Juan Diego Flórez, Sokolov eta Juanjo Mena, Donostiako Musika Hamabostaldian
Donostiako Musika Hamabostaldiak abuztuaren 2tik 30era Kursaal Auditorioan eta Victoria Eugenia antzokian izango diren kontzertuak aletu ditu gaur, ostegunarekin.
Jaialdiaren 87. Edizioko Kursaaleko programazioa abuztuaren 2an abiatuko du Juan Diego Flórez tenor perutar handiak, Vincenzo Scalera pianistak lagunduta, Italiako eta Frantziako opera, zarzuela eta musika hegoamerikarreko piezekin eraikitako programa batean.
Abuztuaren 6an, Daniel Harding Hamabostaldira itzuliko da Mahler Chamber Orchestra zuzentzeko, Daniil Trifonov pianistarekin batera. Pianistez ari garela, Grigory Sokolov abuztuaren 13an itzuliko da jaialdira, eta Beethoven eta Schuberten obrak interpretatuko ditu.
Abuztuaren 19an, Euskadiko Orkestrak, Bilbao Orkestra Sinfonikoak, Donostiako Orfeoiak eta Easo Abesbatzak Berliozen Hildakoen Meza Handia, Requiem, interpretatuko dute, Erik Nielsen BOSeko titular ohiaren zuzendaritzapean, eta John Matthew Meyers tenorra bakarlari dela.
Abuztuaren 22an The Constellation Choir & Orchestra ariko da Donostian, Brahmsen Patuaren kanta eta Mendelssohnen 2. Sinfonia, Lobgesang, jotzen; abuztuaren 25ean eta 26an, Seoul Philharmonic Orchestraren bisita bikoitza jasoko du jaialdiak, eta abuztuaren 29an eta 30ean Milango Scalako Orkestra Filarmonikoa eta Riccardo Chailly arituko dira.
Arriaga harrigarria, Juanjo Menaren eskutik
Victoria Eugenian, abuztuaren 12an, Juan Crisostomo Arriagaren heriotzaren bigarren mendeurrena gogoratuko duen kontzertua izango da, Arriaga harrigarria izenburupean. Juanjo Menaren gidaritzapean (gasteiztarrak aurtengoak bere azken kontzertuak izango direla iragarri du), Euskadiko Orkestrak bilbotar jenio goiztiarraren obra ezagunenetako aukeraketa bat interpretatuko du: "Los esclavos felices" —Obertura, Sinfonia re maiorren, Stabat Mater, O Salutaris Hostia eta Obertura re maiorren.
AGURRA
Juanjo Menak agur esango dio publikoari aurten
Gasteizko orkestra-zuzendariaren aurtengo kontzertuak “podiumetik” egingo dituen azkenak izango dira, eta egindako bidea gogoratu nahi du berorietan. Alzheimerra detektatu ziotela iragarri zuen 2025eko urtarrilean.
Gainera, abuztuaren 17an, Eva Yerbabuenak eta bere konpainiak Yerbagüena (ilun distiratsua) ikuskizuna eramango dute Victoria Eugeniara.
Gainera, 87. Musika Hamabostaldian ziklo hauek egongo dira: Antzinako Musika eta Ganbera Musika San Telmo museoan; Organo Zikloa, Musika Garaikidea, Tabakalera Dantzan, Interprete Gazteak, Musika Aitzaki, Inaugurazio Eguna eta Haurren Hamabostaldia
Sarrera solteen salmenta orokorra maiatzaren 19an hasiko da.
Zure interesekoa izan daiteke
Lau artistak Ed Sheeranen bira utzi dute Macklemoreri elkartasuna adierazteko