Aritz Trueba: "Sortzean, espero ez dituzunak azaleratuko dira, eta horrek beste "ni" bat erakutsiko dizu"
Gipuzkoako herri batean benetan jazo zen gertakari batetik abiatuta, gidoi bat idatzi zuen Koldo Almandoz zinemagileak (Donostia, 1973): neska nerabe baten eta mutil baten arteko sexu harremanak erakusten dituen bideoa telefonorik telefono zabaldu da herrian, eta, errealitatean ez bezala (komikiak oinarri duen gertakariko neskak bere buruaz beste egin zuen), fikziozko neska horrek aurrera egingo du, oztopoak oztopo, hainbat heldulekuri eutsita.
Aritz Trueba animatzaile eta marrazkilariak (Donostia, 1980), aspaldiko ezagunak, irudi batzuk egin zizkion lehen fase horretan Almandozi, ikus-entzunezkoa izan behar zuen proiektua mugitzen eta eraikitzen laguntzeko. Azkenean, proiektu horrek ez zuen aurrera egin, ez behintzat formatu horretan, zeren, Truebak xaxatuta, Natasha pertsonaiaren istorioa marrazki eta hitzetan gauzatu zuten akabuan, Natasha (Farmazia Beltza, 2022) komikian.
187 orriko lan dotorea da emaitza, Farmazia Beltza argitaletxeak euskaraz eta Nuevo Nuevek gaztelaniaz argitaratutakoa. Zuri-beltzezko marrazkietan, irakurleak gaur-gaurko kontakizun sakon, naturalista, zintzo, argitsu, iradokitzaile eta bizia aurkituko du, irakurlearentzako keinuz beterikoa.
Truebarekin eta Almandozekin hitz egin dugu.
Pelikula izateko jaio zen Natasha, baina komikia da azkenean. Zer galdu eta zer irabazi du istorioak eraldaketa horretan?
Koldo Almandoz: Galdu? Bada, euskal zinemaren istorio petralean falta diren istorio garaikideetako bat galdu da, falta diren askoren artean beste bat. Orainaldiari beldurra dion zinemagintza (eta kultura) da geurea, ia beti iraganean babesten dena.
Eta irabazi? Bada, hain justu gauza bera, komiki formatuan. Gure kultur intelligentsiari batere inporta ez zaion formatua, bestetik.
Zelan bizi du sortzaile batek bere egitasmoak bertan behera gelditzea?
Almandoz: Nik kiroltasun handiz bizi dudala uste dut. Kontziente ere banaiz nik egiten dudana ez dela bertoko ikus-entzunezko agintarien (ETB, etc, txiste txarra egitearren) gustukoa, ezta ikuslegoaren zati batena ere. Eta hori ez da inoren errua.
Nik nire lanean sinisten dut, niri gustatu behar zait lehenik.
Eta moda kontuak ere badira. Produktu zehatz batzuk, ezaugarri zehatz batzuekin, eskaini nahi zaizkio merkatuari, eta kitto.
Ni ezkorra naiz pentsamenduz baina oso baikorra ahaleginean. Egiten ditudan proiektuekin gozatu eta egiten ez ditudanekin neurrian sufritzen dut, eta akabo.
Nik uste munduak aurrera egingo duela nire istoriorik gabe, kar-kar.
Aritz, zer ekarri dio Koldoren ikuspegi zinematografikoak istorioari? Norantz bultzatu zaitu marrazkilari gisa?
Aritz Trueba: Komikia sortzen ari ginen bitartean, marrazten nituen orriak aztertzeko aukera izan du Koldok, eta, horiek zuzentzeaz gain, istorioaren abiadura eta erritmoa zuzentzeko aukera ere izan du. Eszena bakoitzaren tempoa zenbat orrialdetan garatu behar zen hausnartzen zuen, eta eszenak elkarrekin egokitzen genituen gero.
Karga dramatikoa zuten egoerei balio emozionala eman nahi genien, eta Koldok horiek markatzen zizkidan bere ikuspegitik.
Nolakoa izan da lau eskuz sortzea?
Almandoz: Beti gertatzen den moduan, norberaren ideiak, bestearen galbahetik pasatzen direnean, findu eta hobetu egiten dira. Gainera, elkartzeko aukera bat izan da. Askotan, ez genuen komikiaz hitz egiten ere…
Trueba: Gu bizilagunak izan gara urte luzez, elkar ezagutzen genuen. Bazegoen konfiantza moduko bat gauzak elkarri argi esateko.
Nik gidoi proposamenak egin ahal izan ditut, eta Koldok, marrazteko ideiak ekarri.
Pertsonaiek gidatzen dute istorioa erabat, ez dago narratzailerik, eta beraien esanetan eta esan gabekoetan oinarritzen da lana. Nolakoa izan da beroriek eraikitzeko prozesua, istorioarentzat hil edo bizikoak izango ziren jakitun? Baten bat gehiago ezin garatzeko penaz gelditu zarete?
