EHUko adituek Unamunoren heriotza ikertzeko lantaldean parte hartuko dute
EHUko hainbat sailetako irakasle talde batek diziplinarteko ikerketa sustatzeko ekimen bat bultzatuko du Salamancako Unibertsitatean (USAL), Unamunoren heriotza argitzeko helburuarekin. Ekimenean, besteak beste, Jon Kortazar Literatura katedradunak, Jon Bernat Zubirik (Ekonomia Aplikatua) eta Jon Mirena Landa Zuzenbide Penaleko katedradunak parte hartuko dute, Aranzadi Institutuarekin elkarlanean.
“Unamunoren heriotzaren inguruan, bere etxean eta inguruabar bitxietan, kriminalitate-zantzu desberdinak agertu izanak EHU interpelatu egiten du USALek abiatu duen ikerketan parte hartzera. Unamunok ez zuen osasun-arazorik, eta behin baino gehiagotan esana zuen heriotza-mehatxupean zegoela eta etxean atxilotuta egotetik ihes egin nahi zuela”, adierazi dute David Hoyos eta Jon Bernat Zubiri laguntza taldeko koordinatzaileek.
Joxerramon Bengoetxea Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreak azpimarratu du “EHUren prestasuna eta konpromiso instituzionala ikerketa babesteko eta haren garapena bultzatzeko”.
“Etxean atxilotuta egotea, Erregimeneko agintarien mehatxuak, heriotzaren inguruko inguruabar susmagarriak, falangistek gorpuaz jabetu izana eta hileta berehalaxe antolatzea susmoak pizten dituzten gertakariak dira”, esan dute USALeko Jokabide Kriminaleko Masterreko zuzendari Francisco Javier de Santiagok eta Maria Montfragüe psikolinguistak.