“Arnas poetikoa bere izatearen sakon-sakonetik iristen zitzaion Joxan Artzeri”
Mikel Laboa, Oskarbi, Benito Lertxundi, Imanol, Erramun Martikorena, Negu Gorriak, Antton Valverde, Oskorri, Sen, Mursego, Gontzal Mendibil, Ibon RG, Ruper Ordorika, Amorante eta beste hamaika talde eta musikariren eskutik eta eztarritik jaso dituzte askok eta askok "Geure bazterrak", "Txoria txori", "Zure askatasunagatik borrokatzen banaiz", "Martxa baten lehen notak" eta "Ama hil zaigu" poemen hitzak, besteak beste.
Mikel Laboa, "Geure bazterrak" jotzen, 1997an Bilboko Kafe Antzokian (Bideoa: Kafe Antzokia)
Horren aurrean, poetaren heriotzaren laugarren urteurrena betetzera zihoala, Balea Zuria argitaletxekoak konturatu ziren jende askok ez zituela beretzat hartzen Joxan Artzeren (Usurbil, 1939-2018) hitz asko, eta hutsune hori betetzeko lantegia ezarri zioten beren buruari.
Horren emaitza da Enborretik antologia, eta Pello Otxoteko idazle, itzultzaile eta irakaslearekin, lanaren paratzailearekin, hitz egin dugu, berorren eskutik ibilbidetxoa egiteko Artzeren poesiagintza gardenean zehar, hasierako poema esperimental eta emantzipatzaileekin hasi eta geroko ale espiritualagoekin bukatzeko.
Zer hutsune betetzera dator "Enborretik"?
Joxan Artzeren heriotzaren laugarren urteurrena betetzera zihoan, eta konturatu ginen bere kantu famatuenetako batzuk ez zituela bereak bezala ezagutzen jende askok.
Ideia hori abiapuntu gisa hartuta, guretzat ezagunenak eta esanguratsuenak ziren abestien zerrenda egiten hasi ginen poliki-poliki. Beraz, hutsune hori betetzera dator bereziki antologia hau.
Natura, izadia, txalaparta bera (txalapartaria ere bazen Artze)… dakartza gogora izenburuak. Zergatik erabaki zenuten izenburu hori jartzea?
Aipatzen duzunagatik, hain zuzen ere. Artzeren poesia naturarekin oso lotuta dago. Eta bere figura txalapartarekin ere gogoratzen dugu; bere poesia naturatik dator eta naturan txertatuak ditu bere erro sakonenak; hots, natura oso presente dago bere olerki guztietan zehar, esplizituki nahiz inplizituki.
Beraz, nahiko erraz iritsi ginen izenburua jartzeko helmuga horretara; bide guztiek horretara eramaten zuten.
Zein irizpideri jarraitu diozue olerkiak aukeratzeko orduan? Zer behar zuen poemak, aintzat hartua izan eta aukeratuen artean egoteko?
Kantu moduan ezagunak egin diren poemei lehentasuna eman diegu. Nahi genuen berriz ere garai batean hain esanguratsuak bihurtu ziren kanten poemak belaunaldi berriei gogora ekartzea.
Horretaz gain, gure ustez poema dotoreenak, ongi taxututakoenak, eta, funtsean, hoberenak biltzen saiatu gara.
Lehen liburuetako poema bisual eta ikusgarrienak (uler bedi zentzu literalean, kaligramak, hitz eta letra mosaikoak…) ez dira bilduman ageri. Erabaki estilistikoa edo mekanikoa izan da?
Erabaki mekanikoa izan da. Zaila zen originala bere horretan gure liburuen orrialdeetako tamainan sartzea. Hori besterik ez.
Errespetu handia zor zion Artzek irakurleari: poemen forma landuak, autoerreferentzialtasun ugariak eta hitz jokoek erakusten dute hori, besteak beste, eta berak ere esana da ("Neure olerkiekin ateak kax-kax jotzen ditut…"). Norentzat idazten zuen Joxan Artzek? Aldatu zen hori bere ibilbidean?