Almandoz: Trama eta pertsonaiak garatzerakoan, 800 orrialdeko komiki bat ez egiteko, murrizketak eta elipsiak egin behar izan ditugu, eta komiki hizkuntzara ekarri.
Argi genuen, bestalde, ez zela izango narratzaile orojakilerik eta, zentzu horretan, pertsonaiek eta beren ekintzek gidatuko zutela trama. Irakurle ikus-entzulearen parte-hartze aktiboa ere nahi genuen, gustatzen zaizkigun komiki, musika, film eta liburuetan bezalaxe.
Istorioaren protagonistak nerabezarotik helduarora pasatzen ari dira, baina hainbat erreferentzia beste belaunaldi batekoontzat dira (The Dreamers pelikula…). Zer hartzaile izan duzue buruan sormen prozesuan? Norentzat dago idatzia Natasha?
Trueba: Erreferentzia zinematografikoetatik baino gehiago, komikietatik edan dugu. Egia da The Dreamers pelikulari keinu bat egiten diogula, baina komiki mundutik datozen erreferentziaz beterik dago Natasha.
Nik oso garbi nuen marrazkiak indar eta nortasun handia izan behar zuela, eta, hori lortzeko, Bastien Vives marrazkilariaren estilora hurbildu nintzen. Marrazkiaren trazuak, tintak eskaintzen dituen aukera plastikoekin lotuta, emozio desberdinak irudikatzeko eta esperimentatzeko aukera izan nuen.
Narrazioari dagokionez, bestelako artista batzuk etortzen zitzaizkigun burura, Frederik Peeters eta Gipi aipagarrienak. Ostiralero, Koldoren sukaldean elkartzen ginen, eta Natashari lagun ziezaioketen komikiak jartzen genituen mahai gainean, aztertzeko.
Nik lan hau neuretzat hartu dut, nik irakurri nahiko nukeen komiki bat egiten saiatu naiz. Egia da nerabeen istorio bat kontatzen dela, baina bertan azpimarratzen den garapen emozionala adin guztietan ematen den ezaugarri bat da.
Orokortzeen aurka ere bagaude, eta komiki honek belaunaldien arteko langa hori gainditzen du. Adin guztietako jendeak irakurtzen ditu komikiak, ikusten ditu film zaharrak eta joaten da futbol zelaietara.
Bi gizonezko helduk Natasha emakumezko adoptatu nerabearen istorioa kontatzeko duten zilegitasuna aldarrikatu nahi izan duzue aurkezpenetan. Zergatik ikusten duzue orain irakurle eta idazlearen arteko hitzarmen hori hausteko arriskua, eta ez, esaterako, Koldok aurreko lanetan ertzain bat, paduran ibiltzen den gazte deserrotu bat edo etorkizunetik etorri den donostiar bat irudikatu dituenean?
Almandoz: Aipatu dituzun horiengatik ere entzun izan ditut entzun beharrekoak. Orain, puri-purian dago legitimatzearen kontua. Edozer sortzeko legitimatua ote zauden galdetzeko ohitura zabaldu da.
Kulturaren mundua hain akademikoa bihurtu denetik, jakiturian irabazi baina askatasunean galdu dugu. Hala ere, erantzunak oso luze joko luke, eta paso egiten dut gaiaz… Jende gehiegi dago jada lezioak ematen, ni ere horretan hasteko…
Gertakari ilun batetik abiatuta, argia ekartzen du komikiak, baina epikatik eta dramatik ihes egiten du etengabe kontakizunak. Nola saihestu dituzue drama, "epikokeria" eta paternalismoa?
Trueba: Natashak pertsonaia sinesgarriak aurkezten ditu. Gertuko bizitzarekin erlazionatu ahal dituen pertsonak eta egoerak topatzen ditu irakurleak, gaur egun entzun edo irakurtzen dituen benetako gertaerak.
Eta gai sinesgarriak direnez, konponbideek ere halakoak behar zuten izan; egunerokotasunean bizi ditugun ekintzen bitartez ebatzi ohi dugu nork bere burua ezagutzeko pauso hori. Istorio honetan, gertaera zuri edo beltzak baino gehiago, grisen eskala azpimarratuko nuke, pertsonaien arteko harreman pertsonalen bilakaeran.
Sormenak garrantzi handia du istorioan. Zer da zuentzat sormena?
Trueba: Sormena jolasa da niretzat. Natashak gitarra jotzea gogoko duen eta esparru horretan proba egiten duen bezala, nik marrazten eta istorioak ahalik eta ondoen kontatzen disfrutatzen dut.
Ibilbide horretan, hainbat zalantza izan eta erabakiak hartuko ditut ondo jakin gabe nora helduko naizen. Puzzle bat osatzea bezalakoa da: ideia guztiak zure buruan dantzan ibiltzen dira, eta haien arteko loturak egiten direnean lortzen den orekak helmuga batera eramango zaitu.
