Ekitaldia
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Sistiagak, Revueltak eta La Tallerrek Gure Artea sariak jaso dituzte

18.000 euro jasoko ditu arte garaikidean eta euskal kulturan egindako ekarpenagatik saria jasoko duenetako bakoitzak.
Gure Artea sariak. Argazkia: EiTB.
Gure Artea sariak. Argazkia: EiTB.

Jose Antonio Sistiagak (Donostia, 1932), Mabi Revueltak (Bilbo, 1967) eta La Taller Bilboko espazioak jaso dituzte 2016ko Gure Artea sariak.

Golardoak Cristina Uriarte Esko Jaurlaritzako Kultura sailburuak entregatu ditu, Gasteizko Artium museoam egindako ekitaldi batean. 18.000 eurokoak dira sariak.

Sistiaga donostiarrak ibilbide artistikoaren aitormenari dagokion modalitatean jaso du; Revuelta bilbotarrak sorkuntza-lana aitortzeko modalitatean; eta ikusizko arteen arloan egindako lana aitortzen duen modalitatean Maite Martinez de Arenazak zuzentzen duen La Taller espazioak.

Sari horien bidez, egin duten lana aitortu eta arte garaikidean eta euskal kulturan egindako ekarpena aitortu nahi dizkiete irabazleei.

Jose Antonio Sistiaga bere margolanengatik eta zinemari egindako ekarpenengatik da ezagun. "Gaur" abangoardiako artearen aitzindariz osatutako taldean parte hartu zuen.

Bere sorkuntza-lanaren lehen aroan, Sistiagaren obra margolanek osatzen zuten gehienbat, lirismoaren eta informalismoaren korronteak nagusi zirelarik, eta gero, kamerarik gabeko zinemara, zuzenean zeluloidezko pelikularen gainean marraztera, lerratu zen. XX. mendeko zinema esperimentalaren bidea jorratu zuen, hortaz, eta halaxe aitortu diote, nazioartean egindako hainbat erakusketatan.

Mabi Revueltak mundu osoan erakutsi du bere lana, eta artista plastiko gisa duen ibilbidea irakaskuntzarekin eta artearen pedagogia berrien ikerkuntzarekin uztartzen du.

Diziplinartekotasuna eta beste agente sortzaileekin izaten dituen lankidetza-prozesuak nabarmentzen dira bere lanean, sarion epaimahaiaren aburuz.

La Taller, ikusizko arteen arloko sariaren irabazlea, Bilboko kultura proiektu eta espazioa da. Gune hibridoa da, ekoizpeneko eta edizio grafikoko lantegia eta erakusketa-aretoak biltzen baititu 2010eko irailean zabaldu zutenetik. Maite Martinez de Arenaza du zuzendari.

Uriartek zoriondu egin ditu irabazleak, eta sariek gure artistak aintzatestea eta emakumeen ekarpena nabarmentzea dutela helburu azaldu du.

Zure interesekoa izan daiteke

"Erresonantziak" sailak dokumental bat eskaini dio Esther Ferrerri eta beste bat Mari Puri Herrerori.
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

"Erresonantziak" dokumental saila, Esther Ferrer eta Mari Puri Herrero artistei begira

EITBk eta Artiumek Mari Puri Herrero (Bilbo, 1942) eta Esther Ferrer (Donostia, 1937) protagonista dituzten bi lan dokumental aurkeztu dituzte. Publiko berrien artean kultura garaikidearen dibulgazioan sakondu nahi du dokumental sortak, eta ETB On atarian daude ikusgai. Herreroren atalari Uxue Alberdik jarri dio ahotsa, eta Ferrerenari Marina Suarezek. Hurrengo atalak Gema Intxaustiri eta Itziar Okarizi eskainiko dizkiete.  

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Oteiza eta Basterretxea, elkarrekin, “Espazioaren arazoa” erakusketan

Oteiza Museoak Nestor Basterretxearen eta Jorge Oteizaren arteko harremana aztertzea proposatzen du erakusketa berri batean; biek partekatutako tokiak, proiektuak eta gertakariak aintzat hartuz. 80 obraz, filmaz, jatorrizko material dokumentalez eta argazkiz osaturiko multzo zabal baten bidez, bi sortzaileen ibilbide bateratua erakusten du. Martxoaren 26tik abuztuaren 30era egongo da ikusgai.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X