Euskadi sariak, Txani Rodriguez, Alex Gurrutxaga, Mikel Reparaz eta Javier de Isusirentzat
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak Euskadi Literatura sarien lau modalitatetako irabazleak iragarri ditu Azkuna Zentroan, Bilbon. Txani Rodriguez ("Los últimos románticos"), Alex Gurrutxaga ("Xabier Lete, aberriaren poeta kantaria"), Mikel Reparaz ("Las grietas de América") eta Javier de Isusi ("Transparentes. Historias del Exilio Colombiano") dira, Literatura Gaztelaniaz, Saiakera Euskaraz, Saiakera Gaztelaniaz eta Lan Literarioen Ilustrazioa ataletan.
Izen horiek joan den astean iragarritako irabazleen zerrendari batzen zaizkio: Pello Lizarralde ("Argiantza"), Anjel Lertxundi ("Haltzaren Mintzoa") eta Joxan Elosegi ("Nik kantatu eta dantza egiten du mendiak") Literatura Euskaraz, Euskarazko Haur eta Gazte Literatura eta Euskarazko Literatura Itzulpena modalitateetako irabazleei.
Epaimahaiaren iritziz, Txani Rodriguez "Pompas de papel" Radio Euskadiko saioko kolaboratzailearen idazkera "zorrotza da, xehetasunari adi dago eta erritmo narratibo bikaina du. Ahots freskoa du, originala eta berezkoa, eta horixe da epaimahaiaren arreta gehien erakarri duen ezaugarria".
Alex Gurrutxagaren "Xabier Lete, aberriaren poeta kantaria"k "ekarpen handia egiten du Xabier Lete poetaren eta bere obraren inguruan", epaimahaiaren ebazpenak jasotzen duenez, eta "gure poeta handienetako bat ezagutzeko aukera ematen du, bere ideiak publiko egiten ditu, eta gainera bere kantagintza eta kontzertuak lotzen ditu garai horretako giro eta pentsamenduarekin".
IRAKURRI ALEX GURRUTXAGARI "ABERRIAREN POETA KANTARIA" LIBURUARI BURUZ EGINIKO ELKARRIZKETA
Alex Gurrutxaga: "Xabier Lete da aberriaren kantari nagusia"
Gaztelaniazko Saiakeraren ataleko epaimahaiaren ustez, Mikel Reparaz EITBko Nazioarteko arloburuak liburuan Ameriketako Estatu Batuetatik proposatzen duen bidaia "bikain" idatzita dago, eta "gaiaren interesa eta gaurkotasuna nabarmentzen dira, bai eta tratamenduaren koherentzia ere".
Javier de Isusiren "Transparentes. Historias del Exilio Colombiano" lana "pisu emozionaleko komikia da, baina, aldi berean, liburu arin eta biribila egituran, oso teknika narratibo eta grafiko onarekin, eta istorioa modu bikainean ixtea lortzen du", epaimahaiaren ebazpenak dioenez.
Saridun bakoitzak 18.000 euroko saria izango du, eta beste 4.000 euro eskura ditzake bere lana beste hizkuntza batean argitaratzen bada. Azaroaren 18an banatuko dituzte Euskadi sariak, Gasteizen.
Zure interesekoa izan daiteke
Profesionalen eguna, Sarako Idazleen Biltzarra bukatzeko
Apirilaren 5ean abiatutako topagune literarioa gaur bukatuko da, profesionalei eskainitako jardunaldi batean. Aurten, Marikita Tambourin Baigorrin sortutako idazle, irakasle, ikertzaile eta militantea eta Anne-Marie Lagarde zuberotar idazle, ikertzaile eta antropologoa omendu dituzte.
Jabier Muguruza musikari eta idazleak bere lehen eleberria argitaratu du: "Café Mokka"
Eleberria “lehen pertsonako kontakizun intimo eta ironikoa eskaintzen du, kafetegi baten egunerokotasunetik abiatuta. Café Mokka kafetegia behatoki soziokultural bilakatzen da, non bezeroen elkarrizketek eta eguneroko egoerek gizartearen kontraesanak, joerak eta aldaketak islatzen dituzten”.
Literatura plazara aterako dute Oiartzunen ostera ere
Martxoaren 9tik 28ra, Literatura Plazara egingo dute Oiartzunen, laugarrenez, eta euskal literaturaren inguruko zortzi hitzordu jarri dituzte antolatzaileek, 1545 argitaletxeak.
Emakume idazleek presentzia irabazi dute: ahots, gorputz eta gai berriak ekarri ditu feminismoak
Feminismoak aldaketa sakonak ekarri ditu azken urteotan, baita literaturan ere, eta gai, begirada, ahots, gorputz eta narratiba berriak ekarri ditu. Duela mende erdi emakumezko idazle gutxi zeuden, eta bigarren maila batera baztertuta zeuden, gainera. Orain, berriz, oso garrantzitsua da horien presentzia, eta, besteak beste, sariak eta bekak irabazten ikusten ditugu.
António Lobo Antunes portugaldar idazlea zendu da
Portugalgo literaturaren izen erraldoiak, inkontzientearen eta memoriaren biltzaile eta idazkariak, 83 urte zituen. Euskaraz, “Gauzen ordena naturala” irakur daiteke.
Gutun Zuria jaialdiak Gerediaga Elkartea eta Valerie Miles sarituko ditu
Gaur, asteartearekin, hasiko da Bilboko literatur jaialdia, eta hilaren 28ra arte iraungo du. Aurten, Gerediaga Elkarteari, Durangoko Azoka antolatzaileari, eta Valerie Miles idazle eta editore estatubatuarrari eskainiko dizkie ohorezko sariak.
Euskaltzaindiak eta EIEk hitzarmena sinatu dute, idazle gazteei laguntzeko
Euskaltzaindiak eta Euskal Idazleen Elkarteak (EIE) lau urterako akordioa adostu dute. Euskaltzaindiak urtean bi ikastaro emango dizkie EIEren bazkideei, bekak deituko ditu eta mentoretza programa abiatuko du. Andres Urrutia euskaltzainburuak, Mikel Ayllon EIEko zuzendaritza batzordeko kideak eta Miren Agur Meabe idazle eta Euskaltzaindiaren idazkariak hartu dute parte ituna sinatzeko ekitaldian.
Hitza erdigunean jarriko du Gutun Zuriak berriz, 19. edizioan
Bernardo Atxagak, Alana S. Porterok, Karmele Jaiok, Layla Martinezek, Harkaitz Canok, Mario Obrerok, Miren Agur Meabek eta beste hainbat idazlek parte hartuko dute letren Bilboko nazioarteko jaialdian.
Xabier Montoiak "Bakea, bakea" eleberria aurkeztu du
Inazio Osa 43 urteko donostiarrak hondamendia biziko du ama hiltzean, "baina laster ikasiko du oker dagoela oso, deskalabrurik handienean ere beti baita posible zuloan beherago erortzea, are eta zoritxar handiagoak etortzea".
'Lauaxeta, ametsen egilea' erakusketa Euskal Abertzaletasunaren Museora iritsi da, Bilbora
Sabino Arana Fundazioaren Euskal Abertzaletasunaren Museoak Lauaxeta, ametsen egilea erakusketa ibiltaria izango du ikusgai Sabin Etxean, Bilbon, martxoaren 12ra arte. Bizkaiko Foru Aldundiak antolatu du erakusketa, museoarekin lankidetzan, Esteban Urkiaga Lauaxeta euskal olerkari eta idazlearen jaiotzaren 120. urteurrena gogoratzeko.