Agur 'euskal folkaren erreferente nagusia izan den talde handi bati'
Oskorri taldeak 40 urteko ibilbidea amaitutzat eman du. Taldearen azken bira Getxo Folk jaialdian abiatuko da, eta azaroan emango dute azkeneko kontzertua, Arriaga Antzokian, Bilbon.
Talde maitatuaren bideari ikuspuntu ezberdinetatik begiratu dioten eta oskorritarrek bidelagun izan dituzten hainbat pertsonarengana jo dugu, albistea nola hartu duten jakiteko.
Kepa Junkera
Bilbotar trikitilariak une asko partekatu ditu Oskorri taldeko kideekin, Alemanian euskaraz 1984ko diskoan beraiekin batera jotzen hasi zenetik.
Zer izan da Oskorri euskal musikarentzat?
Nire ustez, Oskorri ez da inoiz joango, orain arte egin dutena euskal musikarentzat ?ezinbestekoa eta oinarrizkoa? izan baita.
Musikariontzat, hamaika ate eta leiho zabaldu dituzte euren proposamenek, eta, herritarrentzat oro har, soinu-banda jarri dute hainbaten bizitzetan.
Niretzat pertsonalki, paregabea izan da ondoan izatea: eurek zabaldu zizkidaten estudioetarako eta zuzenekoetarako ateak. Lanean nola jardun diren bertatik bertara ikusi dut, eta inguruko denekin nola portatzen ziren ikusi ere, baita arlo guztiak, den-dena, muturreraino nola zaintzen zuten ere.
Zer etorri zaizu burura haien agurraren berri izandakoan?
Ez dut betiko agur gisa ikusten, beren obra hor dago eta. Jotzeari uzteari dagokionez, denoi helduko zaigu unea, eta datorren bezala hartu behar dugu: ixten diren aroak dira, besterik ez.
Ni ez naiz nekatzen beren diskoak entzuteaz, eta euren abestiekin eta eurekin pasatu ditudan uneekin gelditzen naiz.
Aukeratu haien ibilbideko kantu bat
Asko daude, baina Alemanian euskaraz diskoko bat aukeratuko nuke, beraiekin batera grabatu nuen lehen lana izan baitzen hori. Ez dakit bada nik; ?Furra furra?, ?Tirauki?? Asko maite dut disko hori.
Juan Carlos Perez
Euskal musikariak, Itoiz taldeko abeslari eta gitarra-jotzailea izan zenak, Oskorrik "hutsune nabarmena" utziko duela azpimarratu du.
Zer izan da Oskorri euskal musikarentzat?
Oskorri talde handia izan da, ibilbide eta nortasun nabarmenak izan dituena. Euskal musika bete egin du; izan ere, bere bidea egin duen talde oso interesgarria izan da, eta bide eta hizkuntza propioa eraiki ditu.
Estetikoki gugandik urrun zegoen, baina guretzat eragina izan zen; ez estilo aldetik beharbada, baina bai beste gauza batzuetan.
Zer etorri zaizu burura haien agurraren berri izandakoan?
Pena izan da etorri zaidan lehen sentipena, baina lege naturalari ere erantzuten dio erabakiak: denbora aurrera doa.
Dena dela, hutsune oso handia utziko dute folk munduan, euren proposamena folklore kreatiboa zelako, sortu egiten zuten.
Aukeratu haien ibilbideko kantu bat
Asko daude, eta, nahiz eta oso ezaguna izan, ?Euskal Herrian Euskaraz? esango dut.
Ibon Koteron
Bilbotar albokariak taldeak folk musika publiko guztiei gerturatu ziela esan du.
Zer izan da Oskorri euskal musikarentzat?
Euskal folk musikan, erreferente nagusia izan da Oskorri. Ez dute folk aspergarria egin, baizik eta guztiok entzuteko moduko folk eguneratua, eta ezingo genuke ulertu euskal folk musika Oskorri gabe.
Zer etorri zaizu burura haien agurraren berri izandakoan?
Egia esan, oraintxe jakin dut, eta hemen nabil, Interneten-eta, gehiago jakin guran.
Aukeratu haien ibilbideko kantu bat
Asko daude, jakina, baina In fraganti diskoko bat esango nuke, lan hori bereziki gustatzen baitzait; ?Martin Galox?, esaterako.
Josu Camara (Kukubiltxo)
Kukubiltxo antzerki taldeko kidearen hitzetan, "bizirik" jarraituko du Oskorrik.