Joxanek guztiontzat idazten zuen, baita bere buruarentzat ere. Bere baitan arakatzen zuen, arnas poetikoa bere izatearen sakon-sakonetik iristen zitzaion, intentsitate, zehaztasun eta originaltasun handiz, eta uste dut originaltasuna hortik datorkiola.
Iruditzen zait ezaugarri hau ez zela gehiegi aldatu bere ibilbide poetiko osoan zehar, eta horren ondorioz gure hizkuntzak ere Joxan Artzeren poesian arnasten du. Halaber, arnasteaz gain, argitasuna eta distira lortzen du lerro bakoitzean.
Hitza eta kantua menderatzen zuen, eta bien arteko talkan gure sustraien ttakun-ttan-ttakun miragarria sortzen du. Halaxe nabaritzen da bere hitzetan eta bere hitz-jokoetan, non musikaltasuna eta erritmoa nagusi diren. Horretaz gain, mezu sakon eta sentipen benetakoenen adierazle dira bere hitzen joskera bereziak eta ele deigarrien nabarmentze ugariak.
Koldo Izagirrek dioenez, Ortzia lorez, lurra izarrez liburutik aurrera Artzek "alienazioaren denuntziaz haratago jo nahi du, moral askatzaile bat proposatzen du nitasun espiritual batetik kaos antolatu honi aurka egiteko baino gainditzeko". Zer ezberdintasun nagusi daude liburu horren aurreko eta ondorengo poesiagintzan, zure ikuspegitik? Zer ezaugarri daude, aitzitik, komunean?
Komunean daudenak arestian aipatutakoak dira: naturarekiko miresmena eta naturaganako uztartze horren beharra.
Ezberdintasun nagusiak, aldiz, Ortzia lorez, lurra izarrez liburutik aurrera espiritualtasunak garrantzia nabariagoa hartzen duela eta transzendentziaren lurrina argiago azaltzen zaigula, immanentziaren baldintzapekoak alde batera utzita.
Ados nago Izagirrerekin, baina ez erabat; izan ere, bere moral askatzailearen planteamendua ez da zerbaiti aurre egiteko bidea bezala aurkezten. Joera edo bilaketa espiritual horrek gizaki berri baten aldaketa du helburu, eta ez kaos immanente horren suntsiketari aurre egiteko baliabide izatea. Natura medioa izan daiteke transzendentziaren zantzuak jasotzen joateko, modu natural, erraz eta xaloan aldaketa gauzatzeko, osmosi erraztuan gertatuko balitz bezala.
Amaieran, Karmen bere alargunari eskaini zizkion bi poema argitaragabe ageri dira. Nola aurkitu zenituzten eta zergatik erabaki zenuten bildumari gehitzea?
Karmen Esteban bere alargunari oso eskerturik gaude. Material ugari utzi zuen gure esku, baita zenbait poema argitaragabe ere.
Guztia aztertu ondoren, bi poema horiek argitaratzea merezi zutela erabaki genuen, eta hortxe daude liburuan, denontzat irakurgai.
Zer esango zenioke Artzeren poesiara gerturatu nahi duenari?
Bada, merezi duen poesia dela. Naturara hurbiltzen gaituen poesia da, bizitzaren xehetasun eta ñabardura bereziak erakutsi eta adierazten dizkigu. Merezi du Artzeren hitzak eta lerroak irakurtzea, dastatzea eta entzutea.
Haren poesiak gogoa argituko digu, pentsamendua zorroztu eta begirada poztasunez beteta utziko. Horrela, iluntasuna eta momentu latzenetako nekeak uxatuko ditu gure barne sentikortasunetik.
Zure interesekoa izan daiteke
Profesionalen eguna, Sarako Idazleen Biltzarra bukatzeko
Apirilaren 5ean abiatutako topagune literarioa gaur bukatuko da, profesionalei eskainitako jardunaldi batean. Aurten, Marikita Tambourin Baigorrin sortutako idazle, irakasle, ikertzaile eta militantea eta Anne-Marie Lagarde zuberotar idazle, ikertzaile eta antropologoa omendu dituzte.
