Loisek begiak ixteko eskatu zion Berlingo jendeari
Seguru Lois Patiño galiziarraren mundu irudizkoak eta Radu Jude errumaniarrarenak ez dutela inoiz bat egin. Are gehiago, sekula ez dute egingo. Ez multibertsoan ez urrutiko galaxietan. Baina biak daude egunotan aingeru eroriek ere maite duten hirian. Biak dira bide eta izan berriak urratzen, bilatzen, asmatzen ari den Berlinale Zinemaldiaren gonbidatuak. Bata eta bestea konpainia ezin ederragoan daude, bai Marlene Dietrich plazan bai zinema festa aspaldiko honen egoitza berria den Titania aretoan, hain ederra eta berezia ezen Arkitektura entziklopedia guztiek aipu eta goraipamen egiten baitiote.
Radu Jude Urrezko Hartzaren besarkada nork jasoko erabakiko duen epaimahaiaren kide da. Kristen Stewart, Carla Simón eta nik bereziki miresten dudan Hong Kongeko Johnnie To zuzendariarekin batera (Johnnieren lanik ez baduzue ezagutzen, has zaitezte bila desesperatuan, ze Johnny Hallydayek antzezturiko Vengeance ikusi ez duenak ez daki malenkoniaz bustiriko zine beltza zer den…).
Radu Judek berak bereganatu zuen Urrea coronavirusak setiatutako 2021ko Berlinale hartan, bai jatorrizkoan bai gaztelaniazko bertsioan izenburu zoragarri eta maltzur askoa duen komedia garratz eta zorrotzagatik: Babardeala cu buclucsau porno balamuc, Un polvo desafortunado o porno loco, Bad Luck Banging or Loony Porn (plataformetan duzue ikusgai. Ez galdu Nacion muerta ere, dar-dar bizian ikusiko duzuen fabula politikoa)
Philarmonie orkestra paregabearen egoitza ondoan diren Berlinaleko kuartel nagusira ailegatu orduko harrotu, asaldatu, altxatu ditu bazterrak Judek. Bere irudiko, zinemagintzaren industria hondorik gabeko diru eta kirtenkeriaren nahaste-borrastea da, besterik ez. Ondorioz, zera aitortu du: gustatuko litzaioke astakeriak ez diren pelikula independenteen sorta txikiak sosa gehiago eskura zezan. Hala eta guztiz, Jude ez da gehiegi ere fio egiten ekoiztetxe erraldoien mende ez (bide) dauden beste horiekin: "Bere burua autoretzat duten zinegile askoren tonuaren kontra naiz. Serio, oso serio, serioegi jokatu ohi dute…".
Epaimahaian Johnniek eta Raduk noren alde egingo duten ikusteko desiraz eta jakiteko minez gaude denok. Kirsten eta Carlarekin ez da problema handirik izango: esaneko eta ohitura oneko emakume zinemarenak dira. Eta puntu.
Lois Patiñok beste dimentsio batetik bizi du irudia, zinema, sorkuntzaren zorabioa. Heriotza du askotan inspirazio. Gizakiez elikatzen den Galiziako Costa da Morteko itsasoa ere bai. Iraganeko izakiak direla pentsatuta ere, kamino askotako gurutzebideetan oraintxe eta hementxe alderrai ikusi/sumatu egiten diren arima galdu horiek.
Lois Patiñok Oliver Laxe, Jaione Camborda eta beste batzuekin berpiztu du Fisterraren inguruetan edo Portugalekiko marra ondoan sortzen den zinema. Radu Judek, ez izan dudarik, Loisek serioegi jotzen duela pentsatuko eta aldarrikatuko luke. Baina ziur naiz Thailandiako Apichatpong "Joe" Weerasethakul maisu handia Loisek eta Xabier Erkiziak Samsara filman diseinaturiko bidaian parte hartzeko litzatekeela prest. Prest eta desioz.
Ze… bertan hiltzear den noblezia handiaren emakume baten kide bihurtuko gara. Eta lagundu egingo dugu bere arimak eta bere gorputzak osatzen zuten osotasuna bitan banatuko den unean.
Igandean estreinaturiko zeluloidezko pieza organiko horretako bere 53. minutuan, begiak ixteko erregua egiten zaio ikusleari. Bai, begiak ixteko! Baina, zinema ez al zen jaio, ez al zen sortu begiekin dastatzeko?! Ba igual, akaso, ez.
Kubrick ere ados izango litzateke, eta Weerasethakulekin bat etorriko Loisen alde. Ez al zion ba berak Eyes Wide Shut (Begiak zabal-zabal itxita) izenburu jarri bere azken lanari?
Begiak itxita. Samsaran. Agian, auskalo nondik sortutako bat-bateko argiek bidea aurkituko dute zure burmuineraino baina zuk ez duzu irudirik ikusiko. Belarrietatik sartuko zaizu pelikula hortxe baita Erkizia, soinu guztiak (baita ezinezkoak direnak ere) metatzen hausten, urratzen.