Akaso, ez da izango hasieran buruan zenuen helmuga, baina jolasak hori du: espero ez dituzun sorkuntzak azaleratuko dira eta horrek beste "ni" bat erakutsiko dizu.
Baduzue beste lanik esku artean?
Almandoz: Sekula egingo ez ditugun proiektu asko dugu, bai.
Zure interesekoa izan daiteke
Euskaltzaindiak eta EIEk hitzarmena sinatu dute, idazle gazteei laguntzeko
Euskaltzaindiak eta Euskal Idazleen Elkarteak (EIE) lau urterako akordioa adostu dute. Euskaltzaindiak urtean bi ikastaro emango dizkie EIEren bazkideei, bekak deituko ditu eta mentoretza programa abiatuko du. Andres Urrutia euskaltzainburuak, Mikel Ayllon EIEko zuzendaritza batzordeko kideak eta Miren Agur Meabe idazle eta Euskaltzaindiaren idazkariak hartu dute parte ituna sinatzeko ekitaldian.
Hitza erdigunean jarriko du Gutun Zuriak berriz, 19. edizioan
Bernardo Atxagak, Alana S. Porterok, Karmele Jaiok, Layla Martinezek, Harkaitz Canok, Mario Obrerok, Miren Agur Meabek eta beste hainbat idazlek parte hartuko dute letren Bilboko nazioarteko jaialdian.
Xabier Montoiak "Bakea, bakea" eleberria aurkeztu du
Inazio Osa 43 urteko donostiarrak hondamendia biziko du ama hiltzean, "baina laster ikasiko du oker dagoela oso, deskalabrurik handienean ere beti baita posible zuloan beherago erortzea, are eta zoritxar handiagoak etortzea".
'Lauaxeta, ametsen egilea' erakusketa Euskal Abertzaletasunaren Museora iritsi da, Bilbora
Sabino Arana Fundazioaren Euskal Abertzaletasunaren Museoak Lauaxeta, ametsen egilea erakusketa ibiltaria izango du ikusgai Sabin Etxean, Bilbon, martxoaren 12ra arte. Bizkaiko Foru Aldundiak antolatu du erakusketa, museoarekin lankidetzan, Esteban Urkiaga Lauaxeta euskal olerkari eta idazlearen jaiotzaren 120. urteurrena gogoratzeko.
Gutun Zuria jaialdiak Gerediaga Elkartea eta Valerie Miles idazlea sarituko ditu
Gutun Zuria Bilboko Letren Nazioarteko Jaialdiaren 19. edizioa otsailaren 24tik 28ra egingo dute. Literatura eta argitalpen esparruko hogeita hamar bat sortzailek parte hartuko dute, eta “datozen egunetan” iragarriko dute programazioa.
Doinuelek 2026ko hitzorduak aurkeztu ditu
Euskarazko Plazen Sareak aurten egingo dituzten euskarazko literatura azokak aurkeztu ditu, Iruñean: Baztango (H)ilbeltza, Oiartzungo Literatura Plazara, Azokitiko Gure Gelatik, Zarauzko Literaturia, Ziburuko Euskal Liburu eta Disko Azoka, Hernaniko Liburu eta Disko Azoka, Sarako Ikusi Mikusi, Oiartzungo Hitzen Lihoa eta Lazkaoko Liburu eta Disko Azoka.
Nobela beltzaren hila
Gaur, astelehenarekin, (H)ilbeltza Euskal Nobela Beltzaren Baztango Astea eta Pamplona Negra Literatura eta Zinema Beltzaren Iruñeko jaialdia hasiko dira.
EHU eta Salamancako Unibertsitatea Miguel de Unamunoren heriotza aztertzen ari dira
Nola hil zen Miguel de Unamuno idazlea? Berez hil zen edo hil egin zuten? Idazle bilbotarraren heriotzaren inguruko eztabaida zabaldu da berriz ere, eta Euskal Herriko Unibertsitatearen eta Salamancako Unibertsitatearen ikerketa batek gertaera argitu nahi du.
EHUko adituek Unamunoren heriotza ikertzeko lantaldean parte hartuko dute
Salamancako Unibertsitatean diziplinarteko ikerketa sustatzeko ekimen bat bultzatzea erabaki du EHUko hainbat sailetako irakasle talde batek. “Unamunoren etxean kriminalitate-zantzu desberdinak agertu izanak EHU interpelatu egiten du USALek abiatu duen ikerketan parte hartzera”, adierazi dute.
Joxe Azurmendiri aitortza ekitaldia egin diote Durangoko Azokaren azken egunean
Jakin Fundazioko eta Gerediagako kideek aitortza omenaldia egin diote gaur Joxe Azurmendiri. Pentsalari, idazle eta euskaltzaleari eskainitako Jakin aldizkariren azken zenbakia izan du abiapuntu ekitaldiak. Horrekin batera, Azurmendiren Manifestu atzeratua errezitatu dute hainbat poetak Durangoko Azokako azken egunean.