Espainiako Kultura Ministerioak Xabier Olarra eta Marian Ochoa de Eribe itzultzaileak saritu ditu
Olarra tolosarrak Itzultzailearen Obraren Espainiako Saria jaso du, eta Maria Angeles Ochoa de Eribe bilbotarrak Itzulpen Onenarena, “Theodoros” Mircea Cărtărescuren eleberria gaztelaniara eramateko orduan egindako lanagatik. Sari bakoitzak 30.000 euroko diru saria dakar.
Espainiako Kultura Ministerioak Itzultzailearen Obraren Saria eman dio Xabier Olarra Lizasori (Tolosa, 1953), eta 2025eko Itzulpen Onenarena Maria Angeles Ochoa de Oribe Urdinguiori (Bilbo, 1964) Theodoros Mircea Cărtărescuren liburua (Impedimenta argitaletxea) gaztelaniara eramateagatik. Saridunotako bakoitzak 30.000 euro jasoko ditu.
Epaimahaiak aintzat hatu du Xabier Olarrak “euskararen normalkuntzaren eta aberastasunaren alde eginiko ekarpen izugarria, nola hizkuntza corpusari dagokionez hala gizarte bizitzaren esparruetan duen itzal eta estatusari dagokienez”.
Olarrak Igela artgitaletxea sortu zuen 1989an, hainbat lagunekin batera, eta euskarara ekarri ditu, besteak beste, The Postman always Rings Twice, J. M. Cainena (Karteroak beti deitzen du bi aldiz; Elkar, 1983); An Anthropologist On Mars, Oliver Sacksena (Antropologo bat Marten; EHU, 2003); A gyertyák csonkig égnek, S. Márairena, gaztelaniatik eta italieratik (Azken hitzordua; Igela, 2002); eta The Devil’s Dictionary, Ambrose Biercerena (Deabruaren hiztegia; Ibaizabal, 2000). Gainera, hainbat idazleren lanak euskaratu ditu: Ernest Hemingway, Robert Louis Stevenson, Jack London, William Faulkner, J. Thompson, Truman Capote…
2006an, Euskadi literatura saria irabazi zuen, Euskarako Itzulpena modalitatean, Estilo ariketak Raymon Queneauren liburua euskaratzeagatik, eta 2016an ere jaso zuen saria, Ulises James Joyceren eleberria euskaratzeko eginiko bi urteko lanaren emaitzaren goresgarri.
Elkarrizketa
"Umore onez, gogotsu eta pazientzia pixka batekin ekin behar zaio 'Ulises'en irakurketari"
Bestalde, epaimahaiak arrazoi hauek eman ditu Marian Ochoa de Eribek Theodoros Mircea Cărtărescuren lanari egindako itzulpena aukeratzeko: “itzultzaileak lortu dituen zehaztasun, hizkuntza aberastasun eta dokumentazioaren eta iturrien gaineko jakintza, eleberri erabateko bat gaztelaniara eramateko orduan”.
Ochoa de Eribe errumanieratik gaztelaniarako itzultzailea da, eta Literatura Konparatuan doktorea Deustuko Unibertsitatean (Bilbo). Espainiera eta Espainierazko Literaturako irakaslea da Bigarren Hezkuntzako institutu batean.
Errumaniar literatura klasikoko egile nagusien lanak itzuli ditu, hala nola Panait Istrati, Mihail Sebastian, Mircea Eliade, Mircea Cărtărescuren obra osoa, Tatiana Ţîbuleac, Dora Pavel, baita Gianina Cărbunariuren hainbat antzezlan ere.