Euskadi Literatura sariak, Arantxa Urretabizkaia, Patxi Zubizarreta eta Joseba Larratxerentzat
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak gaur goizean eman ditu ezagutzera Euskadi Literatura sarietako aurtengo lehen hiru irabazleen izenak. Donostiako San Telmo Museoan egin den ekitaldian jakinarazi ditu sailburuak Euskarazko Literatura, Euskarazko Haur eta Gazte Literatura eta Literatur Lanaren ilustrazioa modalitateetako 2023ko irabazleak: Arantxa Urretabizkaia, Azken Etxea (Pamiela); Patxi Zubizarreta, Zerria (Erein); eta Joseba Larratxe, Ni ez naiz Mikel Laboa (Elkar).
Euskarazko Literaturako sariko epaimahaiak Arantxa Urretabizkaiaren obrak "eskaintzen dituen ezaugarri formal eta hautu estetiko bereziak" azpimarratu ditu, baita "ikuspegi zein planteamendu narratiboan harturiko arriskuak ere". Josu Jimenezek, Idoia Carramiñanak, Ane Zapaterok, Ane Labakak eta Mikel Aierbek osatu dute Euskarazko Literatura sariko epaimahaia.
Bestalde, Leire Bilbaok, Larraitz Idarretak, Karla Fernandez de Ganboak, Xabier Etxanizek eta Ruben Ruizek osotutako epaimahaiak erabaki du Euskarazko Haur eta Gazte Literaturako aurtengo Euskadi Literatura saria Patxi Zubizarretarentzat dela. Epaimahaiko kideen iritziz, Zubizarretaren Zerria lana "gazteei zuzenduriko eleberri laburra dugu, errazkeriatik eta gazte literaturaren topiko tipikoetatik aldentzen den literaturazko lan landua".
Joseba Larratxeren Ni ez naiz Mikel Laboa lanaren inguruan epaimahaiak uste du oso ondo landutako eta ebatzitako lana dela eta hori erabilitako sekuentziazioan islatzen dela. Maite Mutuberriak, Maria Carmen Fernandezek, Jose Carlos Torrek, Miren Asiaienk eta Jose Antonio Morleseinek osotutako epaimahaiak honako hau gaineratu du Larratxeren lanaz: "Proposamen fresko eta oroigarria, erreferentzia eta sinbolismo kulturalen asko jasotzen dituen obra konplexua da, baina irakurketa arina du. Mikel Laboaren musikaren erritmoa eta ikusizko interpretazioa nabarmentzen dira, baita ikuspegi desberdinen presentzia ere, hainbat irakurketa geruzarekin".
Bestalde, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak azpimarratu duenez, sari hauen helburua "irakurleen eta gizartearen arreta egileen lanetan jartzea da". Sailburuak irabazleei adierazi dienez, "zuen lanari bultzada bat ere eman nahi diogu. Herritarren zuen sormen lana eta zuen obra ezagutzea nahi dugu eta obra hauen sustapenean lagundu nahi dugu".
Sariak eta banaketa ekitaldia
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak zazpi Euskadi Literatura sari banatzen ditu. Falta diren laurak Literatura Gaztelaniaz, Euskarazko Literatura Itzulpena, Saiakera Euskaraz eta Saiakera Gaztelaniaz dira, eta datorren astean iragarriko dira horien irabazleak. Saridun bakoitzak 18.000 euroko saria izango du, eta beste 4.000 euro eskura ditzake bere lana beste hizkuntza batean argiratzen bada.
Aurtengo Euskadi Literatura sariak banatzeko ekitaldia azaroaren 15ean egingo da, Getxoko Muxikebarri Zentroan.
Zure interesekoa izan daiteke
Xabier Montoiak "Bakea, bakea" eleberria aurkeztu du
Inazio Osa 43 urteko donostiarrak hondamendia biziko du ama hiltzean, "baina laster ikasiko du oker dagoela oso, deskalabrurik handienean ere beti baita posible zuloan beherago erortzea, are eta zoritxar handiagoak etortzea".