18 minutu emango dituzu begiak Wide Shut dituzula eta belarriak Wide Open (Prick Up Your Ears ez al zIgun ba agindu Stephen Frearsek joan den mendeko bere Ábrete de orejas hartan?).
Again Raduk ez luke maitatuko Loisen eta Xabierren filma, baina istant batez, Berlingo Akademie der Künstera zein, International eta Cubix aretoetara arrimatu zen jendeak Apichatpongen Memorian TildaSwintonek antzeman zuen hura bera sumatu zuen hezur-mamian: mundua existitzen ez zen garaietatik eta ez-leku batetik zetorren burrunba jatorrizkoa.
Berlinen, non aingeruak gizatiarrak diren. Non pelikulak begiak itxita dastatzen diren. Non Radu eta Johnnieri diegun leialtasuna aldarrikatzen dugun, Kreuzberg eta Neukölhn auzoetako iskin eta plazetan.
Zure interesekoa izan daiteke
Alejandro G. Iñarritu: "Bilbon egotea benetan sinbolikoa da niretzat"
Hotz zaplada batez hartzen du bisitaria, EITBren Bilboko egoitzaren 5. platoan, “Carne y arena” Alejandro Gonzalez Iñarritu mexikar zuzendariak sortutako errealitate birtualeko “esperientziak”.
Ura Bere Bidean jaialdiak hirugarren emanaldi bat izango du urriaren 22an
Aurresalmentan urriaren 23ko eta 24ko emanaldietarako sarrerak agortu ondoren, antolatzaileek hirugarren bat gehitzea erabaki dute, urriaren 22an, osteguna. Besteak beste, Olaia Inziartek, Eñaut Elorrietak, Zea Maysek edota Pantxoa eta Peiok hartuko dute parte aurtengo edizioan.
Korrontzik BECen amaituko du nazioartean egingo duen 50 kontzertuko birari
BECeko kontzertua "Mundua Dantzan" biraren amaiera izango da. Hain zuzen ere, 50 kontzertuko bira izango da, eta, besteak beste, Malaysia, Kanada eta Txekia Errepublikara iritsiko da.
Iñaki Viñespre: "Egia esan, espero nuen besteak gainetik egotea, oso saio ona egin baitzuten bost bertsolariek"
Lehenengo aldiz prestatuko da Euskal Herriko txapelketarako, eta txapela urruti duela uste badu ere, ahalik eta lanik txukunena egiten saiatuko dela esan du Arabako txapeldunak.
Bengoetxeak "begirada aldaketa" eskatu dio Gobernuari, 'Guernica' Euskadira ekartzeko
Guernica Picassoren koadroa Euskadira lekualdatzeko aukerak teknikoki aztertzeko eskatu du Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak "Egun on Euskadi" saioan egin dioten elkarrizketan.
Reina Sofiak baztertu egin du "Gernika"Euskadira ekartzea
Bonbardaketaren 90. urteurrena dela eta, Eusko Jaurlaritzak koadroa epe batez Euskadira ekartzeko eskatu ondoren, Reina Sofiak txosten tekniko bat argitaratu du, margolanaren egoeraren azterketa sakon batekin. Horren arabera, "ez da inolaz ere gomendatzen hura lekualdatzea".
Oteiza eta Basterretxea, elkarrekin, “Espazioaren arazoa” erakusketan
Oteiza Museoak Nestor Basterretxearen eta Jorge Oteizaren arteko harremana aztertzea proposatzen du erakusketa berri batean; biek partekatutako tokiak, proiektuak eta gertakariak aintzat hartuz. 80 obraz, filmaz, jatorrizko material dokumentalez eta argazkiz osaturiko multzo zabal baten bidez, bi sortzaileen ibilbide bateratua erakusten du. Martxoaren 26tik abuztuaren 30era egongo da ikusgai.
Euskarazko lau serie labur, pantailara bidean EITBk bultzatuta
Amarekin goxo goxo, Aloka(h)iru eta Izaki pixka bat gardenak filmatzen ari dira, eta apirilean hasiko dira Estu filmatzen. Primeranen estreinatuko dira, udazkenetik aurrera.
Lucia Lacarrak Adimen Artifizialari buruzko ikuskizuna estreinatuko du Bilbon
Zumaiar dantzari eta koreografoaren konpainiak “A.I. (Amalur Indarra)” oholtzaratuko du, Arriaga Antzokian, ostiral, larunbat eta igandean. Ikuskizunak, Juanjo Arqués eta Matthew Goldingen koreografiak, laserra erabiliz egindako eszenaratze harrigarria eta Bardean filmatutako filma uztartzen ditu.
Iñarrituren "Carne y arena", mugan hara-hona
“Carne y arena” EITBren Bilboko egoitzan ekainaren 20ra arte bisitagai dagoen murgiltze instalazioan, Alejandro Gonzalez Iñarritu mexikar zinemagileak bultza egiten dio bisitariari besteen zapatetan sartzeko, une batez ezdeusei bidean lagundu eta mugan hara-hona ibiltzeko, errealitatetik fikziora, haragitik pixelera, hareatik zulora eta gizatasunetik ankerkeriara.