Jabier Muguruza musikari eta idazleak bere lehen eleberria argitaratu du: "Café Mokka"
Eleberria “lehen pertsonako kontakizun intimo eta ironikoa eskaintzen du, kafetegi baten egunerokotasunetik abiatuta. Café Mokka kafetegia behatoki soziokultural bilakatzen da, non bezeroen elkarrizketek eta eguneroko egoerek gizartearen kontraesanak, joerak eta aldaketak islatzen dituzten”.
Literatura plazara aterako dute Oiartzunen ostera ere
Martxoaren 9tik 28ra, Literatura Plazara egingo dute Oiartzunen, laugarrenez, eta euskal literaturaren inguruko zortzi hitzordu jarri dituzte antolatzaileek, 1545 argitaletxeak.
Emakume idazleek presentzia irabazi dute: ahots, gorputz eta gai berriak ekarri ditu feminismoak
Feminismoak aldaketa sakonak ekarri ditu azken urteotan, baita literaturan ere, eta gai, begirada, ahots, gorputz eta narratiba berriak ekarri ditu. Duela mende erdi emakumezko idazle gutxi zeuden, eta bigarren maila batera baztertuta zeuden, gainera. Orain, berriz, oso garrantzitsua da horien presentzia, eta, besteak beste, sariak eta bekak irabazten ikusten ditugu.
António Lobo Antunes portugaldar idazlea zendu da
Portugalgo literaturaren izen erraldoiak, inkontzientearen eta memoriaren biltzaile eta idazkariak, 83 urte zituen. Euskaraz, “Gauzen ordena naturala” irakur daiteke.
Gutun Zuria jaialdiak Gerediaga Elkartea eta Valerie Miles sarituko ditu
Gaur, asteartearekin, hasiko da Bilboko literatur jaialdia, eta hilaren 28ra arte iraungo du. Aurten, Gerediaga Elkarteari, Durangoko Azoka antolatzaileari, eta Valerie Miles idazle eta editore estatubatuarrari eskainiko dizkie ohorezko sariak.
Euskaltzaindiak eta EIEk hitzarmena sinatu dute, idazle gazteei laguntzeko
Euskaltzaindiak eta Euskal Idazleen Elkarteak (EIE) lau urterako akordioa adostu dute. Euskaltzaindiak urtean bi ikastaro emango dizkie EIEren bazkideei, bekak deituko ditu eta mentoretza programa abiatuko du. Andres Urrutia euskaltzainburuak, Mikel Ayllon EIEko zuzendaritza batzordeko kideak eta Miren Agur Meabe idazle eta Euskaltzaindiaren idazkariak hartu dute parte ituna sinatzeko ekitaldian.
Hitza erdigunean jarriko du Gutun Zuriak berriz, 19. edizioan
Bernardo Atxagak, Alana S. Porterok, Karmele Jaiok, Layla Martinezek, Harkaitz Canok, Mario Obrerok, Miren Agur Meabek eta beste hainbat idazlek parte hartuko dute letren Bilboko nazioarteko jaialdian.
Xabier Montoiak "Bakea, bakea" eleberria aurkeztu du
Inazio Osa 43 urteko donostiarrak hondamendia biziko du ama hiltzean, "baina laster ikasiko du oker dagoela oso, deskalabrurik handienean ere beti baita posible zuloan beherago erortzea, are eta zoritxar handiagoak etortzea".
'Lauaxeta, ametsen egilea' erakusketa Euskal Abertzaletasunaren Museora iritsi da, Bilbora
Sabino Arana Fundazioaren Euskal Abertzaletasunaren Museoak Lauaxeta, ametsen egilea erakusketa ibiltaria izango du ikusgai Sabin Etxean, Bilbon, martxoaren 12ra arte. Bizkaiko Foru Aldundiak antolatu du erakusketa, museoarekin lankidetzan, Esteban Urkiaga Lauaxeta euskal olerkari eta idazlearen jaiotzaren 120. urteurrena gogoratzeko.