Nerea Erbitik, Arturo Reverterrek eta Benito Lertxundik jasoko dute Donostiako Orfeoia-EHU saria
Benito Lertxundi da saridunetako bat
Donostiako Orfeoiak eta Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) Donostiako Orfeoia-EHU sariaren XXV. edizioan Nerea Erbiti, Arturo Reverter eta Benito Lertxundiren ibilbideak ospatuko dituztela iragarri dute. Uztailaren 10ean, ekitaldi bat egingo dute, 17:00etan,
Donostiako Miramar Jauregian, EHUko Uda Ikastaroen baitan.
Nerea Erbiti Larralde ikertzailea Musika ikerketa sustatu eta bultzatu izeneko kategorian saritu dute aurtengo edizioan, Afinazio neutroa euskal kantu monodikoetan: Lehen Mundu Gerra garaian (1916-1917) Alemanian euskal presoei egindako grabazioen azterketa lanagatik. Halaber, epaimahaiak Arturo Reverter musika kritikariaren eta Benito Lertxundi kantariaren ibilbidea goraipatu ditu, “musikaren garapenari eta hedapenari egindako ekarpen jarraitua” aitortzeko.
Uztailaren 10eko ekitaldiaren amaieran, Donostiako Orfeoiak errepertorio tradizionaleko hainbat lagin eskainiko ditu.
Zure interesekoa izan daiteke
Lau artistak Ed Sheeranen bira utzi dute Macklemoreri elkartasuna adierazteko