Zer izan da Oskorri euskal musikarentzat?
Euskal munduari kantu tradizionalak eta kantu berriak arnasteko aukera eman dio Oskorrik. Adin guztietako lagunek disfrutatzeko moduko lana egin dute.
Zer etorri zaizu burura haien agurraren berri izandakoan?
Nostalgia eta pena puntu bat utzi dit albisteak. Kukubiltxon urte asko egin ditugu Oskorrikoen ondoan: gure artean maitasun harreman baten modukoa sortu zela esaten genuen: erlazio pertsonala beroa eta sendoa zen, taldekide guztiak kalitate handiko pertsonak direlako.
Desagertuko ez den proiektu bat bezala ikusten dut eurena, herriak behar duen proiektua delako. Markatu dituzten doinuek eta egiteko moduek iraun egingo dute bai gure barruan bai belaunaldi berrientzako jarduera eredu gisa ere.
Oskorrik bizirik jarraituko du.
Aukeratu haien ibilbideko kantu bat
?Gaztelugatxe" dut gogokoenetako bat, milaka unetan lagundu didalako. Hozkirria sortzen dit kantu horrek bereziki, nahiz eta beste asko ere sarritan izan ditugun lagun.
Jesus Cifuentes, Cifu (Celtas Cortos)
Celtas Cortoseko abeslari eta konposatzaileak 80ko hamarkadaren erdialdean ezagutu zuen euskal taldea, eta, harrezkero, gertu-gertutik jarraitu du haien ibilbidea, taldeak ?Introversiones? diskoan ?Aita-semeak? kantuaren moldaketa bat sartuta erakutsi zuen bezala.

Nola ezagutu zenuen Oskorri?
Duela urte piloa ezagutu nituen, 80ko hamarkadaren erdialdean. Ni folk musikaren atetik sartu nintzen musikara, Salamancako gaita eta daborila jotzen nituen, eta asko interesatzen zitzaidan estilo hori eta haren inguruko guztia: lurrarekiko lotura, erregionalismoa?
Bide horretan agertu zen Oskorri; nire musikarako lehen iturburuetako bat izan ziren.
Garai hartan, Calderon Valladolideko antzokira etorri ziren, eta zirraragarria izan zen emanaldia. Harrezkero, haien ibilbideari adi egon naiz, eta kantuak ere ikasi ditugu, errepikatu eta errepikatu.
Nola hartu duzu agurraren albistea?
Egia esan, ez dut albistea neureganatzeko astirik izan. Beren arrazoiak izango dituzte, seguru: urte askoko ibilbidea da.
Baina pena ematen dit: asko eman didate musikaren ikuspegitik. Oso musikari finak dira, maila handikoak, eta soinu berria eman diote musika tradizionalari.
Gogorra da, inori ez baitzaio gustatzen atsegin duen hori bukatzea, baina neuretzat ere nahiko nuke 45 urteko ibilbidea maila horretan, dotorezia horrekin, bukatu. Harro egon daitezke oso.
Beren errepertorioko zein kantu aukeratuko zenuke?
?Aita-semeak? aukeratuko nuke. Hitzak oso gertukoak iruditzen zaizkit, eta horixe hautatu genuen gure bertsio diskoan sartzeko. Gure musikaren iturburuei egin genien omenaldia da disko hori, eta Oskorri bertan egon behar zen.
Zure interesekoa izan daiteke
"Hasiera bat" diskoaren birako azken kontzertua eman du Gorka Urbizuk, Victoria Eugenia Antzokian
Gorka Urbizuk igande honetan eman du "Tour Bat" biraren azken kontzertua, Victoria Eugenia Antzokian (Donostia). Lekunberriko musikariak 4 kontzertu eskaini ditu Donostiako antzoki horretan, eta sekulako harrera eta berotasuna jasota, denetan agortu ditu sarrera guztiak. Igandeko kontzertua ikusgai izango da oso osorik ETBn.
Eñaut Elorrieta eta Alos Quartet “Ahots kordak” prestatzen ari dira, kontzertu bakanen sorta
Estreinakoz, Eñaut Elorrietak eta Alos Quartetek kontzertu sorta bat emango dute: "Ahots kordak". Taldea sinplea eta eraginkorra izango da: soka laukote bat, ahotsaz osatua. Bidaia musikal honen lehen geldialdia Tolosan izango da, urtarrilaren 3an. Gasteizen, Zornotzan eta Donibane Lohizunen arituko dira gero.
