Hitza erdigunean jarriko du Gutun Zuriak berriz, 19. edizioan
Bernardo Atxagak solasaldia egingo du Karmele Jaiorekin eta Jabier Muguruzarekin batera
Gutun Zuria Bilbao Letren Nazioarteko Jaialdiaren 19. edizioa otsailaren 24tik 28ra egingo dute, eta literatura garaikidearen hogeita hamar izen bilduko dira, dei horri erantzunda, Azkuna Zentroan.
Literatura jaialdiaren helburua “idazten eta irakurtzen duenaren arteko zubi-lana egitea” da, antolatzaileek azaldu dutenez, “eta bizipen komun bihurtzen ditu normalean esperientzia intimoak izaten diren irakurketa eta literatura”.
Aurtengo edizioan, idazketaren eta argitalpenaren arloko hogeita hamar bat sortzailek hartuko dute parte, eztabaida profesionaletan, solasaldietan…
Bernardo Atxaga, Jabier Muguruza eta Karmele Jaio idazleek, esaterako, etorkizunaz, espekulazioez eta dibagazioez hitz egingo dute “Biharko berbak” izenburupean (otsailak 24), Didier Eribon filosofoak eta Alana S. Porterok generoaren eta klasearen arteko aurkakotasun faltsuaz (otsailak 28), Hedoi Etxartek, Lur Olaizolak eta Uxue Razkinek, doluaz (otsailak 27), Danele Sarriugartek eta Layla Martinezek idaztea etorkizuna aldatzeko modu bat ote den aztertuko dute (otsailak 24).
Jaialdiak Gutun Zuria Bilbao PRO edizio literarioaren inguruko jardunaldi profesionalen hirugarren edizioa ere prestatu du, eta hogei bat idazle, argitaletxe, itzultzaile, kultur programatzaile eta sektoreko eragile bilduko ditu horretarako otsailaren 25 eta 26an.
Aurretik iragarrita zegoen bezala, BBK Gutun Zuria Bilbao Ohorezko saria Gerediaga Elkarteak eta Valerie Miles idazle eta editoreak jasoko dute.