handiak eman ditugu azken urteotan, eta, epe laburrera begira, oraindik aldaketa handiagoak etorriko zaizkigu itzultzaile automatikoen eskutik: iraultza moduko bat datorkigu, gure lan egiteko modua goitik behera aldatuko duena. Alde horretatik, aiduru gaude itzultzaile profesional guztiak, hurrengo urteetan gure lanbideak nora joko duen zain.
Zure interesekoa izan daiteke
Aurora Beltranek Vianako Printzea Kulturaren Saria jaso du
Aurora Beltran abeslari nafarrak jaso du gaur 2026ko Vianako Printzea Kulturaren Saria, Los Arcosen, "hegan egin nahi izan duten eta, agian, ezin izan duten edo utzi ez dieten emakume guztiei eskainita".
Sortzaile, ekoizle eta plataformak batuko ditu Podcast Geltokia jaialdiak
Ostegunetik, hilak 28, hasita, Tabakalera Donostiako zentroak Podcats Geltokia audioaren jaialdiaren lehen edizioa hartuko du. Hiru egunez, audioaren munduan lanean ari diren eragileak bilduko ditu Tabakalerak eta EITBk bultzatu duten topaguneak.
Iruñeko Katedralak Valentinoren 25 pieza ezezagun ditu ikusgai
'Indito Valentino' erakusketak diseinatzaile italiarraren goi-mailako 25 pieza ezezagun bildu ditu lehen aldiz Iruñeko Katedralean. Inoiz erakutsi ez den bilduma baten parte dira lanak, eta Valentinoren nortasun-ezaugarri ezagunenetako batzuk erakusten dituzte eta erakusketa ekainaren 21era arte egongo da ikusgai.
GetxoPhoto jaialdia ostegunean hasiko da, "RESET" lelopean
20 urte beteko dituen honetan, GetxoPhoto jaialdia ostegunean hasiko da, ekainaren 21era arte, "RESET" izenburupean. Antolatu dituzten 23 erakusketetatik laurdena baino gehiago Punta Begoñan egongo dira. Ereagako pasealekua eta Algortako merkatua izango dira beste bi gune garrantzitsuak, eta azken horretan egingo dute urtebetetze festa. 233 argazki, 44 herrialde eta sistema berrabiarazteko gonbita edizio honetan.
Musika proiektuei bideratuko diete Durangoko Azokaren Sormen Beka aurten
Euskarri fisiko zein digitalean bi lan baino gutxiago argitaratu dituztenek hartu ahalko dute parte deialdian, irailaren 21a baino lehen. 15.000 euroz lagundutako lana euskarazkoa izango da, hitzik badauka, eta 2027ko Durangoko Azokan aurkeztuko da emaitza.
"Fantasia eta arrazoia": Goyaren artelan handiak biltzen dituen erakusketa, Arte Ederren Gasteizko Museoan
Gerraren hondamenak, Tauromakia, Burugabekeriak eta Kapritxoak dira, besteak beste, Francisco de Goyaren lau sail nagusietakoak. Erakusketa 2027ko otsailera bitarte egongo da Arte Ederren Gasteizko Museoan. Bestetik, Donostiako San Telmo museoan Goya protagonista duen erakusketa bat dago.
Ziburuko Euskal Liburu eta Disko Azokak “arnas-unea eta sorkuntzaren plaza” irekiko ditu
Ekainaren 6an, Euskal Liburu eta Disko Azoka egingo da Lapurdiko udalerrian, zazpigarrenez, Baltsan elkartearen eta Argia komunikabidearen ekimenez. Beñat Oihartzabal hizkuntzalaria omenduko dute.
Esther Ferrerrek jasoko du Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Humanitateak, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien Saria
Donostiar artistaren “nazioarteko proiekzioa eta arte garaikidearen berrikuntzan egindako ekarpen erabakigarriak” aitortu ditu sariaren epaimahaiak. Uztailean emango diote golardoa, Maddi Alberdi San Martin Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Gazte Sariaren irabazleari bezala.
Alejandro Gonzalez Iñarrituren hitzaldia astelehenean BBK Aretoan, 'Carne y Arena' erakusketaren inguruko jardueren barruan
Hitzaldia 19:00etan izango da, eta sarrerak eskuragarri daude jada, doan. Mexiko eta AEB arteko mugako migratzaileen eta errefuxiatuen esperientzia eta testigantzetan oinarritutako 'Carne y Arena' murgiltze esperientzia EITBko 5. platoan dago ikusgai martxoaren 16tik ekainaren 20ra arte.
2028rako Veneziako Biurtekoan espazio propioa izateko lanean ari da Euskadi
Hala iragarri du Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariordeak eta Kultura sailburuak Venezian egindako ekitaldi instituzionalean. "Aurrera egin nahi dugu, eta gure helburua da euskal sorkuntza artistikoa nazioarteko erakusleiho horretan etengabe proiektatzea", gaineratu du.