Euskal Herria, Ekialdea eta Mendebaldea lotu nahi dituen jaialdi hegokorear baten egoitza
Bakea, identitatea eta gizatasuna sustatu nahi dituen jaialdiaren kontzertu nagusia astelehenean, azaroak 17, izango da, Guggenheim museoan. Hego Koreako musikariak arituko dira, Gorka Hermosa, Garikoitz Mendizabal eta Josu Okiñena musikariekin batera.
Bad Bunny eta Ca7riel eta Paco Amoroso argentinarrak, garaile Latin Grammy sarietan
Bad Bunny izar handia eta gaur egungo bikote argentinar ospetsuena, Ca7riel eta Paco Amoroso, izan dira sari gehien irabazi dituztenak, urrezko bosna gramofono jaso baitituzte. Karol G-k abesti onenaren saria irabazi du "Si antes te hubiera conocido" lanarekin, eta Alejandro Sanzek ezustekoa eman du bi gramofono eskuratuta.
Neomak: "Beldurrek eragiten dizkiguten zalantzei abestu diegu"
Euskal folklorea eta elektronika uztartzen dituen proiektua laukote bilakatuta dator "Lazturak orbain" bigarren diskoa aurkezteko. Alaitzek, Garazik, Iratik eta Leirek, nolanahi den, Etxahun Urkizu (bateria) eta Eider Villalba (teklatua eta ahotsak) musikarien laguntza izango dute zuzenekoetan. "Orbainak ezkutatu beharrean, erakutsi nahi izan ditugu", esan diote Asier Otegui kazetariari "Egun On" saioan, "eraldaketa agerian utzi; indargune direla azpimarratuz, ahultasun gisa hartu beharrean, hausturak eta konponketak historiaren parte baitira".
"Kanthoria eta Auto-tunea", euskarazko musikaren historia entzungai eta ikusgai, Bilbon
Azaroaren 6tik abenduaren 4ra, Bilboko Abando Udaltegiak "Kanthoria eta Auto-tunea" Musika Bulegoak paratutako erakusketa hartuko du. Xabier Erkizia ikertzaile eta soinu-sortzaileak komisariatu du erakusketa, eta bidaia bat proposatzen du ahozko tradizioan jasotako lehen kantuetatik hasi eta musika sortzeko forma hibrido eta digital berrietara arte. Erakusketak material dokumentalak, irudiak eta entzuteko gailuak konbinatzen ditu. Musika; Bereterretxeren khantoria (Kalakan + Euskadiko Orkestra), Bertso Hop (Negu Gorriak), Tesla bat sutan (Merina Gris + Gorka Urbizu).
Bigsound jaialdi berriak Myke Towers, Juan Magan, Omar Montes eta Ben Yart eramango ditu Barakaldora
Valentzia, Sevilla eta Pontevedran ere egiten den jaialdia Ansioko azoka eremuan, Barakaldon, egingo dute 2026ko uztailaren 3an eta 4an, Euskal Herrian lehenengoz.
Iñigo Etxezarreta: "Disko berri batekin eta aurkezpen ekitaldi berezi batekin gatoz bueltan"
Urtebeteko "atseden kreatibo" baten ondoren, Iñigo Etxezarretak (ETS) taldearen itzuleraz hitz egin digu, disko berriaz (Konkista, abenduaren 5ean salgai) eta lan horren aurkezpen jai bereziaz: azaroaren 30ean izango da, Gasteizko Buesa Arena pabiloian.
Euskadiko Orkestra, 132 abeslari ez-profesionalen bila
Abestu Euskadiko Orkestrarekin ekimenaren bigarren edizioan izena emateko epea abenduaren 4ra arte egongo da zabalik. Kontzertuak martxoan izango dira, Bilbo, Donostia eta Iruñean, eta izena ematen dutenek “gutxieneko musika prestakuntza izan eta partiturak irakurtzen jakin beharko dute”.
Bulego eszenatokietara itzuliko da 2027ko martxoaren 6an, Bilbao Arenan
Euskaldunan hiru kontzerturekin bira amaitu ostean, atseden hartuko du 2027ra arte. Sarrerak azaroaren 13an (komunitateko kideentzat) eta 14an (gainerakoentzat) jarriko dira salgai.