'Lauaxeta, ametsen egilea' erakusketa Euskal Abertzaletasunaren Museora iritsi da, Bilbora
Sabino Arana Fundazioaren Euskal Abertzaletasunaren Museoak Lauaxeta, ametsen egilea erakusketa ibiltaria izango du ikusgai Sabin Etxean, Bilbon, martxoaren 12ra arte. Bizkaiko Foru Aldundiak antolatu du erakusketa, museoarekin lankidetzan, Esteban Urkiaga Lauaxeta euskal olerkari eta idazlearen jaiotzaren 120. urteurrena gogoratzeko.
Gutun Zuria jaialdiak Gerediaga Elkartea eta Valerie Miles idazlea sarituko ditu
Gutun Zuria Bilboko Letren Nazioarteko Jaialdiaren 19. edizioa otsailaren 24tik 28ra egingo dute. Literatura eta argitalpen esparruko hogeita hamar bat sortzailek parte hartuko dute, eta “datozen egunetan” iragarriko dute programazioa.
Doinuelek 2026ko hitzorduak aurkeztu ditu
Euskarazko Plazen Sareak aurten egingo dituzten euskarazko literatura azokak aurkeztu ditu, Iruñean: Baztango (H)ilbeltza, Oiartzungo Literatura Plazara, Azokitiko Gure Gelatik, Zarauzko Literaturia, Ziburuko Euskal Liburu eta Disko Azoka, Hernaniko Liburu eta Disko Azoka, Sarako Ikusi Mikusi, Oiartzungo Hitzen Lihoa eta Lazkaoko Liburu eta Disko Azoka.
Nobela beltzaren hila
Gaur, astelehenarekin, (H)ilbeltza Euskal Nobela Beltzaren Baztango Astea eta Pamplona Negra Literatura eta Zinema Beltzaren Iruñeko jaialdia hasiko dira.
EHU eta Salamancako Unibertsitatea Miguel de Unamunoren heriotza aztertzen ari dira
Nola hil zen Miguel de Unamuno idazlea? Berez hil zen edo hil egin zuten? Idazle bilbotarraren heriotzaren inguruko eztabaida zabaldu da berriz ere, eta Euskal Herriko Unibertsitatearen eta Salamancako Unibertsitatearen ikerketa batek gertaera argitu nahi du.
EHUko adituek Unamunoren heriotza ikertzeko lantaldean parte hartuko dute
Salamancako Unibertsitatean diziplinarteko ikerketa sustatzeko ekimen bat bultzatzea erabaki du EHUko hainbat sailetako irakasle talde batek. “Unamunoren etxean kriminalitate-zantzu desberdinak agertu izanak EHU interpelatu egiten du USALek abiatu duen ikerketan parte hartzera”, adierazi dute.
Joxe Azurmendiri aitortza ekitaldia egin diote Durangoko Azokaren azken egunean
Jakin Fundazioko eta Gerediagako kideek aitortza omenaldia egin diote gaur Joxe Azurmendiri. Pentsalari, idazle eta euskaltzaleari eskainitako Jakin aldizkariren azken zenbakia izan du abiapuntu ekitaldiak. Horrekin batera, Azurmendiren Manifestu atzeratua errezitatu dute hainbat poetak Durangoko Azokako azken egunean.
Euskadi Literatura sariak banatu dituzte, Donostian
Irabazleen izenak iragarrita zeuden arren, gaur banatu dituzte, Donostiako San Telmo museoan, Euskadi Literatura sariak. Zazpi aitortza banatu dituzte, horrenbesteko ataletan. Euskarazko Literaturan, Unai Elorriaga saritu dute; gaztelaniazkoan, Garazi Albizua. Karmele Mitxelena, Maite Rosende, Koldo Biguri , Markos Zapiain eta Itxaso del Castillo izan dira beste arloetako sarituak.
Jon Arretxe: "Aldatzeko beharra sumatzen nuen"
Jon Arretxe idazleak Toureren istorioak alboratu, eta Txerriak eta loreak eleberri beltza argitaratu du. Durangoko Azokan izango da salgai.